Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Gorka Aranberri
Urdaibaiko patroia

«Sasoi batean talde guztiek dituzte gorabeherak, eta horiek kudeatzen jakin behar da»

Iaz 'Bou Bizkaia' ontziarentzat irabaztea «nahitaezkoa» bazen, aurten helburua pasa den denboraldian lortutakoa «berdintzea» da, Aranberri (Zarautz, 1987) Urdaibaiko patroiaren hitzetan. 19. sasoia egingo du ACT ligan, eta gutxiren eskuetan dagoen palmaresa du: lau liga eta zazpi Kontxako Bandera.

Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Zarauzko hondartzan.
Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia Zarauzko hondartzan. (Jon URBE | FOKU)

Azken urteetan «asko gozatzen» eta «bideaz disfrutatzen» ari da Gorka Aranberri lemazaina. Iaz Eusko Label liga eta Kontxako Bandera irabazi zituen Urdaibairekin, eta aurten ere espero du hori lortzea, nabarmenduta «udaran itsasoak bakoitza bere tokian jartzen» duela. Kateatu dituen lorpenei ez diela «begiratzen» aitortu du, «bideari» baizik.

2017an Oriorekin irabazi zuen Kontxako Bandera «beti gogoratuko» duen zerbait da, azkena izan zelako, eta «erakustaldia» eman zutelako. Etorkizunean ez du ikusten bere burua joan-etorriak egiten; bai, ordea, «agian» etxe inguruko traineru batean.

Nola doa denboraldiaurrea?

Nahiko sentsazio onak izan ditugu. Hasieran berandu hasi ginen pasa den denboraldia nola joan zen ikusita, aurreko postuetan egoteko estres dezente izan baitgenuen estropada guztietan, eta entrenatzaileak atseden hartzeko astebete gehiago eman zigun. Inoiz baino beranduago hasi ginen entrenatzen, azaro bukaeran hain zuzen ere, eta pixka bat kostatu zaigu taldeko dinamika hartzea. Izan ere, igandetan ez gara uretara joan urte berrira arte, eta talde osoa elkartzea kosta egin zaigu.

Alde horretatik, Urdaibai oso talde arraroa da, kanpoko jende asko gaudelako, eta konfiantza hori izan behar duzulako bakoitzak bere kabuz ondo egingo duela lana. Hasiera pixka bat zaila izan da, baina behin martxa hartuta, entrenamendu oso onak egin ditugu, eta gustura gaude orain arte egindakoarekin.

19. denboraldia egingo duzu ACT ligan. Nola aurre egingo diozu sasoi honi?

Urte guztietan hasiera diferenteak izaten dira. Urtea bukatzen duzunean buruak deskantsu pixka bat eskatzen dizu familiarekin egoteko. Gainera bi alaba ditut, eta emaztea haurdun dago. Zaila da erabakia hartzea, badakizulako urte osoan zehar zein lotuta ibiliko zaren. Baina behin hasita, ilusioarekin ekiten diozu. Azken bi urteetan, bai Santurtzin bai Urdaibaien, asko gozatzen ari naiz, baita entrenamenduetara joaten ere. Bideaz disfrutatzen ari naiz, eta egia esan erabakia hartzea ez zait asko kostatu familiaren laguntza dudalako.

Nola eramaten dituzu entrenamenduetako joan-etorriak? Jada ohituta egongo zara baina...

Ohituta gaude, baina gogorra egiten da. Goizean goiz zazpietako lanean sartzen naiz, etxera joaten naiz bazkaltzera ordu erdi familiarekin egoteko, baina gero lanetik atera eta zuzenean Bilbora edo Bermeora joaten gara entrenatzera. Berandu iristen zara etxera, familiari orduak kentzen dizkiozu, etxeko lanetan ezin duzu gehiegi lagundu, eta gogorra da, etxean geratzen denak jasan behar duelako dena.

Neguko traineruen jaitsieratan parte hartu duzue. Azkena Orion izan zen eta irabazi egin zenuten. Zer sentsazio izan dituzue?

Sentsazio onak izan ditugu; Pedreñakoan, Castrokoan eta Oriokoan izan gara. Pixkanaka joan gara gure maila igotzen, eta entrenamenduetan hartzen joan garen maila estropadetan kalkatzen. Alderdi horretatik gustura gaude, entrenamenduetan egiten duzuna zaila izaten delako estropadetan islatzea. Taldea oso ondo ari da entrenatzen, eta ikusten da arraunlari bakoitzak egin dituela bidalitako etxeko lanak.

«Zabalak badaki esku artean talde ona izan arren, ezin duela ezer ezkutatu eta estropada guztietan irabaztera joan behar duela»

Iaz multzoan aldaketak egon ziren arren, Liga eta Kontxako Bandera irabazi zenituzten. Nolako urtea izan zen?

Obligaziozko urte bat izan zen. Urdaibai oso ondo ez ibiltzetik zetorren, ezer ez irabaztetik. Azkeneneko urtea oso txarra izan zen, eta Urdaibai azkeneko hamabost-hogei urteetan puntako taldea izan da, irabazi dituen Kontxa eta liga kopuruengatik. Beraientzako urte bat ezer irabazi gabe egotea porrot bat zen. Entrenatzailea eta arraunlariak aldatu ziren, apustu handi bat egin zen arraunlari onak fitxatzeko, eta Santurtzitik sei joan ginen. Seiak liga eta Kontxa irabazitakoak, eta paperaren gainean jartzen zuen dena irabazi behar genuela. Presio puntu horrekin geunden, baina ondo eraman genuen. Liga ez genuen nahi bezala hasi, bagenekielako gure eragozpena zein zen; hasieran harrobiaren afera horrekin pixka bat baldintzatuta geunden, baina gure maila erakutsiz gero, bagenekien ondo ibiliko ginela. Liga ondo ez hasita ere, Hondarribiak eduki zuen akats larriarengatik lehenengo postuan jarri ginen eta horri eutsi genion.

Ikusita iaz izan zenuten lehia Hondarribiarekin, aurten ere berdina espero duzue?

Bai, Hondarribian arraunlari gutxik utzi dute taldea, eta utzi dutenen hutsunea ondo indartu dute etorri direnekin. Guk ere iazko multzoa mantendu dugu, eta arraunlari onekin indartu gara, baina ikusi egin behar gertatzen dena. Udaran itsasoak bakoitza bere tokian jartzen du. Hondarribiak azken urteetan ez du hutsik egin eta beti hor aurrean ibili da, baina baita gu ere. Beraz, gauzak ondo egiten baditugu, aurrean ibiliko gara.

Iaz «nahitaezkoa» bazen irabaztea, aurten ere hala da?

Aurten helburua berdina da: pasa den denboraldian lortutakoa berdintzea. Eta berdintzeak esan nahi du liga eta Kontxa irabaztea, eta ahal bada ligan iaz baino estropada gehiago irabaztea. Erraz esaten da, orain bost segundotan esan dizut, baina hori egiteko zorte puntu bat behar da, eta gauza guztiak ondo atera behar dira. Denboraldi batean talde guztiek dituzte gorabeherak, eta horiek kudeatzen jakin behar da, sasoia luze joango baita. Ilusioarekin gaude, badakigu zer lortu nahi dugun, jende profesionala gara, eta uste dut lanak ondo egiten baditugu hor ibiliko garela berriro ere.

Iker Zabala da entrenatzailea. Harekin egon zinen Santurtzin (2021) eta orain Urdaibain. Nolakoa da Zabala?

Ideiak oso argi dituen entrenatzaile bat da, inoiz ezkutatzen ez den horietakoa. Berak badaki esku artean talde ona izan arren, ezin duela ezer ezkutatu eta estropada guztietan irabaztera joan behar duela. Onenak ipiniko ditu ontzian, eta gainera, hamahiru arraunlarirekin ibili behar baldin badu udara guztian, hala egingo du. Baina badaki udara guztian irauteko talde zabal bat behar duela, eta denon laguntza behar duela liga bat irabazteko. Arraunlari moduan oso anbiziotsua zen, eta entrenatzaile moduan bere izaera mantendu egin du. Hori transmititzen du, taldea bere ideiekin kutsatzen du, eta azkenean horrek ematen dio entrenatzaile onaren ospea.

Zuk esan duzu azken hamabost-hogei urteetan Urdaibai gorengo postuetan egon dela. Urtero onenen artean egon beharra, nola eramaten da? Zu ohituta egongo zara...

Badakizu irabazteko asko sakrifikatu behar duzula; elikadura, entrenamenduak, orduak... eta gero irabaziko duzu edo ez duzu irabaziko. Nik zortea izan dut talde onenetan egon naizela eta irabazi egin dudala. Hasten garenean badakigu zein sakrifizio egin behar dugun ondo iristeko, eta irabazteko mailan egoteko, eta gehiena hori kostatzen da. Udaran pasatzen duguna, gosea ez dizut esango, baina ondo zaindu behar hori, ezin duzula lagunekin ez dakit nora joan eta zerbeza pare bat hartu... Halako sakrifizioek egunero-egunero nekatu egiten dute, eta badakizu ondo egoteko bide hori eduki behar duzula, beste bide bat hartzen baduzu niri behintzat ez dit balio izan.

Hori kostatzen da gehiena, baina behin dinamikan sartzen zarenean, eta gainera emaitzak laguntzen dizutenean, egindako lanak indartu egiten zaitu, eta aurrera segitzeko indarra ematen. Izan ere, imajinatu sakrifizio igualak eginda, irabazteko lehian ez zaudela edo zuk nahi dituzun helburu horiek ez dituzula lortzen, azkenean askoz ere lehenago amore ematen duzu.

Pisua zaintzearena aipatu duzula, udara hurbiltzen doan heinean, gogorra al da egunerokoa?

Bai, egun batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Udarako deskantsu egun batean terraza batera atera eta zerbeza pare bat hartuko zenituzkeen gustura, baina pentsatzen egon behar duzu hurrengo egunean entrenamendura joan behar duzula, eta ezin duzula pisuz pasata joan, entrenamendu hori ez delako kalitatezkoa izango. Izan ere, entrenamendu onak egiteko, ibili behar zara lehiatzen ibiliko zaren antzeko pisuan. Azkenean entrenamenduetatik kanpo ere, burua 24 orduz arraunean duzu, baita lanean ere. Esaterako, lankideak ekarritako palmera opil bat ezin duzulako jan. Tarteka jaten dut bakarren bat, baina zaintzen egon behar duzu denbora guztian, baita etxera iristerakoan ere. Gogorra egiten da, baina badakizu zein den bidea eta horri heldu behar diozu.

Palmares bikaina duzu arraunean: zazpi Kontxako Bandera eta lau liga. Baduzu horietatik kutunen bat?

Urte bakoitzean bizitzen duzuna desberdina da. Aurrenekoa lehena izan delako, bigarrena errekorra hautsi genuelako, hirugarrena atzetik hasi eta aurrea hartu genuelako, laugarrena Oriorekin irabazi nuelako eta erakustaldia eman genuelako... bakoitzak bere xarma du. Beti gogoratuko den zerbait da Oriorekin irabazitako Kontxako Bandera; azkena izanagatik, eta irabazi genuen moduagatik. Estropada horretan bi taldek errekorra hautsi zuten lehen igandean; Urdaibaik eta Hondarribiak, eta bi horiei irabazteko egunak honela izan behar zuen; sekulako itsasoa eta gauzak ondo ateratzea, eta dena atera zen gidoian idatzita zegoen bezala. Jende askoren oroitzapenean geratuko da, baita nirean ere.

«Hasten garenean badakigu zein sakrifizio egin behar dugun ondo iristeko, eta irabazteko mailan egoteko, eta gehiena hori kostatzen da»

Kontxako Bandera gehien irabazi dituena Manuel Arrillaga Aita Manuel da. Pasaitarrak bederatzi dauzka, eta zu zaude atzetik zazpirekin. Ilusioa egingo lizuke hari pasatzea?

Ez diot begiratzen kopuru horri. Garai haietan pentsatzen dut berea kostatuko zitzaiola Kontxak irabaztea; edozein tokitan auzo batean kaniketan irabazten duenak bezala, bakarrak irabazten du eta irabaztea beti da zaila. Bere garaian egindako gauza bat da; bere merituekin irabazitakoa, bere taldearekin, eta ez diot gehiegi erreparatzen. Nik nire bideari begiratzen diot; azken urteetan asko gozatzen ari naiz, eta aukera dudan bitartean horrela jarraituko dut. Irabazten dudala? Palmareserako beste bat gehiago, eta pasatzen baldin badut ondo, berdintzen badut ere, eta ez baldin banaiz iristen, bigarren egongo naiz, eta baten batek nire izena pasatu beharko du egunen batean bigarrena izateko. Anekdota hutsa da, polita da ikusita Kontxak duen historia luzean nire izena hor egotea, eta ilusioa egingo zidan nire izena aurreneko postuan ikusteak, baina ez diot horri begiratzen.

Zer du patroi batek berezkoa eta zer ikasi beharrekoa?

Berezkoa izaera da, eta hori ere landu egiten da. 16 urterekin hasi nintzen traineruan senior mailakoekin, eta haiei nola aginduko diezu? Izaera mantentzen duzu, baina konfiantzarekin baldin bazaude izaera hori gehiago erakusten duzu. Eta nik badakit nire izaera 16 urterekin eta orain antzekoa dela, baina orain gehiago erakusten dut ontziko beteranoetako bat naizelako eta lehenago ez.

Gero beste guztia ikasi behar da. Taldeak zuri erakusten dizu, zuk ikasi egiten duzu, keinu batzuk hartzen dituzu, eta entrenamenduetan egunero ikasten duzu zerbait. Taldea ere ezagutu behar duzu, arraunlari desberdinak baitaude; ezin diozu bati errieta egin eta beste bati loreak bota. Bakoitzarekin jokatu behar duzu duen izaeraren arabera. Hori esperientziarekin eta denborarekin ikasten da.

Urte asko daramatzazu arraunean. Zer eman dizu?

Bizitzako arlo guztietan erakusten dizu zerbait: diziplina, ordutegi bat, zure onena ematea... eta hori azkenean lantokian eta familiarekin zaudenean modu naturalean ateratzen den zerbait da. Kirolaria izan denak badaki zer eman dion kirolak, eta punta-puntan ibili den batek oso diziplinatua izan behar du, lan asko egin behar duelako. Eta hori bizitzako arlo guztietara zabaltzen da.

Eta kendu? Denbora agian?

Kendu denbora asko, baina ez da obligazioz egiten duzun zerbait. Familiarekin bai kentzen dizula denbora, baina balantzan jarri behar duzu denboraldi hasieran familiarekin galduko dituzun orduak eta entrenatzen pasako dituzunak. Egunak 24 ordu beharrean 48 izango balitu askoz hobeto, entrenatzeko eta familiarekin egoteko denbora izango nukeelako. Nik ez nuke esango kentzea denik, baizik eta denbora hori beste zerbaitetan igaro dudala. Familia ere nirekin dago estropadaz estropada; garaipenekin disfrutatzen eta irabazten ez dugunean mimatzen. Azkenean bizitzeko era bat da.

Luzaroan ikusten duzu zeure burua arraunean?

Urtetik urtera noa. Aurten asko kostatu zait banekielako emaztea haurdun zegoela, eta udaran lanak edukiko ditugula etxean, baina asko eztabaidatuta eta hitz eginda, bide bat aukeratu dugu eta saiatuko gara ahalik ondoen eramaten. Eta gero ikusiko da, ezin bada eraman, urtea bukatuko dut hitza eman dudalako, baina aurrera begira ikusiko dugu zer gertatzen den. Etorkizun batean ez dut ikusten neure burua joan-etorriak egiten eta kanpora bidaiatzen. Etxe inguruko talde batean, ordea, agian bai. Baina orain denboraldi honetan dut jarria arreta osoa, eta hori amaitzean familiari neurria hartuko diot berriz, eta ikusiko da.