NAIZ

San Pedroko urek traineruen test berri baten lekukoa hartuko dute larunbat honetan

Arratsaldeko 16.30etik aurrera, Pasaiako uretan 53 ontzi arituko dira, hiru mailatan banatuta: jubenilak/beteranoak, emakume seniorrak eta gizonezko seniorrak. Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak bertan egongo dira.

Oriako Jaitsiera izan da orain arte traineruek egin duten azken testa.
Oriako Jaitsiera izan da orain arte traineruek egin duten azken testa. (Jon URBE | FOKU)

Aste gehiegi pasatu dira Orioko urek Oriaren Traineru jaitsiera hartu zutenetik. Bertan Urdaibai, gizonetan, eta Orio, emakumeetan, izan ziren garaileak. Lehenago, beste test batzuk egin zituzten: Hondarribiako Jaitsiera, Portugaletekoa, Sestaokoa edota Castrokoa. Baina larunbat honetan, uda denboraldiari begira, beste test garrantzitsu bat izango dute ontziek: San Pedrokoa, alegia.

16.30etik aurrera, 53 traineruk hartuko dute parte bi luze eta ziaboga bat izango duen arraun eremuan. Hiru mailatan egongo dira banatuta: jubenilak/beteranoak, emakume seniorrak eta gizonezko seniorrak.

Azken hauek osatzen dute zerrendako gehienak; izan ere, 30 traineruk hartuko baitute parte. Eusko Label Ligako ontzi indartsuenak bertan arituko dira: Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Getaria, Kaiku, Zierbena, Ondarroa, Santurtzi eta Isuntza. Beste mailetan arituko diren San Pedro, Meira, Pedreña, Arkote, San Juan, Zarautz, Castreña, Zumaia, Camargo, Busturialdea, Lapudi, Cesantes, Hibaika, Mutriku eta Astillero ere arituko dira arraunean. Eta baita klub batzuen bigarren taldeak ere; hala nola, Hondarribia B, Orio B, Donostiarra B, San Juan B eta Ondarroa B.

Emakumeen estropadak hamar ontzi izango ditu, orden honetan aterako direnak: Kaiku, Hernani, Zarautz, Zumaia, Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea.

Eta jubenilek eta beteranoek osatzen duten txandan, beste 13 traineru arituko dira, orden honetan: Ibaialde B, Bilbo B, Badok B, Trintxerpe, Cesantes, Endaika, Ibaialde A, Sestao, Bilbo A, Zumaia, Mundaka, Badok A eta Fortuna.