Ernairen sorrera eta Urduñan egindako Gazte Danbada ezin dira modu bereizian ulertu. Horregatik, tximeleten metaforarekin lotzen du Gotzon Elizburu garaiko bozeramaileak garai hura, ‘Tximeletak metamorfosian’ dokumentalari erreferentzia eginez.
Tximeleta lehendabizi beldarra izan zen, gero tximeleta bihurtuko den izaki oskolduna. Segi oskolduta bizi zen errepresioaren eraginez azken urteetan, desitxuratutako tresna eta gorputz bat zen, eta Danbadarekin batera, eraldatzeko grinarekin batera igaro zen Ernai sortu, tximeleta izan eta hegoak astintzera. Antolakunde berriaren lehen ekimena izan zen, gizartera plazaratzeko momentua.
Bost urteren ondoren, berriro ere udaberriko ekimena antolatu zuen gazte antolakundeak Urduñan, eta 7.000 gazte batu ziren bertan. Berriro ere etorri ziren akanpalekuak, karpa handiak, begi zuloak eta mundua konpondu nahi duten elkarrizketa amaigabeak.
«Si no os dejan soñar, no les dejeis dormir» oihukatu zuen larunbateko ekitaldi nagusian Periko Solabarriak. Bertaratu ziren gazte gehienek gogoratuko dituzte gerora ere nekaezina den borrokalariaren hitzak. Elizburuk ere hartu zuen hitza karpa handian, eta horrela gogoratzen du berak ere: «Ekitaldiko puntu gorena izan zen, 80 urte baino gehiagoko pertsona heldu bat halako indarrarekin, umore puntu batekin, oso borrokalari hizketan». Gainera, azken orduko erabakia izan zen eta asmatu zutela pentsatzen du. Ekitaldi horretatik hasi, eta luze jo zuen gazteen eta Solabarriaren harremanak, Txalapartarekin batera liburu bat idatzi zuten 2017. urtean. Bertaratutako gazteentzat opari bat izan zen Periko zuzenean entzun ahal izatea, baina oraindik ez zekiten ezkutuko helburu bat zuela hitzartze hark, aipaturiko liburua idazteko Solabarriak baiezkoa emateako amua ziren gazteak.
«Ekitaldiko puntu gorena izan zen, 80 urte baino gehiagoko pertsona heldu bat halako indarrarekin, umore puntu batekin, oso borrokalari hizketan»
Antolakunde berri bat, garai berri batentzat
Berezia izan zen ekimena, berezia zelako testuingurua ere. «Oraingo gazteentzat sinesgaitza izango den arren, guretzat amets bat betetzen ari ginen kontu txikiekin: izen-abizenak eta aurpegia zuten bozeramaileak genituen; egoitza publiko propioak; telefonoak erabili genitzaken edota sare sozialen bidez gure komunikazio kanalak zabaltzea amets bat zen guretzat». Azken batean, horrenbeste urte ilegalizazioen eta errepresioaren ilunean igaro ostean, «plazara» jauzi egin eta jardun publiko bat izatea amets bat zen orduko gazteentzat.
Testuinguru politikoarekin lotuta zegoen grina hori ere, Ezker Abertzalea estrategia aldaketa gorpuzten ari zen, ziklo independentista berri bat abian jartzeko motorrak berotzen. Nazioartera begiratuta, Kataluniako prozesuaren zimenduak ere orduantxe ari ziren ereiten eta Eskozia agenda politikoan kokatzen ari zen. Oraindik ikusgarria ez bazen ere, Gure Esku Dago dinamikarako sukalde lanetan zebiltzan hamaika herritar, eta 2014ean hain arrakastatsua izango zen giza katea mahaigainean zegoen sukalde barruetan. Ilusioa eta grina elkartu ziren garaia zela pentsa daiteke, baina bazuen bere «B aldea» ere. Negoziazio prozesua blokeo egoera batean zegoen, garai hartan kanporatu zituzten Norbegiatik ETAren mintzakideak urte betez egon ziren Espainiako Gobernuaren zain negoziaketei heltzeko: armagabetzeari eta preso politikoei. Tentsio bat nabari zela du akorduan Elizburuk, «ziklo bat ireki nahia zegoen, baina zaharra itxi ezina».
Aldaketa eta eraldaketa tximeletaren metamorfosian beti presente egon ohi diren ekintzak dira. Egitarauko kartela izaten da horren adierazgarri. ‘Pantojismoa eta feminismoa’, ‘xamurtasun tailerra’, ‘zirku tailerra’, ‘Ipar Euskal Herriko gazteria’… izenburuak aurki daitezke 2013koan. Batzuk urtero errepikatu ohi direnak, baina baita lehen aldiz irakurriko zirenak ere. xamurtasun tailerraren arrakasta gogoratzen du soraluzetarrak, «lehen egunerako genuen antolatuta, eta jende askok ezin izan zuenez parte hartu, hiru egunetan egin genuen azkenean». Feminismoaren isla izan zen egitarauan nabarmentzeko beste elementu bat; Ernai izan baitzen Ezker Abertzaleko lehen antolakundea bere proiektu politikoan feminismoa gehitzen, eta praktika feministak mahaigaineratzen.
Egitarau oparoaren erdian, geldiune bat egin behar izan zuten, halere. Xabier Lopez euskal presoa espetxean hil baitzen. Tristura eta amorrua gailendu zen Urduñan, eta bertatik ere erantzun beharra sumatu zuten gazteek, mobilizazioa egin zuten bertako kaleetan zehar. Eta gudariei egindako ekitaldi entzutetsuan ere izan zuen bere tokia. Maialen Etxeberria bozeramailearen eskuetara arrano batek eraman zuen mezua oroimen ekitaldian, sortzailetasunaren beste adibide bat.
Berpentsatu eta berritu
Garaiko kroniketan arakatuta, DJ gunea ezin da aipatu gabe utzi, han eta hemen aipatzen baita. Erreprimitutako «Guilty pleasures» delakoak argitara ekartzeko balio izan zuela kontatzen du bozeramaile ohiak: «Ordura arte musika elektronikoa, eta pop-a eta horrelakoak musika antipolitikotzat kontsideratzen ziren, aurreiritzi hori genuen, gure kultura politikoa oro har asko lotzen zen rockarekin, pisu handia dutelako hor letrek». Baina hala ere, beraien anbizioari eutsi eta, anitza zein zabala den eskaintzarekin jarraitzea erabaki zuten.
Kontzertuetako gau luzeen ostean, akanpalekuan bere kanping denda aurkitu ezinik ere ibili zen baten bat. Akanpalekuko partzelen izenak aurreko topaguneak ospatu ziren herrien izenak ziren: Kanbo, Oiartzun, Etxarri… bakarren bat gogoratuko da non egin zuen lo.
Guneei izenak asmatzeko ere lan berezia hartu zuten. Altxa! Gunea bilakatu zen Karpa Handia bezala ezagututakoa, bertan aritu ziren Obrint Pas, Afu, Sen, Arcada Social, Gatibu… taldeak, beste hamar bat talderekin batera. Bizi!, Adi!, Irauli! Sortzaileen txokoa, astindu!, Akeita gunea eta gaztetxea ere bazeuden. Herri guztian zehar zabaldutako guneak ziren, eta gune horien eraikuntzarekin bihurtu zuten Urduña lau hiru egunez herri euskaltzale, feminista, sozialista eta ekologista; gazte independentisten aterpe.
Nazioarteko ordezkaritza oso zabala izan zen, 22 ordezkari egon ziren bertan. «Ilegalizazio garaian nazioarteko komunitate horrek laguntza oso handia eman zigun, eta Danbadara horrelako ordezkaritza zabala ekartzea bazen nolabait hori eskertzeko eta aitortzeko modua». Inbertsio ekonomiko oso handia izan zela aitortzen du Elizburuk, baina merezi izan zuela antolakunde berriaren sorrera kide guzti horiekin ospatzeko.
Eta ospatu zuten, iritsi zen martxoaren 31a eta hustu zen akanpalekua, alde egin zuten gazte independentistek Urduñatik. Baina berandu baino lehen heldu zen Madrildik deia: Auzitegi Nazionalak garaiko bozeramaileak, Periko Solabarria, Topatu.infoko kideak eta antolakuntza lanetan zebilen beste gazte bat deitu zituen deklaratzeko «terrorismoari gorazarre» egitearen akusaziopean. Ezerezean geratu zen epaiketa, baina antolakunde berriari ere mehatxu egiteko balio izan zion Espainiako Estatuari, eta beraien proiektu politikoan berresteko gazteei.