80 urte bete zituenean, Bilboko Udalak eta Athleticek Jose Angel Iribarri «opari» bat egingo ziotela iragarri zuten. Gaur eguerdian ezagutarazi dute kokalekua San Mames atarian izango dela Pozas eta Luis Briñas kaleak elkartzen diren zabalgunean. Bi metro eta hamar zentimetro izango ditu Iribarren eskulturak eta ongi etorria emango die San Mamesera doazen zale guztiei.
Athleciko presidentea den Jon Uriartek azaldu duenez, asmoa hurrengo denboraldirako eginda egotea da. Ez du datarik zehaztu, baina 2023 urtea amaitu aurretik izatea espero dute. Alfa Arte euskal enpresa arduratuko da eskultura egiteaz Iribarren bi argazki ikoniko erabilita.
Iribarrek, atezainek egindako omenaldian bezala, hunkituta eskertu du ekimena eta Athleticen kamiseta jantzi duten jokalari guztientzako omenaldi bezala ulertzen duela azpimarratu du.
Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea, eta Lezamako harrobiko hainbat atezain gerturatu dira aurkezpen ekitaldira mito zuri-gorriari babesa agertzera.
Iribarrek omenaldi ezberdinak jaso ditu azken asteetan eta hainbat atezainek beltzez jantzita jokatu zuten orain dela jardunaldi batzuk. Ekimena Ligako Lehen eta Bigarren Mailako atezain gehienek babestu zuten eta mugak gainditu zituen Celticek edo Alemaniako Saint Pauli taldeak ere gogoan izan baitzuten.