NAIZ

Kontseiluak dio «politika ausartagoak» eskatzen dituztela Inkesta Soziolinguistikoek

Kontseiluak Inkesta Soziolinguistikoen balantzea egin du. Erabileran eta, toki batzuetan, ezagutzan berean ere aurrera egiteko arazo nabarmenak daudela eta horretan hezkuntzak paper garrantzitsua joka dezakeela azaldu du. Etorri berriei baliabideak eskaintzea ere funtsezko ikusten du.

Kontseiluaren Batzar Nagusia, martxoaren amaieran Gasteizen.
Kontseiluaren Batzar Nagusia, martxoaren amaieran Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

2021eko datuak biltzen dituen zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoek 30 urteotako euskararen normalizazio prozesua baloratzen laguntzen dute. Euskal Herri osoko emaitzak jaso arren, ez dituzte bat eginda argitaratu, hiru zatitan baizik: Nafarroako emaitzak plazaratu dituzte lehenbizi, gero EAEkoak, eta hirugarrenik Ipar Euskal Herrikoak. Bere balantzean, Euskalgintzaren Kontseiluak argazki orokor horren hutsunea sumatu duela adierazi du lehenbizi.

Bere ustez, daturik positiboena da euskararen ezagutzak gora egin duela. Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako euskal herritarrak 1.200.000tik gora dira. Horietatik 400.000 inguru ez dira oraindik elebidun oso izatera heldu.

Hala ere, bada ñabardurarik. Nafarroan eta EAEn hiztun kopuru absolututan ez ezik ehunekotan ere gertatu da ezagutzaren igoera, baina Ipar Euskal Herrian bestelakoa da joera: euskaldunen kopurua azken inkestatik doi bat emendatu bada ere, proportzioa apaltzen ari da, galera prozesu nabarmenean.
         
Helduen euskalduntze-alfabetatzea

Euskal Herri osoko datuetara itzulita, euskal hiztunen proportzio handiena 24 urtez azpiko biztanleen artean dago. Horrek badu, Kontseiluaren arabera, alde onik, etorkizunera begira jartzen baitu euskararen biziberritze prozesua. Baina aintzat hartu behar da euskararen ezagutza haur eta gazteen artean gorantz joan den epe berean, adin tarte horren pisu demografikoak behera egin duela, bereziki azken urteetan, eta beraz, jendartean duen eragina hasiera batean lirudikeena baino mugatuagoa da.

Horrekin batera, kontuan izan behar da migrazio joeren ondorioz euskal herritar berri asko helduak direla. Hortaz, Kontseiluak defendatu duenez, helduen euskalduntze-alfabetatzeak lan arlo garrantzitsua izan behar du euskararen biziberritze prozesuan.

Hezkuntza

Ezagutza hori erabileran nola islatzen den aztertuz gero, bistakoa da lehenengoaren aldean igoera apalagoa izan duela bigarrenak. Izan ere, «ezagutzatik erabilerarako katean, hiztunen gaitasun-erlatiboa katebegi gakoa da, bereziki euskara bezalako hizkuntza gutxituen kasuan. Eta alor honetan, hiztun kopurua hazi den heinean, erdaraz euskaraz baino errazago moldatzen direnen kopuruak ere nabarmen egin du gora».

Horrek «kristalezko sabaia» jartzen dio erabilerari, hizkuntzaren erabilera erosorako elebidunen masa soziala eta babesgune soziofuntzionalak hasiera batean dirudiena baino murritzagoak baitira. Horregatik, «oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berriei bermatzea hartu behar luke helburu hezkuntza sistemak, eta hori bermatzeko ereduak garatu eta baliabideak ezarri beharko lirateke».

«Jarrera ere hizkuntza politiken ondorio da»

Nafarroan euskara sustatzearen aldeko jarrerekiko kontrakotasunak gora egin du, argazkia zonifikazioaren baitan polarizatuz. «Argi geratzen da, euskararen aldeko hizkuntza politikek ez dutela ezagutzan edo erabileran soilik eragiten, baizik eta jarreran ere zuzenki ispilatzen direla. Horren adibide da Ipar Euskal Herrian euskara hezkuntzan txertatzearen aldekoak erdia baino gehiago izan arren, euskara hutsean ikastearen aldeko blokea bi puntu apaldu izana 2011tik».

Kontseiluaren ustez, euskara Euskal Herri osoan ofizial izatea funtsezkoa da.

Jauziaren premia

Honen guztiaren ondorio gisa, hizkuntza politiketan jauzi handi bat egiteko premia azpimarratu du euskalgintzako eragileak biltzen dituen erakundeak.

Horretarako, Batuz Aldatu ekimenak «batasun zabal bat eta bide-orri argi bat» eskaintzen dituela oroitu du.