Elorrioko plaza goraino beteta, eguzkia eta giro ona lagun abiatu da Ernairen Gazte Topagunea, «lau egunez utopia errealitate bihurtzeko prest gaudela erakutsiko dugu», esan du Ane Alava bozeramaileak harrera ekitaldian eta txaloz erantzun diote gazteek.
Ostegun goizean guztia martxan dago, akanpalekuaren zati handiena okupatuta, lokaztutako zatiren bat oraindik geratzen bada ere. Tiketak eskuratzeko ilara luzeak eta herri osoan sumatzen den festarako gogoa. 13.00etarako zegoen iragarrita harrera ekitaldia, eta ohi bezala, pixka bat atzeratu bada ere, plaza bete dute gazteek.
Ane Alava Ernaiko bozeramaileak eta Kattalin Garaizabal elorrioarrak igo dira plazako eszenatokira beste hamar kidek lagundurik. Poza sumatzen zitzaien eta hala esan dute, «ikaragarri» pozten dituela Elorrion horrenbeste gazte borrokalari elkartu izanak. Nazioartetik etorritako kideei ere ongi etorria eman diete, eta lan asko egin dutela aitortu du Alavak, baina bideak «merezi» duela esan du, eta datozen hiru egunak «bereziak» izango direla.
Garaizabalek iraganari egin dio keinu: «Indarra ematen du 21 urte eta gero euskal gazte independentistek berriro ere Elorrio betetzeak». Elorrioarrek beso zabalik hartu izana eskertu du, eta azken hilabeteetan lanean aritutakoak omendu: «Lanean ibili zareten hamaika eragile eta herritarren konpromisoa izugarria izan da, eskerrik asko». Herria eta herritarrak zaintzeko deia egin du. Eta Alavak bide beretik, Topagunean «inolako erasorik» ez dela onartuko adierazi du.
«Nahi dugun eta biziko dugun herri horren eraskusleiho izan dadila Elorrio», egin du oihu, eta txalo zaparrada lehertu da plazan. Jarraian, musika eta dantza izan dira oholtzan, eta dantzan jarri dute plaza bera ere. Suziria bota, eta ezin hasiera eman festari Topagunerako propio Sünek egindako kantua bozgorailuetatik entzun gabe, ‘Orainari’.
Harrera ekitaldiaren ondoren, gainontzeko guneei eman zaie irekiera. 14.30etan hasiko da ‘Zunba tailerra’, eta 16.00etan hasiko dira gainontzeko hitzaldi, mahainguru eta tailerrak. Ostegunetik igande bitarte izango da zer gozatu Elorrion.