NAIZ

Ernairen Gazte Topagunearen lehen egunaren laburpen bideoa

‘Bizitzeko modu bat’ da aurtengo Gazte Topagunearen lelo nagusia. Ostegun honetan abiatu zen Elorrion, eta praktikan jartzen hasi ziren. Hona hemen lehen egunaren laburpen bideoa.

Goizeko hamarrak aldera iritsi ziren Euskal Herriko hamaika txokoetatik autobusak, eta akanpalekua egokitzera joan ziren. Ordu batean egin zuten harrera ekitaldia, Elorrioko herriko plazan.

«21 urteren ondoren berriro ere Elorrion elkartu gara, bizitzeko modu honen alde gaudela erakusteko, amesten dugun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista posible dela erakusteko», adierazi zuten Ernaiko kideek.

Harrera ekitaldia eta gero, 14.30ean hasi ziren Gazte Topaguneko lehenengo eguneko hitzaldiak eta tailerrak. Borroka ‘Feminista dena aldatzeko’ hitzaldia izan zen NAIZ gunean egindako lehenengoa. Oihana Etxebarrieta, Naia Torrealdai, Maddi Isasi eta Kizkitza Gil de San Vicente izan ziren hizlariak, euskal feminismoaren genealogia, definizioa, askapen prozesuarekin edota burujabetza prozesuarekin batera egungo erronkak zeintzuk diren azaltzen ahalegindu ziren..

Eta Arriola antzokian bildu ziren Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako gazteak. Ernaiko, Iscako eta Arraneko ordezkariek hitza hartu zuten, eta bakoitzak bere herrialdetik baina elkarren indarrak batzearen bideaz jardun zuten.

Kale animazioek eta kontzertuek eman zioten segida egunari, eta gaur ere egitarau zabala izango da Elorrion. Egunaren ardatza 10. urteurrena izango da.