Antton Paulus Basurco

Euskal Elkargoa da Donazaharreko Salha gazteluaren jabe berria

Euskal Hirigune Elkargoak Donazaharreko Salha gaztelua erosiko duela erabaki zuen joan den martxoaren 21arekin egindako batzarrean. Orain, 450.000 euroren truke erosketa gauzatze bidean dela, eraikinean haurtzaroari eta gaztaroari zuzenduriko gunea ezartzeko proiektua aurkeztu du.

XIX. mendean birmoldatua, Donazaharreko Salha gaztelua bakantzetako kolonia bilakatu zen 1954. urtean.
XIX. mendean birmoldatua, Donazaharreko Salha gaztelua bakantzetako kolonia bilakatu zen 1954. urtean. (Patxi BELTZAIZ)

Euskal Elkargoko kontseilu iraunkorrak aho batez bozkatu zuen Donazaharreko Salha gazteluaren erosketa, martxoaren 21arekin egin bilkuran. Erosketa Elkargoaren eta Inchauspe familiaren arteko akordioaren emaitza da, azken hau baita gunearen jabetza duen Zuhaitz Sekularren Gaztelu Hotela izeneko enpresaren nagusia, Kazetak berri eman duenez.

735.000 eurotan estimatua, ondasuna 450.000 eurotan izanen da berrerosia. «Orain, gehienez hilabete batzuk hartuko dituen prozedura izanen da, erosketa gauzatu dadin», azaldu dio Mediabask hedabideari Gilbert Oçafrain Garazi-Baigorri lurralde-poloko erreferente eta animatzaileak.

Hemendik goiti eta 2024ko ekainaren 30era arte, Euskal Elkargoaren jabetza da Iparralai musika eskolako 250 ikasle hartzen dituen gaztelua. Jadanik obrak eginak dira horretarako behar dituzten 12 gelak berritu eta segurtatzeko. Gerora, musika eskola hau hiru urteko epean finitua izanen den Donibane Garaziko kultur polora eramatea aurreikusi dute.

Haur eta gazteen harrera gune Nagusi berriak bertan haurtzaroari zein gaztaroari bideraturiko eremu bat ezartzeko asmoa azaldu du. Haurtzaroari lotua den proiektu berriak beren aktibitate eta ekintzak gauzatzeko tokirik ez duten egituren beharrei erantzun nahi die. Horregatik, eskola opor garaian 130 haur hartzeko gaitasuna ukanen duen aisialdi zentro bat ezarriko dute.

Lekuak amatasun laguntzarako etxea eta Goxama lehen haurtzaroko sarea ere hartuko ditu. Epe luzera, 30 urtetik beherako langileentzako aldi baterako bizitoki bilakatuko da, berdin sasoilariak edota ikasleak diren gazteak hartzeko.

Gainera, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak egindako ikerketa baten ondorio den proiektu honek estudio ekipatuak ere eskura ezarriko ditu, baita gazte aktiboen desmartxak egiteko laguntza eman ere.

Salha gazteluan gauzatuko den proiektu horrek tokiari iraganeko izaera emanen dio berriz. Izan ere, XIV. mendetik jasotako ondare historiko baxenafartarra udalekua izan zen denbora luzez. Horrez gain, laborantza produktuak eskainiko zituen kantina bat ezarri nahi izan zuten bertan; herri frankok eskolen beharrei erantzuteko eginiko gogoetaren emaitza zen proiektua, oraindik ere gaurkotasun handikoa dena.