Emakumeen Endesa Ligako play-offetatik at geratu da Kutxabank Araski, pasa den igandean Barça CBS taldearen aurka Mendizorrotzan 55-62 galdu eta gero. Jardunaldi bat falta da Fase Erregularra amaitzeko, baina talde gasteiztarrak ezinezko izango du zortzi onenen artean amaitzean; izan ere, nahiz eta Barça CBS eta Estudiantesekin berdinduta amaitzeko aukera daukan arren zapatuan jokatuko den jardunaldi honen ostean, Madrilgo eta Bartzelonako taldeen aurka jokaturiko lau norgehiagokak galdu ditu denboraldian zehar Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak eta berdinketa emanda ere, desenpatean beti atzetik geratzea egokituko zaio.
Nolanahi, bigarren mailako saritxo sinboliko bat eraman du bederen talde arabarrak. Astelehenetik asteartera bitarteko gauean, Emakumeen NBAk, WNBA deritzonak alegia, urtero bezala drafta, jokalari gazteen hautatze proszesua burutu du eta Kutxabank Araskiko Txell Alarcon eskolta gaztea aukeratu du hogeita hamabigarren postuan; hau, drafteko hirugarren errondaren zortzigarren postuan. Washington Mystics taldeak aukeratu du 2003ko uztailaren 31an Bartzelonan jaiotako eskolta.
Ez da hau Araskin jokatu eta WNBAk hautaturiko aurreneko jokalaria, inondik ere: 2021ean Raquel Carrera aukeratu zuen Atlanta Dream taldeak drafteko hamabostgarren lekuan eta urte hartan bertan egun Gasteizen jokatzen duen Flor Chagasen aldeko hautua egin zuen Indiana Fever taldeak, drafteko hogeita hamaikagarren lekuan.
Ez dirudi uda honetan Alarconek WNBAn debuta egiteko aukerarik izango duenik, baina talde estatubatuarreko Mike Thibault zuzendari orokorrak esan duenaren arabera, «jokalariaren eboluzioa gertutik jarraitu nahi dugu. Hargatik, bere eskubideez jabetzea erabaki dugu».
Txell Alarconi dagokionez aurten jokatu du bere aurreneko denboraldia Kutxabank Araskirekin, nahiz eta Emakumeen Endesa Ligan 2020an, artean 17 urte besterik ez zituela egin zuen debuta, Logroñoko Campus Promete taldearekin.
Gasteizen batez beste 23 minutu jokatu ditu eta 7,9 puntu sartu ditu aurten, eskolta katalana jaurtitzaile fina baita beste ezer baino gehiago. Hiruekoetan, hala, %36 inguruan asmatu du, egia den arren Logroñon bere azken urtean portzentaia hobeak lortu zituela. Horrez gain 2,2 errebote, 0,7 asistentzia eta 0,7 lapurturiko baloi pilatu ditu partidako.
Kutxabank Araskik larunbat honetan amaituko du 202/23 denboraldia, arratsaldeko 19.00etatik aurrera Bierzoko Benbibreren kantxan jokatuko dute Txell Alarcon eta bere taldekideek.