Alaia Sierra
Entrevue
Laura Re eta Sara del Rio
‘Bertikala’ podkastaren sortzaileak

«Podcast bat mugikor batekin egin daiteke eta euskarazkoak behar dira»

Laura Re eta Sara del Rio dira ‘Bertikala’ podcastaren mikrofonoen atzean daudenak. NAIZ Irratian, Spotifyn eta Youtuben entzun eta ikus daitezkeen lagunarteko hizketaldiak grabatzen dituzte, Tabakaleraren 2deo laborategiaren eskutik, gonbidatuekin batzuetan eta lagunak ikusle gisa beti.

Laura Ré eta Sara del Río, ‘Bertikala’ bideopodcastaren sortzaileak.
Laura Ré eta Sara del Río, ‘Bertikala’ bideopodcastaren sortzaileak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zer da zuentzat ‘Bertikala’?

Sara del Rio: Esperimentatzeko egin nahi izan genuen bideopodcasta da ‘Bertikala’. Egun bakoitzean gai bat lantzen dugu eta batzuetan gonbidatuak ekartzen ditugu. Bi lagunen arteko solasaldia da;  ez dugu elkarrizketa serio edo oso astunik egin nahi. Zerbait pixka bat freskoagoa sortu nahi genuen, edo arinago entzungo dena.

Nondik etorri zen ideia?

Laura Re: Biok kontsumitzen ditugu bideopodcast dezente espainolez, eta niri okurritu zitzaidan hori euskaraz egin genezakeela. Zoritxarrez, ez daude hainbeste eduki euskaraz eta hau iruditu zitzaidan egiteko modu bat. Beti esan dugu ez dugula ezer berririk egin, bakarrik euskaraz egin dugula, beste batzuekin konparatuta formatua antzekoa delako. Hasi nintzen Sararekin oso astuna izaten, nire kidea izateko eskatuz, eta konbentzitzea lortu nuen [barreak].

«Agenda oso estuak ditugu, baina gure asmoa ‘Bertikala’ kalera ateratzea da»

S.R.: Laurak ezagutza handiagoa dauka ikus-entzunezkoen munduari buruz eta nik, berriz, ez nekien ezer. Gehienbat izan zen horrelako zerbait euskaraz egiteko nahia eta jakin-mina genuelako. Gero, oso erraz lortu genuen 2deo-ren babesa eta baliabideak eman zizkiguten. Ez genuen espero hasieran izan genuen oihartzuna. Probatzeagatik hasi ginen, nahiko anbizio gutxirekin. Hor pentsatu genuen publikoa badagoela eta agian sortu behar direla eduki gehiago euskaraz.

Ba al duzue eredurik?

S.R.: Nik lehen irratia entzuten nuen, baina azkenaldian ez, podcastak erosoago egiten zaizkidalako. Batzuetan bat gatoz ze entzuten dugun eta beste batzuetan ez. ‘Deforme Semanal’ biok entzuten dugu, lehen ‘Estirando el Chicle’ ere entzuten genuen. Gero ‘Ciberlocutorio’ eta ‘Geopolitica Pop’ ere bai...

L.R.: Zerbait komunean badaukagu da gai serioak oso presente ditugula gure egunerokotasunean, baina umoretik eztabaidatzen ditugula, edo pop kulturatik, errazago ulertzeko. Lodifobia gure bizipenetatik kontatu dugu, eta mendekua, pop kulturatik.

Zuek biok bakarrik egiten duzue, lagunekin.

S.R.: Astebete lehenago gidoiarekin hasten gara, ideia zaparrada batekin eta gaiari buruz etorri zaizkigun gogoetetatik tiratzen dugu. Grabatzerakoan faktore garrantzitsua da lagunak deitzea, beraiek gabe ez dugulako egiten. Gonbidatuak beti izan dira oso inguruko jendea edo kontaktu bidez lor genezakeena; ez gara hasi aurreprodukzio potolo batekin. Sare sozialei ere garrantzia eman diegu, Tiktok, Instagram eta Twitterreko bideo motzei.

«Gai serioak oso presente ditugu egunez egun, baina umoretik edo pop kulturatik jotzen diegu, errazago ulertzeko»

L.R.: Ziur aski teknikari batekin errazagoa izango zen, baina ‘Bertikala’-k xarma galduko luke. Gaur egun podcast bat egitea oso erraza da. Uste dut jendea animatu beharko litzatekeela gehiago; mugikor batetik egin daiteke eta euskarazko edukiak behar ditugu. Guri Tabakaleran baliabideak eman dizkigute, baina hori gabe ere egin daiteke.

Nolakoak dira entzuleak?

S.R.: Kaletik eta espazio desberdinetatik jaso dugun feedbackaren arabera, profilak dira 20 eta 30 urte inguruko emakumeak, ‘marikak’ eta genero disidenteak.

Ze asmo daukazue hemendik aurrera?

L.R.: Abenduan zuzeneko bat egin genuen Tabakaleran eta hori leku desberdinetan errepikatu nahiko genuke, saiatu behintzat. Agenda oso estuak ditugu eta ezin diogu nahiko genukeen moduan irteteko beharrezko denbora eskaini, baina asmoa da kalera ateratzea eta gela horretatik beste leku batzuetara iristea.