NAIZ

Etxe huts baten okupazioa iragarri du Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak

Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) larunbat honetan egingo duen okupazio baten berri eman du. Hitzordua Mauleko Gurutze Xurian izango da, handik higiezinen espekulazioa salatzeko xede duen bere bigarren ekimenean parte hartzeko prest diren lagunekin huts den etxe batera abiatzeko.

Etxebarren oren batzutan etxea okupatu zuten kolektibokoko kideek iragan abenduan.
Etxebarren oren batzutan etxea okupatu zuten kolektibokoko kideek iragan abenduan. (@Naiz)

«Heldu den larunbatean etxe huts bat okupatuko dugu, baina ez dugu etxe jakin bat ziblatu nahi, etxe hutsak agerian ezarri baizik». Horrela azaldu du Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak (XEKK) apirilaren 15ean burutu nahi duen ekintza.

Taldeak azaldu duenez, ekintzaren xedea da jendeari ikustaraztea herrian hainbat etxe erabili gabe direla, nahiz eta herritarrek gero eta zailtasun gehiago ukan etxebizitza bat ukaiteko.

Horrendako, Gurutze Xurian, goizeko 11.00etan, elkartzeko deia gonbidapena luzatu du ondoren ibilaldi bat egiteko, etxez-etxe. Plano bat baliaturik ibilbidean zehar etxebizitzari loturiko egoera eta kezka ezberdinak azalarazteko asmoa badu kolektiboak.

Zehazki, etxe hutsen problematika agerian ezarririk, ondotik oporretarako etxeen arazoa lantzeko asmoa dute, «oporretan baizik erabiliak ez diren etxeak ere badirelako hemen».

Kolektiboko kide den Pierre Vissler-en arabera, bada denbora bat Xiberoan, Ipar Euskal Herri osoan bezala, bigarren egoitzek eta etxe hutsak, hau da, bertan urte osoan zehar lan eta bizi diren jendeek alokatu edo erosi ezin dituzten egoitzak biderkatzen direla.

«Ez dira ez saltzeko, ez erosteko, jabeek ez dute fitxik egiten eta ez dira arduratzen» kexatu da xiberotarrak Kazeta.eus atari digitalarekin mintzo.

Visler-ek azaldu duenez, egunerokotasunean «ez ditugu etxe horiek ikusten eta hor direla ahanzten dugu».

Gaineratu duenez, «etxebizitza horiek jendeen aitzinean agerian utziz gero arazoa ikusgarria bihurtuko da».

Ekintzak egun bateko iraupena ukanen duela eta sinbolikoa izanen dela iragarri du.

XEKK-eko ordezkariaren esanetan, ekintza ikusgarria eginez «arazoa azpimarratu eta etxe huts horiek alokagarri bihurtuz gero alokairuen inguruko arazoa ttipituko dela defendatu nahi dugu».

Horrendako, herritarrei batzeko deia luzatu die, «motibazioa, müsika, eta jentea» ekartzeko eskatuz.

«Gure kezka ez da autoritateak nola ukitu, populazio guzia baizik eta, honen bidez, etxe horiek hutsak mantentzen dituztenak» laburbildu du kolektiboko kideak.

Abenduan Etxebarren ekintza egin zuten

Dagoeneko, iragan abenduaren 3an Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak etxebizitza bat okupatu zuen, hainbat orenez, Zuberoko Etxebarre herrian higiezinen espekulazioa salatzeko.

80 pertsona inguru elkartu ziren ‘Ibarren borda’ etxea sinbolikoki hartzeko, etxebizitzarako eskubidearen aldeko Ostia sarearekin batera.

Okupatzaileek azaldu zutenez, ‘Ibarren borda’ 2010az geroztik Belgikan bizi den Greenpeaceko abokatuetako baten bigarren bizilekua da eta «ia urte osoan zehar hutsik egoten da».

Ekimenaren baitan Matthieu Quilleten ‘Pied de Biche’ dokumentala proiektatu zuten, okupazioaren ingurukoa, eta otordu bat prestatu zuten.

Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko Lexantzüko kontseilariak ere mobilizazioan parte hartu zuen.

Hautetsi abertzaleak adierazi zuenez, «etxeak eta lurrak bizitzeko eta lurraldea elikatzeko izan daitezen, eta ez inbertitu eta espekulatzeko izan behar dira, baina gaur egungo marko legal eta instituzionalek ez dute ahalbidetzen higiezinen merkatuaren norabide espekulatibo hori gelditzen».