Lurraldearen onurarako hamarkada bateko ibilbidea ospatu du euskoak
2013ko urtarrilaren 31n egin ziren lehenengo trukeak euskal monetarekin. Gaur, euskoa Europako tokiko dirurik erabiliena da: 1.300 profesionalek eta 4.000 norbanakok baliatzen dute. Ibilbide oparo hori ospatu dute, Ezpeletan. Egindakoa goraipatu zuten, baita geroko erronka eta asmoak irudikatu ere.
Euskoa abiatu zenetik lehen hamarkada igaro denean, ospakizunak ospakizun, ez dago sobera data eta momentu garrantzitsuenak oroitaraztea, lurraldean sustraitzea ardatz duen euskal monetaren garapena hobeki ulertzeko.
2011: martxan jartzeko prestaketari begira, Bavariara 2011ko ekainean egin zen lehenengo bilkura euskal moneta sustatzeari begira. Gogoeta prozesu horren barruan, bost boluntario Alemaniako Bavariako landerrera joan ziren, zehazki Europako tokiko monetarik handiena sustatu duen Chiemgauer eskualdera.
%3ko elkartasun sistemaren ideia handik ekarri zuten. Sozializazio fase zabala martxan eman ondotik, eusko izena hautatu zen Ipar Euskal Herriko tokiko monetarentzat.
2013: estreinako ordainketak 2013ko urtarrilaren 31n egin ziren lehen ordainketak euskoa baliatuta. Elkarteko boluntarioek eginiko saretze lanari esker, ordurako ehunka profesionalek eta beste hainbeste norbanakok euskal dirua baliatzeko engaiamendua hartua zuten. Hilabete gutxian euskoa Estatu frantseseko tokiko moneta handiena bihurtu zen.
Ekimena zabaltzeko gaitasun hori agerian uzten duen beste datu esanguratsu bat: bi urterako inprimatu ziren 126.500 euskoak hiru hilabete igarotzerako banatu ziren, eta, ondorioz, elkarteak presaka beste 350.000 eusko inprimatu behar izan zituen.
2014: hitzarmena EEPrekin Euskoa mugitzea ez da tokiko moneta sustatu zutenen xede bakarra. Finean, lurraldearen garapena bermatzea baitzen ekimenaren helburua; horretarako %3ko elkartasun sistema martxan ematearekin batera elkarlanerako lan eremuak zehaztu zituzten.
Berehala irudikatu zuten euskoa hizkuntza-garapenerako faktore gisa, baita dinamika sozial eta ekonomiko jasangarriagoak bultzatzeko faktore gisa ere. Hala, tokiko diruaren sarean sartzen zen profesional bakoitzari «afixaketa elebiduna» martxan jartzeko erronka bultzatzeko gonbidapena egin zitzaion hastapenetik. Erakundeen eremuan, 2014az geroztik, urte guziz, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) izenpeturiko hitzarmenaren eskutik landu den partaidetza eremua zabalduz joan da.
2017: Eusko digitala ospatzeko, lehenengo Eusko Eguna Urte batzuk behar izan ziren euskoa formatu digitalean erabili ahal izaterako. 2015ean hasi zen egitasmoa bi urte geroago bururatu zen: lehenengo Eusko Egunaren kari, mobilizazio kanpaina handi baten ostean aurkeztu zen. 30.000 euroko diru-bilketari esker, formatu digitalean 500 kontu korrontetik gora ireki ahal izan zituzten herritarrek.
2018: erakundeen erabilera hitzarmena 2018ko ekainaren 2an Ipar Euskal Herriko erakundeek tokiko moneta erabili ahal izateko hitzarmena izenpetu zen. Euskoarekin bat egin zuten lehenak Hendaia, Uztaritze, Lekorne eta Baionako herriko etxeak izan ziren.
Urratsik esanguratsuena Lapurdiko hiriburuak egin zuen, hautetsien ordainsariak edo dirulaguntzak tokiko moneta baliatuz jasotzeko aukera zabaldu zuenean. Pirinio Atlantikoetako Prefetura garapen hori trabatzen saiatu bazen ere, finean ordainketa horiek onartzea erabaki zuen. Gisa horretako lehen erabakia izan zen Estatu mailan.
Ez zen hori izan 2018ak utzitako lorpen bakarra: urriaren 7an Alternatiba besta handia ospatu zen bigarrengoz Baionan. Euskoa izan zen ekitaldi horretara etorri ziren milaka erabiltzaileen dirua. Hala, zirkulazioan zeuden milioi bat euskoren maila sinbolikoa gainditu zen. Ondorioz, euskoa Europako tokiko monetarik handiena bilakatu zen.
2022: 3,5 milioi euskotik gora zirkulazioan Milaka lagunen inplikazioari esker, «balio sendoak transmititzen dituen elkartasun sare» bilakatu da euskoa, bere sustatzaileen esanetan. Tokiko ekonomia bultzatzeko proiektu egituratzailea ere bada, eta eragin oso zehatzak ere baditu ekintza-tresna gisa euskararen erabilera sustatzeko. Ipar Euskal Herriko elkarte eta ekonomia eragileak ere laguntzen ditu. Hori aintzat hartuta, «10 urteen bilana arras baikorra da, eta dinamika horretan hurbiletik edo urrundik parte hartu duten indar eragileak harro egon daitezke egindako bideaz», adierazi du Euskal Moneta elkarteak.
Euskoa gaur zertan dagoen hobeto ulertzeko, iazko abenduaren 31n 3.780.000 eusko ziren zirkulazioan. Gaur egun 1.300 profesionalek baliatzen dute, eta, Euskal Hirigune Elkargoaz gain, bertze 36 udal sartu dira euskoaren sarean. 4.000 herritarrek erabiltzen dute eguneroko erosketa edo ordainketetan (horietatik 3.000k kontu bat ireki dute euskoetan). Hasierako billeteaz haratago, egun sistema digitalak ahal dira erabili ordainketak egiteko: euskokart txartela bada, sakelakoaren bidez ahal dira ordainketak egin Euskopay app-a erabilita...
Eta diru trukaketa horien %3ko batez bestekoa aplikatuz, 250.000 eusko banatu zaizkie orain arte lurraldeko 70 bat elkarteri.
2023: erronkak. Gaurko festa hainbat erronka berri irudikatzeko baliatu dute. Lehenik eta behin, partikularren sarea garatu nahi dute euskal monetaren sustatzaileek, elkartearen tokian tokiko presentzia indartzeko eta tresna berriak garatzeko, horrela euskoaren erabilera «are gehiago» erraztearren. Bide beretik, profesionalen arteko zirkulazioa arindu nahi dute, eta, elkargoek tokiko monetaren erabilerari buruz dituzten molde hertsiak gaindituz, euskoaren balioa instituzio mailan ere bultzatu.