NAIZ

Pentsiodunek DBE ofizioz esleitzeko eskatu dute Arartekoaren aurrean

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Arartekoaren aurrean kexa aurkeztu du Lakuako Lan eta Enplegu Sailaren «pasibotasuna» salatzeko. Duela urtebete eskatu zioten Idoia Mendia sailburuari baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei DBE ofizioz transferitzeko, baina ez dute erantzunik jaso.

Pentsiodunek egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
Pentsiodunek egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arartekoaren aurrean kexa aurkeztu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Izan ere, duela urtebete galdegin zioten Idoia Mendia buru duen Lakuako Lan eta Enplegu Sailari baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI, gazteleraz) ofizioz transferitzeko. Izan ere, 138.120 pentsiodun daude EAEn urtean 9.534 euro baino gutxiago kobratzen dituztenak eta, beraz, pobreziaren atalasearen azpitik daudenak. Halaber, beste 69.399 pentsiodunek urtean 6.356 eurotik behera kobratzen dituzte, hau da, pobrezia larrian daude.

EHPMren arabera hauek ez dute DBE jasotzen, zaurgarritasun egoeran daudenez ezin izan dutelako eskatu. Horregatik duela urtebete Mendiari idatzia helarazi zioten, baldintzak betetzen dituzten pentsiodunei DBE ofizioz transferitzea eskatuz.

Lehenago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 1.254 familiari jakinarazi zien etxebizitza-eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen zituztela. Lan eta Enplegu Sailak, ordea, ez dio pentsiodunen eskaerari erantzunik eman eta hauek Arartekoaren aurrean salatu dute sailaren «pasibotasuna».

«Gure ustez, administrazio publikoek pertsonen eskubideen erabilera bermatu behar dute, eta desberdintasunei, diskriminazioari, prekarietateari eta gizarte-bazterkeriari aurre egin eta ezabatu», adierazi dute. Gaineratu dute badaudela adinarekin lotutako faktoreak, hala nola osasun-egoera, belaunaldi-desfasea edo beste batzuk, adinekoek administrazioarekin dituzten harremanetan eragiten duena, harreman hori zailduz.