NAIZ
Bilbo

Lau atxilotu Bizkaian haur-pornografia eduki eta trukatzeagatik

Espainiako Poliziak lau pertsona atxilotu ditu Bizkaian, «adingabekoen korrupzio» egotzita, adingabeen eta babes berezia behar duten pertsonen material pornografikoa edukitzearen eta banatzearen aurkako operazio banatan.

Atxilotuetako bat.
Atxilotuetako bat. (ESPAINIAKO POLIZIA)

Ohar bidez Barne Ministerio espainiarrak jakitera eman duenez, Poliziaren Bilboko Delinkuentzia Antolatuko Taldeko eta Ziberdelinkuentziako Unitate Zentraleko agenteek hasi zuten lau atxiloketa hauetara eraman duen ikerketa, Bizkaian eduki pedofiloa zuten fitxategi informatikoak deskargatu eta partekatzen ari zirela jakin zutenean.

Lehen operazioa abenduan egin zen, Bilbon. Susmagarria atxilotu eta haren etxea miatu zutenean, hiru telefono mugikor eta eduki pedofiloa zuten 10.000 bideo- eta irudi-fitxategi baino gehiago zituen mikro SD txartel bat atzeman zituzten. Sare sozialen eta komunikaziorako aplikazioen bidez partekatzen zuten materiala, hala nola Facebook, Messenger, Viber, Telegram edota WhatsApp.

Bigarren esku-hartzea Balmasedan izan zen, urtarrilean, eta ikertua atxilotu ondoren, etxea miatu zuten. Ikertzaileek hamar disko gogor eta zortzi mikro SD memoria txartel aurkitu zituzten, fitxategi pornografikoak programa desberdinen bidez deskargatzen zituela egiaztatuz.

Hirugarren operazioa Bilbon egin zen otsailean, eta, aurrekoetan bezala, ikertua atxilotu eta etxean miatu ondoren, berrehun artxibo pedofilo zituen disko gogor bat konfiskatu zioten.

Azkenik, azken esku-hartzea apirilean egin da, Erandion. Gizon bat atxilotu dute, eta egiaztatu dute 250 bideo-artxibo baino gehiago zituela, eduki pedofilodunak. Hori dela eta, bi ordenagailu eramangarri eta mikro SDren memoria-txartel bat atzeman dizkiote.

Horregatik guztiagatik, atxilotuak eta gailu informatikoak guardiako epaitegien esku utzi zituzten, eta gaur egun aske daude, epaiketaren zain.