NAIZ

«Badon*» opera garaikidea izanen da Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia

Datorren Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan bat ekoiztea izanen da. Horretarako, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako lehendabiziko beka jarri zuten abian, eta ‘Badon*’ opera garaikideak irabazi zuen. Lana aurkeztu dute orain, bigarren bekaren deialdiarekin batera.

Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga, Ane Abarrategi eta Ane Elordi, Azpeitian egin den aurkezpenean.
Xanti Agirrezabala, Ines Osinaga, Ane Abarrategi eta Ane Elordi, Azpeitian egin den aurkezpenean. (AEK)

‘Badon*’ opera garaikidea izanen da, azarotik aitzinera, 23. Korrikaren kultur ekitaldi nagusia. Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako aurreneko bekaren irabazlea da. Astearte honetan, Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean aurkeztu dute, bekaren bigarren edizioaren oinarriekin batera.

AEK-k aurreko edizioan aurreratu zuen bezala, hurrengo Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan bat ekoiztea izanen da, gero Korrika Kulturalean eskainiko dena.

Prozesu hau guztia ‘Badon*’ lanean gauzatuko da. Ines Osinaga Urizar da obraren sustatzailea. Azaldu duenez, «hausnarketa, ikerketa eta sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu» baten emaitza da, eta «sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko ditu».

Formatuari dagokionez, operaren egitura «hackeagarria» izatea interesatzen zaie, «etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat». Dramaturgiaz gain, «baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu Badon* unibertsoa sortzeko».

«Kalitate handiko eskaintza»

Ane Elordi Alburquerque Korrikaren koordinatzaileak hala azaldu du ekimenaren xedea: «Korrikak euskal kulturaren sustapena ere badu helburu, betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz. Ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez».

Osinagarekin batera, agerraldian izan dira Ane Abarrategi Zaitegi Tipi Kooperatibako kidea eta Xanti Agirrezabala Zeberio aktorea.

Opera garaikidea Euskal Herri osoan zehar erakutsiko dute azarotik aurrera, 23. Korrika aurkeztu eta gutxira.

Bigarren bekaren deialdia

Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako bigarren bekarako lanak aurkezteko deialdia zabalik dago jada. Oinarriek diotenez, parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez.

Euskal sortzaile ororentzat izanen da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren baitan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.