NAIZ

Bezero kopuruan eta errentagarritasunean 2022an hazi egin dela nabarmendu du Euskaltelek

Urte ona izan du Euskaltelek, astearte honetan konpainiaren 2022ko balantzea plazaratzekoan nabarmendu dutenez. Bezero kopuruan eta errentagarritasunean hazi egin direla azpimarratu dute.

Jon Ander de las Fuentes, Euskaltel eta MasMovil Taldeko Euskal Herriko zuzendaria.
Jon Ander de las Fuentes, Euskaltel eta MasMovil Taldeko Euskal Herriko zuzendaria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hego Euskal Herrian 2022 izandako jardueraren balantzea aurkeztu du astearte honetan Euskaltelek. «Merkatu-baldintza zailak gorabehera, konpainiak hazkundea berreskuratu du bere negozio-magnitude nagusietan eta, aldi berean, nabarmen hobetu ditu bezeroen eskura jarritako zuntzeko eta mugikorreko telekomunikazio-sareak», nabarmendu du enpresak.

Gauzak horrela, iazko ekitaldiaren amaiera, milioi bat linea baino gehiago zituen Euskaltelek banda zabal finkoa eta ondoren ordaintzeko mugikorrak kontuan hartuta. Hego Euskal Herrian maximo historikoetara heldu dela gaineratu ditu.

Honekin batera, Masmovil Taldeak 1,3 linea baino gehiago ditu Euskal Herrian, horietatik 900.000 mugikorrekoak eta 400.000 banda zabal finkokoak.

Finantza ikuspegitik, hazkundea izan da emaitza operatiboan (%12 igo da Ebitda) eta kutxa-sorkuntzan (%100eko gorakada). Gauzak horrela, 110 milioi euro lortu ditu integrazioaren ondoriozko sinergietan.

«Negozioa berriro hazten ari da»

«Negozioa berriro ari da hazten banda zabala eskuratzeko teknologia modernizatu egin delako, zuntz optikoaren hedapena sustatu delako, mugikor-estaldura eta 5G teknologiako estaldura hobetu delako eta zerbitzu bateratuen eskaintza erraz eta osoa jarri delako euskal bezeroen eskura. Gainera, etengabe murriztu da bezeroen intzidentzia-kopurua, eta horrek bezeroen gogobetetze-maila handitzea eta bezeroen fidelizazioak gora egitea ekarri du», azaldu dute. Izan ere, intzidentzia-kopurua %48,4 jaitsi da.

«Oso pozik gaude iaz Euskaltelek lortu zituen emaitzekin. Izan ere, berriro ere erreferentziazko euskal operadore izatea lortzeaz gainera, etengabe ari gara hazten, bai bezero-kopuruari, bai finantza-magnitude nagusiei dagokienez», nabarmendu du Euskalteleko eta Masmovil Taldeko Hego Euskal Herriko zuzendari Jon Ander de las Fuentesek.

150 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, Euskaltelek EAEko biztanleen %85i eskaintzen dizkio 5G zerbitzuak.

Honekin, EAEko 6.000 enpresari ematen dio telekomunikazio-zerbitzuak Euskaltelek, horren fakturazioa 50 milioi eurokoa delarik. Azken bost urteotan, enpresen sektoreko diru-sarrerek %20 baino gehiago hazi dira.

Euskal Herrian gizarte, kultura eta kirola arloetan 200 jarduera baino gehiago lagundu ditu Euskaltelek.