Errealitate birtualaren bidez gazteen kontzientziak pizteko ‘Googaz’ ekimena martxan jarri dute

‘Googaz’ ekimenaren bosgarren edizioa martxan jarriko dute datozen asteotan Bizkaiko hainbat herritan. Errealitate birtualaren bidez gazteak zenbait gizarte arazoren inguruan kontzientziatzea du helburu proiektuak.

Irati Arejita, ‘Googaz’-eko arduraduna, Oihane Aldayturriaga, BBK-ko Ekintzailetza, Talentu eta Berrikuntza Arloko arduraduna eta Yera Zaldumbide, Virtualwareko Marketing arduraduna.
Irati Arejita, ‘Googaz’-eko arduraduna, Oihane Aldayturriaga, BBK-ko Ekintzailetza, Talentu eta Berrikuntza Arloko arduraduna eta Yera Zaldumbide, Virtualwareko Marketing arduraduna. (Oskar MATXIN | FOKU)

Garapen Jasangarrirako Helburuak gazteei hurbiltzea xede, 2017an jarri zuten abian ‘Googaz’ ekimena eta bosgarren edizioa du aurten. Urte bakoitzean erronka sozial bat landu dute eta aurten errealitate birtuala izango dute horretarako tresna. BBK Kunan aurkeztu dute 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua.

«Gazteak gizarte erronketara gerturatu eta haietan inplikatu daitezen» du helburu ekimenak, Irati Arejita ‘Googaz’-eko arduradunak azaldu duenez. Horretarako, errealitate birtuala erabiliko dute. Izan ere, Oihane Aldayturriaga BBK-ko Ekintzailetza, Talentu eta Berrikuntza Arloko arduradunak adierazi duenez, «nola izango dugu konpromisoa etorkizunarekin sarritan inguruan duguna ere ikusten ez badugu?». Horrela, gazteak agian bestela ezagutuko ez lituzketen hainbat egoeratan jarriko dituzte.

Antsietatearen gaia lantzeko gazte baten begietatik ikusiko dute errealitatea parte hartzen dutenek, egun osoa konektatuta egotearen ondorioak pairatzen dituen gazte baten begietatik, hain zuzen ere. Horri esker, sare sozialetan gainerakoen «bizitza perfektuak» etengabe ikusteak edo besteen maila berean egoteko etengabe planak egiteak osasun mentalarengan duen eragina landu ahal izango dute.

Errefuxiatuek bizi duten egoerari ere helduko diote errealitate birtualaren bidez. Gazteak errefuxiatuen azalean jarriko dituzte, gatazka gune batean bizitzea zer den ikusi dezaten. Genero indarkeria pairatzen duen emakume baten begiekin matxismoari begiratzeko aukera ere eskainiko du ‘Googaz’ ekimenak, «espero dugu horrek erreakzio bat eragitea eta antzeko egoeraren bat pairatzen ari diren neskak identifikatuta sentitzea», azaldu du Arejitak.

Tarte batez etorkizun distopiko batean ere bizi ahal izango dira gazteak, kutsatutako eta argitasunik gabeko hiri bat baita planteatuko dizkieten beste egoeretako bat. Halaber, pobrezia-egoeran dauden biztanleen azalean ere jarriko dituzte, Japonian funtzionatzen ari diren ‘hilkutxa-etxeak’ erakutsiko baitizkiete.

Hiru fasetan garatuko dute proiektua. Lehena, ‘Play’ deitu dutena, apirilean eta maiatzean garatuko dute, Leioan (apirilaren 24an eta 25ean), Gernika-Lumon (apirilaren 27an eta 28an), Durangon (maiatzaren 2an), Balmasedan (maiatzaren 4ean eta 5ean) eta Getxon (maiatzaren 11n eta 12an). Ikastetxeen bidez edo www.googaz.eus webgunean izena emanda parte hartu ahal izango dute gazteek eta errealitate birtualarekin jolastu eta esperimentatzeko aukera izango dute. Ondoren, elkarrekin hausnartuko dute ikusitakoaren inguruan.

Bigarren fasean, ‘Hackaton’ delakoan, Garapen Jasangarrirako Helburuetako erronka baten inguruan errealitate birtualeko joko baten gidoia diseinatu beharko dute gazteek, taldeka. Egun bakarrean egingo da, ekainaren 17an, BBK Kunan, eta talde irabazleko kide bakoitzak errealitate birtualeko betaurreko batzuk irabaziko ditu.

Hirugarren fasea, ‘Create’, Lanbide Heziketako zentroetara zuzenduta dago, Arejitak berak azaldu duenez. «Bigarren fasean irabazle izan den proiektua garatuko dute, ondoren berriz lehen fasera itzultzeko», hau da, edizio honetan sortutako joko berria herriz herri zabalduko dute.