Gorka Vidal Alvaro preso zaratamoztarrarentzat bukatu da kartzelaldia, 19 urtez luzatu dena. Izan ere, 2004ko otsailean atxilotu zuten Guardia Zibilak Cuencan, eta Auzitegi Nazionalak ETAko kide izateagatik ezarritako kondena beteta, baldintzako askatasuna lortu du orain. Ondorioz ez da Zaballako espetxera itzuli beharko, Etxeratek baieztatu duenez.
🟢📢 Gorka Vidal Álvaro, Zaratamoko presoa, baldintzapeko askatasunean geratu da, 19 urte urteko espetxealdiaren ostean. Ongi etorri Gorka! #batgutxiago !
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) April 19, 2023
Oharra 👇https://t.co/qjVf3im7G5
Hemeretzi urte hauetatik asko Zaratamotik oso urrun, Kordobako kartzelan, eman ditu Vidalek. Isolamendu politikari eutsi zion azkeneko espetxea izan zen hura. Bertan preso sozialei ematen zitzaien tratu txarra salatu zuten, gainera, euskal presoek 2013. urtean, gutun honen bidez.
2020. urtera arte ez zuten Euskal Herrira hurbildu, Logroñora hain zuzen ere. Hortik beste lekualdatzen batean Euskal Herriratu zuten azkenean, eta ondorioz Zaballan pasa ditu espetxealdiaren azken hilabeteak.
Iazko uztailean, Zaballako Tratamendu Batzordeak aho batez hala eskatuta, hirugarren gradua onartu zion Lakuako Gobernuak, eta orain espetxera ez bueltatzeko azken urratsa ere eman du: baldintzapeko askatasunarena.
Irkus Badillorekin batera atxilotu eta kondenatu zuten Gorka Vidal. 44 urte dituela atera da kartzelatik.