Bi faborito handienek, Lasok eta Altunak, euren lehen partida jokatu aurretik, Joseba Ezkurdiak eta Dario Gomezek, txapelaren borrokan ibili behar dutenetako beste bik, finalerdietarako jauzia eman nahi dute Gasteizen ostiral honetan jokatuko den Pilota Egunaren baitan. Estelarraren aurrekoek festa kutsua izango badute ere, arbizuarrak eta errioxarrak asko izango dute jokoan, bigarren puntua eskuratzeak parez pare irekiko baitizkio finalerdietako ateak 22ra heltzea lortzen duenari.
Erik Jaka eta Peio Etxeberriaren aurka lehen garaipena eskuratu ostean, biak ala biak moralez gainezka heltzen dira partida honetara, baina halakoetan sarri gertatzen den bezala, pilotari batak besteak sobera duena nahiko luke eta alderantziz. Nafarraren kasuan, igandean bere zalantzak Erik Jakaren bizkarrean utzi bazituen ere, errioxarrak erakutsitako sasoia eta erritmoa botatzen ditu faltan. Binakakoan nahi baino lehenago kanporatua izan ostean, Buruz Buruko hau prestatzeko nahi adina denbora izango zuela uste zuen, baina azken uneko hankako lesio baten erruz, txapelketari nahi baino gutxiago entrenatuta ekin zion.
«Dariok mano a mano asko jokatzen du, sakatu ikaragarri egiten du, eskuin indartsua dauka, fisiko bikaina, defentsa oso ona eta gauzak oso ondo egin beharra dago Dariori irabazteko. Aurreko ostiralean, Peioren aurka, erakutsi zuen erritmo handian jokatzen duela, partida gogorrari ongi eusten diola, ni ez nago puntu puntuan fisikoki baina ea nire lana ondo egiteko moduan naizen», azaldu zuen sakandarrak material aukeraketa egunean.
Oinak ez zion inolako enbarazurik egin Erik Jakaren aurka, baina argi dauka kantxan nahi baino denbora gutxiago eman duela azken asteotan eta Dariok partidei jartzen dien erritmoari eustea du kezka iturri nagusia. Baina Eibarko partidak ere utzi zion ondorio pozgarririk, Erik Jakaren aurka fisikoki topera egon gabe ere irabazteko gai dela ikusi baitzuen, ofizioa pixkanaka barneratzen ari dela alegia.
Ideiak argi
Horregatik, Dariok ere badaki, ondo jakin ere, bigarren puntua eskuratzeko, bere mailarik onenetik gertu ibili beharko duela. Aurkariaren zein dohainek kezkatzen duten galdetuta, Ezkaraikoak oso argi dauka. «Bere aireko jokoa, pilotari ematen dion erritmoa eta fisikoki ere oso indartsua dela. Bera boleaz sartzea ekiditen saiatu behar dut, sartzen denean, pilotakada bakarrean tantoaren norabidea aldatzeko gai da eta, azkar mugitu eta eskuinarekin jokatzen saiatu behar dut, ezkerrez aritzen banaiz eta bera boleaz sartzen bada ez dut eta ezer egiterik izango».
Ohikoak baino frontis baxuagoarekin, Ogeta pilotaleku gogor horietakoa da pilotarientzat, defentsan aritzea bereziki gogorra da Mendizorrotzako pilotalekuan eta horregatik biak bat etorri ziren partidaren erritmoa ezartzeak izan dezakeen garrantzia nabarmentzerakoan.
Antolatu dituzten ekintza desberdinekin, Ogetan sarrera polita espero da, bereziki ume asko egotea espero da horren inguruan galdetuta, erreflexio polita utzi zuen Gasteizen oso estimatua den ezkaraikoak –bertan ikasi du zenbait urtez–. «Umeren bat argazki baten eskean edo etortzen den bakoitzean ni ikaragarri pozten naiz, nik uste umeari berari baino ilusio handiagoa egiten didala niri eurekin egoteak. Nik ez dut Josebak –Ezkurdiak– edo Jokinek –Altunak– duten zorte hori, ni ez naute horrenbeste ezagutzen eta ume bat ilusio aurpegi horrekin gerturatzen zaidanean asko eskertzen dut. Eurak gustura egoten saiatuko gara», aipatu zuen, jator.