Emakumeak, euskaldunak eta bilbotarrak, Iratxe Ormatzaren ipuin-unibertsoaren protagonistak

XX. mendeko hamarkada bakoitzeko istorio bat kontatu du Iratxe Ormatzak ‘Printza begietan’ bilduman (Elkar). Horretarako, asko dokumentatu da, batez ere hasierako hamarkaden inguruan, hankasartzerik ez egiteko. Protagonista guztiak oso desberdinak dira eta bere lagunak islatu ditu horietan.

Iratxe Ormatza Imatz, ‘Printza begietan’ liburuaren aurkezpenean.
Iratxe Ormatza Imatz, ‘Printza begietan’ liburuaren aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Printzak begietan’ (Elkar) da Iratxe Ormatza Imatz idazlearen bigarren liburua, baina fikziozko lehena. Aspaldian izan zuen ideia gorpuztu du azkenean, alegia, XX. mendeko hamarkada bakoitzarekin istorio bat kontatzea. Berari horrelako liburu bat irakurtzea gustatuko litzaiokeela pentsatu zuen, eta ez zegoenez, sortu egin du.

Proiektua martxan jarri zuenetik ideiak landu, dokumentatu eta testuak berridatzi egin ditu. Izan ere, ez zaio batere erraza egin hasierako hamarkadetako giroaz bustitzea, eta horretarako egin zuen lehenengo gauza ‘Argia’-ren ‘Gure mendea’ liburua irakurtzea izan zen. Bertan efemerideak aipatzen dira, Euskal Herriko ikuspuntutik.

Baita ere amaren liburuak aztertu zituen, Bilboko liburutegira jo zuen, interneten bilaketak egin zituen eta tesiak irakurri zituen. Dena, hamarkada bakoitzari buruz kontatu nahi zuena benetakoa zela ziurtatzeko. Hala, Bilbo inguruan bizi diren emakume euskaldunak asmatu zituen, testuinguru politiko, sozial, kultural edota linguistiko batetik abiatzen direnak. 20-40 urte bitartekoak dira denak, nahi zuelako ibilbide bat izatea, esperientzia bat, baina ez bizi osokoa. «Adin horrekin hamarkadak bizi egiten dituzu», esan du Ormatzak aurkezpenean bere erabakia arrazoitzeko.

Bakoitzaren desberdintasunak

Emakume bakoitza lagun batean oinarri hartuta irudikatu du. «Denok ditugu lagunak, batzuk hilabete batzuk gelditzen dira eta beste batzuk urteak, baina lagunak garrantzitsuak dira. Emakumeoi aurrera egiten laguntzen digute, edo gure ispilu dira», adierazi du.

Hala, denak oso desberdinak dira: burgesiakoa, langile klasekoa, oso pobrea, ama, alaba, ikaslea, irakaslea, fabrikako langilea, lan informala duena, lesbiana, heterosexuala... azken horri buruz, idazleak aipatu du orain errealitate hori gehiago ikusten dugula, baina egon beti egon direla «su hori itzaltzen saiatu arren», eta hori ere islatu nahi izan du. Era berean, kontatu du izaeraz ere desberdinak direla eta egoera gogorrak gertatzen direnean batzuk hobeto egiten dietela aurre horiei besteek baino.

Ipuin bakoitzaren izenburuan urte zehatza eta sasoia aipatzen dira. Urtea zehaztea erabaki du 10 urte asko direlako eta nahiago zuelako irakurlea kokatzea. Sasoiari dagokionez, istorioak berak eskatu dio urtaro batean edo bestean gertatzea.

Nahiz eta emakume guztien paperean jarri ahal izan den istorioak idazterako garaian, denek izan dute zailtasunen bat. Hala ere, zailena lehen hamarkadakoa izan da, aspaldikoa delako eta oso pobrea. Bere zapatak jartzea gehiago kostatu zaio. Horregatik, agian, esan du XIX. mendean atzera istorioak egitea oso zaila iruditzen zaiola, askoz gehiago dokumentatu beharko zelako. Kontraz, XXI. mendera begira, interesa dauka, gauza asko gertatu direlako eta gertatzen ari direlako.