NAIZ

Informazio gainkargaren aurrean gogoeta eta jakin-mina pizteko Uda Ikastaroak atondu ditu EHUk

Ekonomia sozial eraldatzailea, giza eskubideak, hezkuntza, kultura, bizi kalitatea, iraunkortasuna eta digitalizazioa, besteak beste, hizpide izango dituzten Uda Ikastaroak antolatu ditu EHUk 42. ediziorako.

Gorka Moreno, Laura Poderoso eta Itziar Alkorta Bilbon egindako aurkezpenean.
Gorka Moreno, Laura Poderoso eta Itziar Alkorta Bilbon egindako aurkezpenean. (UPV/EHU)

Informazioaren «uholdearen» aurrean ezagutza, gogoeta eta jakin-mina piztean oinarrituko dira aurtengo EHUko Uda Ikastaroak. 152 ikastarok osatzen duten edizio honetan ezagutzaren hainbat arlotako adituak elkartuko dira, gizartearen egungo erronketan enfokatuta.

Ostegun honetan aurkeztu dute Bilbon Uda Ikastaroen 42. edizioa Gorka Moreno, EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Itziar Alkorta, Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak.

Antolatu diren 152 ikastaroetatik gehienak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, baina baita Nafarroan eta Akitania Berrian ere. Gainera, aurrez aurrekoak izango direnean online parte hartzeko aukera egongo da.

Aurkezpenean azaldu dutenez, zortzi gai desberdinetan banatu dituzte ikastaroak: ekonomia sozial eraldatzailea, gazteak (kirola, sexologia eta musika hizpide), Giza Eskubideak, hezkuntzaren eta hizkuntzaren etorkizuna, bizi-kalitatea (elikaduraz, osasun mentalaz eta zahartzaroaz), kultura eta artea, iraunkortasuna eta digitalizazioa eta adimen artifiziala.

Gazteei zuzendutako ikastaroez gain, 25 urte artekoek, maiatzaren 32 baino lehen matrikulatuz gero, bakarrik 25 euro ordaindu beharko dituzte ikastaro bakoitzeko.

Halaber, ikastaroen «begirada irekia» nabarmendu dute, eragile akademiko, enpresarial eta sozialekin harreman sareak eskaintzen baitituzte eta «gero eta nazioarteko erabiltzaile gehiagok» parte hartzen dute. Aurten, gainera, bi Nobel saridun izango dira Klaus von Klitzing fisikaria eta Jack Szostak biologoa.