NAIZ

Donostia eremu tentsionatu izendatzeko konpromisoa erakutsi du Izagirrek

Donostia eremu tentsionatu izendatu eta alokairuen prezioa arautzeko bidea irekitzeko konpromisoa erakutsi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko alkategaiak Kursaalean egin duen agerraldian. Madrilen Etxebizitza Legearen inguruan lortutako akordioaren xehetasunak eman ditu.

Mertxe Aizpurua eta Juan Karlos Izagirre, Kursaalen egindako agerraldian.
Mertxe Aizpurua eta Juan Karlos Izagirre, Kursaalen egindako agerraldian. (EH BILBU)

Donostian etxebizitza bat erosteko kostua Gipuzkoan baino bi aldiz handiagoa da. Eta alokairua ez da aterabidea, prezioak etengabe hazten ari baitira, azken bi legegintzaldietan %45 garestituz. Errealitate horren jakitun, EH Bilduk Etxebizitza Legearen inguruan akordioa erdietsi zuen orain aste batzuk Madrilen, eta horien inguruan aritu da larunbat goiz honetan Juan Karlos Izagirre Donostiako Kursaalen egindako agerraldian.

Donostiarrek euren bizi proiektua Donostian garatzeko aukerak «sortu» egin behar direla iritzi du Izagirrek eta, horretarako, «ezinbestekoa» dela etxebizitzarako sarrera «erraztea eta bermatzea, egun Donostian oso zaila delako».

EH Bilduk Madrilen erdiestitako akordioaz ere jardun da: «Nire lehen inpresioa izan zen tresna gehiago izango ditugula etxebizitzaren arazoei aurre egiteko. Nik neuk, dauden tresna guztiak erabiliko ditut donostiarrentzako aukerak sortzeko eta, kasu honetan, etxebizitzara sarbidea bermatzeko», ziurtatu du.

«Eskuhartzerik ez»

Alkatetzan egon den bi legegintzaldietan Eneko Goiak «eskuhartzerik ez» duela egin salatu du, «baina orain aitzakiak amaitu dira», ziurtatu du. Zentzu horretan, bere konpromisoa «hiri osoa eremu tentsionatu izendatzea» dela iragarri du. «Eta hiri osoaz ari naiz, ez dago aitzakiarik hiri osoa ez izendatzeko», jarri du azpimarra. Hala, Goia interpelatu du, eta galdera bat jarri du mahai gainean: «Zer egingo du Eneko Goiak EH Bilduk hiri osoa tentsionatua deklaratzea planteatzen duenean? Zer bozkatuko du: bai ala ez?».

Eremu tentsionatuaren izendapenarekin alokairuen prezioa arautu ahalko dela azaldu du Izagirrek, Bartzelonako adibidea ekarriz, eta «jabe handien gaineko kontrola» eta «etxegabetzeei aurre egiteko tresnak» berekin ekarriko dituela ziurtatu du.

«Nik argi daukat hau dela hartuko dudan lehenengo neurrietako bat. Donostiarrek Donostian dauzkagun erronkei helduko dien Udal Gobernua behar dute, aitzakiarik gabe», amaitu du.