«Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez. Euskarak bizi behar du». Lelo honen inguruan batu da 3.000 lagunetik goiti larunbat arraltsalde honetan Baionan, Euskal Konfederazioak eta Azterketak Euskaraz-ek bereziki deituta baina beste talde eta erakunde askoren atxekimenduarekin ere.
Iragarria zegoen bezala, mobilizazio oso handia lortu dute, batetik euskarari jartzen zaizkion trabak salatuz (Brebetarena adibide garbia dela), baina bestetik ere hizkuntz politika ausartak galdetuz. Izan ere, inkesta soziolinguistikoak utzitako datuak edota Euskararen Erakunde Publikoak kudeatzen dituen diru-funtsaren izozteak agortze sintoma bezala har daitezke.
Indartze horren beharraz mintzo da Idurre Eskisabel Kontseiluaren idazkari nagusia, manifestazioa abiatu aurretik.
Idurre Eskisabel, @kontseilua-ko idazkari nagusia Baionan da @Konfederazioa #EuskarariTrabarikEz pic.twitter.com/aPHgWChTu5
— kazeta.eus (@kazetaeus) April 22, 2023
Hizkuntz politika horren eskaera ikusi eta entzunarazteko, Subprefekturaren aurretik ekin diote bideari.
Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren ordezkariekin batera, mobilizaziora bertaratu direnen artean ziren Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta Alizia Iribarren AEKko koordinatzailea. EH Bai eta EH Bilduko ordezkaritza bat eta Joseba Erremundeguy Baionako hautetsia eta departamenduko kontseilaria ere presente izan dira.
«Euskara hizkuntza ofiziala» leloa behin eta berriz entzun da manifestarien ahotan. Paulmy Etorbidetik gora egin dute eta, Saint Leon biribilgunea gaindituta, azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena nabarmendu da.
Bukaerako ekitaldian, ahalmen eta baliabideak gauza garrantzitsua izanik ere euskararentzat estatus legal berria eratzea lehentasuna badela oharrarazi dute antolatzaileek.
Manifestazioaren bukaeran, Xaho kaian, Euskal Konfederazioakren izenean mintzatu diren Elorri Falxa eta Xabi Ibarboure Uda Lekuko lehendakariak argiki adierazi dute: «Belaunaldi gazteenetan euskara emeki-emeki berreskuratzen ari dela berretsi badute ere, erakusten dute euskaldunok gero eta zokoratuagoak girela, erabilera beheititzen ari dela eta hizkuntza maila apaltzen ari dela», erran du Falxak.
«Politika minimalistek eta itxurakeriak ez dute balio»
Hori dela eta, antolatzaileek hizkuntza politika publikoaren «ziklo aldaketa» eman behar dela aldarrikatu dute. «Dagoeneko politika minimalistek eta itxurakeriak ez dute balio. Zinezko inbertsioa egin behar da, herri honek bizirauteko duen kapital garrantzitsuena, euskara, garatzeko» jarraitu du Seaskako irakasleak bere hitzartzean.
Euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen lege koadro berria baitezpadakoa dela adierazi du euskalgintzak. «Euskal Elkargoari dei egiten diogu, hizkuntza politika berri bat abian ezartzeko elgarrizketak abia ditzan frantses Gobernuarekin, hizkuntza politikan eragiten duten arlo orotarako eskumenak eskura ditzan, esperimentaziorako lege organikoak aurreikusten duen gisan».
Anartean, Euskararen Erakunde Publikoan biltzen diren erakundeei «jatorrizko hizkuntza garatzeko berehalako neurriak har ditzaten» galdegin die Euskal Konfederazioak, gaineratuz, «euskara desagerraztera daramaten politiken aitzinean» ez direla ikusle pasiboak izanen.
Ildo horretan, hizkuntza politika berria «anitzez eskumen eta diru gehiagoz» hornitzea eskatu du Ibarbourek. Egun, Bretainian edo Okzitanian hitzarmen berriak izenpetu edo negoziatzen ari direla adierazita, Ipar Euskal Herrian euskararentzat deus ez dela pentsatua deitoratu du: «Ba ote da, instituzioen partetik, euskara biziberritzeko egiazko borondate politikorik?».
Euskal Konfederazioko eragileek «euskararen aldeko hitzarmen berri baterako lanean parte hartzeko» borondatea azaldu dute. Bitartean, sektore ezberdinetan lanean ari diren elkarteek «baliabide duinak» behar dituztela oroitarazi du Uda Lekuko lehendakariak, «beren jarduera garatzen segi dezaten eta horietan ari diren langileak prekarietatetik ateratzeko».
Aldarrikapenarekin batera, jai giro aparta izan du manifestazioak hasieratik. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak heldu diren unea da horren erakusgarri.
Les élèves du lycée Bernat Etxepare arrivent en musique #Bayonne #euskara pic.twitter.com/iKqS65bcUV
— Mediabask info (@MediabaskInfo) April 22, 2023
Bordeletik Baionara txirrindulaz abiatu ziren ikasleak manifestazio honetan parte hartzeko garaiz iritsi dira eta txalo zaparrada jaso dute Lapurdiko hiriburuko karriketan agertu diren unean.
Bordele eta Baiona arteko distantzia bizikletaz egin duten Estitxu Robles kolegioko ikasleek zabaldu dute euskalgintzak deituriko martxa Baionan. #azterketakeuskaraz pic.twitter.com/JfMFkaTwUk
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 22, 2023
Ikasleak mezu batekin iritsi dira #euskara #azterketak @AEuskaraz pic.twitter.com/8IYYvNiP7R
— kazeta.eus (@kazetaeus) April 22, 2023
Gazte eta haur askok hartu du parte manifestazioan, beren gurasoekin batera. «Euskara gabe Euskal Herririk ez» oihukatzen egin dute bidea hauek.
Orain Baxoa euskaraz. Euskarak bizi behar du. Euskalgintzak deituriko martxa Paulmy etorbidearen gora, ofizialtasunaren aldeko oihuen artean. #azterketakeuskaraz pic.twitter.com/aDhSo993Bz
— Maite Ubiria (@Maite_Ubiria) April 22, 2023