Jon Ormazabal

Perfekzioaren muga gero eta gertuago duela, txapelketako lehen kolpea eman du Altunak (22-9)

Unai Laso 5-2 aurreratu bada ere, amezketarrak txapeldunaren jokoa erabat deskonektatu du eta beste erakustaldi bat eman du Bilbon.

Sekulako partida borobildu du Jokin Altunak Bilbon.
Sekulako partida borobildu du Jokin Altunak Bilbon. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Oraintxe horren purian dagoen adimen artifizialeko tramankulu horietako bati manomanista perfektu baten prototipoa egiteko eskatuko bagenio, traste horrek ziurrenik gaur Bilbon jokatu zuen Jokin Altunaren oso antzeko avatar bat emango liguke erantzun moduan. Fisikoki aspaldi baino freskoago, sufritzea tokatu zaionean hortzak estutzeko gai, taktikoki erabaki guztiak zuzen hartuz –nahiko lukete Chat GPT eta antzekoek halako eraginkortasunik– eta teknikoki apenas akatsik gabe, amezketarrak pilota bakoitza nahi zuen lekuan ere jarriz, sekulako erakustaldia eman du eta iaz leku berean kanporatu zuen Unai Laso txapeldunari aurkaria txalotzea besterik ez zaio geratu tamainako erakustaldiaren ostean.

Bizia, eta era berean kirola, zenbakitan, parametroetan, estatistiketan neurtu ahalko balitz, gaurkoak ikusita, ziur algoritmoak oraintxe bertan emango liokeela Jokin Altunari aurtengo Buruz Buruko txapela, baina, zorionez, pilotak, are gehiago manomanistak, arrazoiari ihes egiteko baliabide handiak ditu eta gozatzen jarraitzeko motiboak eta gogoak geratzen zaizkigu. Hori bai, gaurkoa bezalako erakustaldiek posoa utzi izan ohi dute zale eta aurkariengan eta berez zena baino faboritoagoa dirudi amezketarrak denen begietan.

Eta hori, Unai Lasoren hasiera bikain baten ostean, ordu erdi geroago garaitezin ikusi genuen Jokin Altunari sufritzea ere tokatu zaiola. Bere eskuin bizia jokoan jartzeko moduan izan denean, sotamanoz pilota asko atzeratuz, une batzuetan behintzat, zailtasunetan ipini du Bizkarreta-Gerendiaingoak Aspeko aurrelaria (5-2).

Bi sake zabalera

Jokin Altunari, ordea, aurkariari baino, bere buruari begiratzea gustatu ohi zaio eta gaur ere hala egin du, sakeari behar besteko etekinik atera ez zionaz ohartzeko. Eta adimen artifizialak hor pilotarekin ezker pareta gehiago bilatu behar lukeela erantzungo zion, inoiz ez, Amezketako aztiak egin duen bezala, indarrez zabalera ateratzekoa. Horixe dute sailetik aparteko pilotariek, sailetik aparteko erabakiak hartzeko gaitasuna izaten dutela, aurkariak ere erabat ezustean harrapatzeko baliabideak eta bere lekutik mugitu ere ez da egin Unai Laso sakea erantzuteko.

Are gutxiago partidako bigarren eta azken berdinketa lortzeko (5-5) aurrelari gipuzkoarrak pilota ia leku berean, baina harik eta biziago jota jarri duenean.

Altuna, nahieran

Aitaren batean eman dio buelta 2021eko txapeldunak egoera zail bati eta, behin markagailuan agintea hartu zuenetik aurrera, nahieran aritu da, egungo txapeldunari arlo guztietan aurre hartuz.

Hasiera elektriko eta tarteka gogor horretan Bizkarreta-Gerendiangoak baino osoago aritzearen itxura eman du eta teknikoki ere mota guztietako erantzunak topatuta bere katalogoan. Ezker boleaz takateko ederrak eman dizkio pilotari, bi pilotakada leku berera bota gabe eta aurkariak pazientzia ere galdu du zenbait unetan, kantxan non kokatu behar zuen jakin gabe.

Iaz, frontoi berean jokatutako finalerdian, freskoago zegoen Unai Laso eta piloteoan nagusituta atera zuen partida aurrera, baina gaur, aurrera pausu bat eman duen bakoitzean, botera jarrita, Jokin Altunak ere zulo ederrak ireki dizkio pilota frontisetik asko urrunduz. Akatsik gabe, perfekzioaren muga gero eta gertuago du Jokin Altunak.

 

FITXA TEKNIKOA

Laso: 9

Altuna III.a: 22

Pilotakadak: 218. Iraupena: 46,35 minutu. Markagailua: 2-0, 2-2, 5-2, 5-10, 6-10, 6-12, 8-12, 8-15, 9-15, 9-22. Sakeak: 3 Lasok eta 7 Altuna III.ak. Egindakoak: 5 Lasok eta 10 Altuna III.ak. Galdutakoak: 5 Lasok eta 1 Altuna III.ak. Gorabeherak: Sarrera polita Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Jon Mariezkurrenak egin ditu Lasoren botilero lanak eta Gorka Altunak Jokin lehengusuarenak. Lehen sakea urdin.