NAIZ

Bangladesh eta Pakistaneko ehungintza-lanetako segurtasuna bermatzeko eskatu du Arropa Garbiak

Arropa Garbia Kanpainak Bangladesh eta Pakistaneko ehungintza-lanetako segurtasuna bermatzen duen hitzarmena sinatzeko eskatu die Levi’s, Decathlon, Amazon eta Ikea markei. Ekitaldiaren antolatzaileek Bangladesheko Rana Plazako tragedian hil ziren langileak gogoratu dituzte Gasteizen eta Iruñean.

Arropa Garbia Kanpainaren Gasteizko ekintza.
Arropa Garbia Kanpainaren Gasteizko ekintza. (ARROPA GARBIA)

Arropa Garbia Kanpainak ekintza aldarrikatzaileak egin ditu Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Iruñeko Sarasate Pasealekuan ‘Oroitzapenak hitzarmena eskatzen du. Levi’s, IKEA, Amazon eta Decathlon, sina ezazue Ehungintza Industriaren Segurtasunerako Akordioa’ lelopean astelehen honetan, Bangladesheko Rana Plazako tragedia gertatu zela 10 urte betetzen diren egunean.

2021eko Nazioarteko Hitzarmen horrek eraikinen segurtasuna eta pertsonen osasuna kontuan hartzen ditu, eta 195 markak sinatu duten arren ehungintza-ekoizpen enpresa horiek ez dute sinatu oraindik. Levi’s enpresa, adibidez, Bangladesh eta Pakistaneko 60 fabrikatan baino gehiagotan hornitzen da. Akordioa sinatuz gero, behartuta egongo lirateke ikuskatzaileei beren fabriketan sartzeko baimena ematera eta bertan lan egiten dutenen osasuna eta segurtasuna bermatzera.

Horregatik, Arropa Garbiak sinadurak batzeko nazioarteko kanpaina jarri du abian, haientzat lan egiten dutenen bizitza eta osasuna babestera presionatzeko. «Ezinbestekoa da Rana Plazan gertatutako tragedia inoiz ez gertatzea berriro. Hala ere, ikusten ari gara enpresa batzuk beren produktuak kostu baxuarekin ekoizten jarraitzen dutela, pertsona asko hiltzeko arriskua egon arren», esan du Eva Kreisler Arropa Garbia kanpainaren espainiar Estatuko bozeramaileak.

Iragan astean beste ehungintza-eraikin bat erori zen Karachin (Pakistan), eta 4 suhiltzaile hil eta 13 zauritu ziren. Fabrika honek nazioarteko hainbat markatarako ekoizten zuen, esaterako, Alcamporako (Auchan), zeinek oraindik ez baitu 2021eko Nazioarteko Hitzarmena sinatu. «Horrek erakusten du zein beharrezkoa den Nazioarteko Hitzarmena sinatzea eta ehungintza fabriketan benetako segurtasun-kontroleko sistemak izatea», adierazi du Kreislerrek.

2013ko apirilaren 24an erori zen Rana Plaza Nazioarteko markentzako arropa ekoizten zuten 1.138 pertsona hil ziren. Eraikina erortzeko arriskuagatik aurreko egunean ebakuatu bazuten ere, hurrengo egunean lanera itzultzera behartu zituzten mehatxu eta erasopean. 2.000 pertsona baino gehiago zauritu ziren eta bi urteko kanpaina bizia behar izan zen enpresek biktimei eta familiei kalte-ordainak ordain ziezaieten.

Biktimak gogoratzeko, Arropa Garbiak olan handi bat jarri du Gasteizen, Rana Plazako ehungintza fabrikan hil ziren 1.138 pertsonen izenekin. «Ehungintza-langile ezezagunari omenaldia egingo diogu beren bizitza arriskuan jarrita eta soldata oso baxuak jasota gure arropa ekoizten duten emakume guztien sinbolo gisa», esan du Eva Kreislerrek. Gainera, manifestu bat irakurri eta minutu bateko isilunea egin da.

Espainiar Gobernuari egindako eskaerak

Kontuan hartuta ehungintzaren sektoreko ekoizpena deslokalizatuta dagoela, Arropa Garbia Kanpainak Espainiako Gobernuari eskatu dio behar bezalako arreta izango duen lege lotesle bat sor dezala, moda marken balio kate osoan giza eskubideak eta ingurumena babestuko dituena eta haiek betetzen ez dituzten enpresak zigortuko dituena.

«Lege lotesle batek soilik behartu ditzake Europako enpresak beren jardueraren ondorio negatiboak saihestera eta pertsonengan eta ingurumenean eragiten duten inpaktuaz arduratzera», aldarrikatu du kanpainaren bozeramaileak.

Europako herrialde batzuek, besteak beste, frantziar Estatua, Alemania eta Norvegiak horri buruzko legedia onartu dute jada. Europako Batzordea zuzentarau bat lantzen ari da enpresek beren mugetatik kanpo eragiten dituzten inpaktuen ardura har dezaten, baina atzerapen handiarekin ari da garatzen eta geldiarazteko edo «leuntzeko» arriskua dago, nazioarteko enpresen lobby indartsuaren eraginez.