NAIZ

Ipar Euskal Herriko LAB: «Intersindikalean parte hartu nahi dugu, besteek bezala»

Bazterketaren gainetik, intersindikalari eskua luzatu dio Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren atarian. «Parte hartu nahi dugu sindikatu gisa besteek bezala, bai antolakuntzan eta baita borrokaren dinamizazioan ere» adierazi dute sindikatuko ordezkariek Baionan.

Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi, astelehen honetan Baionako Merkatu plazan eginiko agerraldian.
Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi, astelehen honetan Baionako Merkatu plazan eginiko agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek osatzen duten intersindikalak Maiatzaren Lehena «bateratu eta herrikoiaren aldeko» deialdia plazaratu du.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, frantses Gobernuak ezarri duen erretreten erreformari ezezkoa emateko hitzordua eman dute goizeko 10.30ean Santa Ursula Plazan.

Deialdi horretatik kanpo utzi dute LAB sindikatua. Bazterketa hori salatzeko baina, oroz gainetik, sindikatuen batasunak erretreten erreformaren aurkako mobilizazioari eman dion bultzada aldarrikatzeko, agerraldia egin du astelehen honetan Baionako Merkatu Plazan sindikatu abertzaleak.

Argitxu Dufauk eta Eñaut Aramendik gainerako sindikatuekin dituzten harremanen gainean zehaztasunak emateko aprobetxatu nahi izan dute prentsaurrekoa.

«Azken 30 urteetako mobilizazio sozial inportanteena bizitzen ari gira, frantziar Estatuan eta Euskal Herrian ere», goraipatu du Dufauk.

Sindikatu abertzaleko kideak mobilizazio dinamiketan buru belarri sartuak badira ere, molde zaharrekin jarraitzen dute intersindikaleko hainbat kidek.

Behin baino gehiagotan manifestazio burutik urrundu nahi izan duten Argitxu Dufauk -jazarpen bortitza pairatu zuen martxoaren 28ko martxan, bideo honetan ikusten denez- salatu duenez «baztertuak gira, baina ezin gaituzte borroka horretatik ezabatu».

Edonola ere, azken hilabeteetan konfiantza harremana landu dutela batasun sindikalaren partaide diren hainbat zentralekin nabarmendu dute bai Dufauk bai Aramendik.

Hala nola FSU eta Solidaires sindikatuekin «elkarlan polita» eramaten ari direla baloratu dute. Hainbat ekintzetan elkarrekin aritu dira Baionako portuan zein Hendaiako tren geltokian eginiko blokeatze operazioetan, esatetako.

Intersindikala integratzeko eskaera ofiziala

Bazterketaren gainetik, intersindikalari eskua luzatu dio LABek, «argiki» intersindikala integratu nahi duela plazaratuz. «Parte hartu nahi dugu sindikatu gisa besteek bezala, bai antolakuntzan eta baita borrokaren dinamizazioan ere».

Erretreten erreformak sortu urgentziazko egoerak batasuna exijitzen duela gaineratu dute bi ordezkariek.

Horrendako, Maiatzaren Lehenean Euskal Herriko, frantziar Estatuko eta munduko langile guziak karrikara «elkarrekin» ateratzearen garrantzia azpimarratu du LABek.

Hori dela eta, intersindikalak Baionan eman duen hitzordura bertaratzeko deia luzatu du, «batasunean sinesten» duela adieraziz.

Une batez sindikatu abertzalearen blokea desbideratuko da, Merkatu Plazan ekitaldi batekin bukatzeko.

Hitzartzea, Nat eta Watsonen kantaldia eta jateko zein edatekoak izanen direla iragarri dute Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko bozeramaileek. Maule (11.00etan Herriko Etxe aitzinean), Donostia, Eibar, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran parte hartzera deitu du, bestalde, sindikatu abertzaleak.