NAIZ

Ohorezko Legioa eman diote ikasle batek hil zuen Agnes Lassalle irakasleari

Frantziako agiri ofizialean agertu da izendapena. Iragan otsailaren 22an Donibane Lohizuneko ikastetxe pribatu batean hil zen Agnes Lassalle 52 urteko irakasleari Ohorezko Legioa eman diote. Behin-behineko espetxean jarraitzen du bera labankadaz hil zuen 16 urteko ikasleak.

Agnes Lassalleren bikotekide zenak irakaslearen hilkutxa musukatzen du martxoaren 3an Biarritzen eginiko hiletetan.
Agnes Lassalleren bikotekide zenak irakaslearen hilkutxa musukatzen du martxoaren 3an Biarritzen eginiko hiletetan. (Gaizka IROZ | AFP)

Ohorezko Legioa domina aitortu diote Donibane Lohizunen hil zen Agnes Lassalleri. Frantziako agiri ofizialean agertu da 27 urteko lan ibilbidea nabarmentzera datorren izendapena.

Gaztelania irakasten zuen 52 urteko maistrari laban batekin eraso egin zion 16 urteko ikasle batek, joan zen otsailaren 22an, Santo Tomas de Aquino ikastetxe pribatuan. Horren ondorioz Biarritzen bizi zen irakaslea bertan hil zen.

Horren ondotik, bertze irakasleen laguntzaz ustezko erasotzaileak labana utzi zuen eta handik gutxira Poliziak atxilotu egin zuen.

Baionako auzitegira eraman ondoren epaileak behin-behineko espetxeratze agindua eman zuen adin txikikoaren kontra otsailaren 24an.

Mutilak buru-nahasmena pairatzen zuen

Mutilak pairatzen zuen buru-nahasmenari buruzko informazioa lehen unetik azaldu zen.

Ildo beretik, gazteari eginiko mediku azterketaren gainean zalantzak agertu zituen auzitegiko medikuen ekarteak, agiri baten bidez.

Hala eta guztiz ere, epaileak mutila auzia egin bitartean espetxeratzeko agindua eman zuen.

Zer esanik ez, Agnes Lassalleren heriotzak samin handia eragin zuen Santo Tomas de Aquino ikastetxearen langile eta ikasleen artean.

Otsailaren 22an, goizeko 10.00ak aldera gertatu zen eraso lazgarria. Handik ordu gutxira, ikastetxe giristinoaren aitzinean lore sortak agertu ziren.

Bestalde, ikastetxe gehienetan elkartasun elkarretaratzeak egin zituzten oraingoan frantziar Estatuaren aldetik domina jaso duen irakaslearen omenez.

Hilkutxaren aurrean dantza hunkigarria

Izan ere, Biarritzen bere aldeko hiletak egin ziren egunean gertatu zen omenaldirik hunkigarriena.

Bi hamarkadatan irakasle gisa jardun zuen Lassallek bazuen beste pasio bat: salon dantzak.

Ehunka lagun bertaratu ziren Lassalleri azkeneko agur sentikorra ematera. Hilkutxa eliza aurrean zelarik, Nat King Cole eta Bert Kaempferten ‘Je ne repartirai pas’ ‘L-O-V-E’ kantaren frantsesezko bertsioaren doinuaren erritmora dantzan hasi zen Stephane Voirin, Lassalleren bikotekidea.

Dantza akademia batean ezagutu zuten elkar eta biek partekatzen zuten pasioa izanik, hori iruditu zitzaion bikotekidea omentzeko modurik onena. Bertan zeuden lagun batzuek ere dantzatzeari ekin zioten eta Voirin izan zen, hilkutxatik urrundu gabe, bikotekiderik gabe dantzatu zuen bakarra.

Une hunkigarria izaki, oihartzun zabala izan du, Euskal Herritik harago. Milioka lagunek ikusi zutelako agur sentikorra jasotzen duen bideoa.