Euskalgintzak deiturik, joan zen larunbatean Lapurdiko hiriburuan iragan zen manifestazioaren ondotik, euskarak hitzordu berri bat du Ipar Euskal Herrian maiatzaren 14an, Senpereko aintziran ospatuko baita, 'Urratsak zubi' lelopean, Herri Urratsen 40. edizioa.
Horren harira, «euskararen aldeko borrokak ez du atsedenik», ohartarazi dute Seaskako ordezkariek asteazken honetan, Senpereko aintziran bertan Ipar Euskal Herriko ikastoletako besta nagusiak eskainiko duen egitarau osoa aurkezteko eginiko agerraldian.
Euskarak bizi duen egoeraz lehendik kezkak baldin baziren, beste bat plazaratu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Izan ere, joan zen larunbatean Baionan Jorajuria berak aurreratu zuenez, frantses Hezkuntza Ministerioaren eskutik murrizketa berriak datoz.
Hala, heldu den ikasturterako, frantziar Hezkuntza Ministerioari 15 postu galdegin zizkion ikastolen federazioak, baina bost emanen dizkiola jakinarazi du.
Senpereko kolegioa segurtatua da
Lehen eta bigarren mailetan postuak eskas dituztela adierazi du Jorajuriak. Testuinguru horretan bada albiste pozgarri bat: Senpereko kolegio berriaren irekiera segurtatua da.
Aintziratik ez oso urrun eraikitzen ari dira Seaska federazioak kudeatuko duen bosgarren kolegioa.
Aurtengo Herri Urratsen edizioaren irabaziak Senperen eraikitzen ari diren kolegio berriaren gastuei aurre egiteko baliatuko dituzte, hain justu, Ipar Euskal Herriko ikastolek.
Alta, Jorajuriak ohartarazi duenez, 30 ikasletik goitiko gelak izanen dituzte hainbat ikastetxetan murrizketak baieztatzen badira.
Horrendako, Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) bilkura bat antola dezan galdegin diote, ikasturte berrirako postuak lortzeko eta «ikastolen garapena segurtatuko duen hitzarmena negoziatzen hasteko».
Gogora ekartzeko, Seaskak EEP eta Hezkuntza Ministerioarekin duen hitzarmena iazko urtean iraungi zen eta gaur gaurkoz hitzarmen berri baterako berririk ez dutela azaldu du Peio Jorajuriak.
Egunaz gozatzeko hamaika aukera
Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzaileak nabarmendu duenez maiatzaren 14ko hitzorduan Euskal Herri osoko milaka lagun bilduko dira, beste behin ere, «ikastolen eredua ospatzeko, euskal kulturarekiko atxikimendua erakusteko eta euskarari zor zaion tokia aldarrikatzeko».
Xede horretarako, eskaintza zabala prestatu dute. Araba gunean 95 metroko gune erraldoia muntatuko dute.
Haize Arroxa, Tiktara, Neomak, Zetak, Gozategi eta Holako Deluxe taldeek beren onena emanen dute eszena gainean. Gazte publikoa nagusi izan ohi den Nafarroa guneak berriz, Patxi eta Konpainia, Mister Saguak, Xutik, Delirium Tremens, aurtengo edizioarebn kantua egin duen Su Ta Gar eta Fermin Muguruzaren kantuen bertsioak egiten dituen SFM taldeak errezibituko ditu.
Gipuzkoa guneak, bere berezitasuna atxikiz, dantza emanaldiak eskainiko ditu eta Andoni Ollokiegik emanen dio bukaera bere kantuekin.
Lapurdi gunea otorduetarako leku nagusia izanen da. Bi eremu horietan haurrek jostatzeko parada izanen dute, baita emankizun anitzez gozatzeko ere.
Azkenik, Baxe Nafarroa gunean erronka nazionala izanen da, herrialdekako ikastolen bestak antolatzen dituzten 5 ikastoletako taldeen arteko «lehia ikusgarria» prestatu baitute.
Xehetasun guztiak Herri Urratsen webgunean atzeman daitezke.
![Gasteiz](/media/asset_publics/resources/001/143/230/article_thumb_horizontal/Gasteiz.jpg)
El estreno de Iñaki Kerejazu como Celedón desborda Gasteiz con recuerdo a los ausentes
![Craterngorongoro_](/media/asset_publics/resources/001/143/654/article_thumb_horizontal/craterNgorongoro_.jpg)
Dos getxoztarras, madre e hija, fallecen en un accidente en Tanzania
![Aibar_policiaforal](/media/asset_publics/resources/001/143/848/article_thumb_horizontal/aibar_policiaforal.jpg)
Una joven de 15 años fallece en el accidente de una familia madrileña en Oibar
![Naizgabarra](/media/asset_publics/resources/001/144/017/article_thumb_horizontal/NAIZgabarra.jpg)
Gabarra zahar baten koadernoa berreskuratu dute Donostiako Ondarreta hondartzan
![Ertzaintza](/media/asset_publics/resources/001/144/022/article_thumb_horizontal/ertzaintza.jpg)