NAIZ
Bilbo

Bilboko Guggenheim museoko 25 obra adierazgarri, ikus-entzunezko 25 piezatan

Bilboko Guggenheim Museoak eta La Caixa Fundazioak ‘Ikuspegiak’ saila zintzilikatu dute interneten, museoaren bildumako obra adierazgarrienetara begirada berriekin egindako hurbilketa. 25 obra aztertu dituzte kultur esparruko profesionalek, museoaren 25. urteurrena ospatzeko.

Leticia Dolera aktore eta zuzendariak hartu du parte sail honetan.
Leticia Dolera aktore eta zuzendariak hartu du parte sail honetan. (BILBOKO GUGGENHEIM MUSEOA)

Bere 25. urteurrenaren ospakizuna dela eta, Bilboko Guggenheim Museoak eta La Caixa Fundazioak abian jarri zuten ‘Ikuspegiak’ saila. Bertan, 25 ataletan zehar, kultur arloko esparru ezberdinetako –zinema, musika, moda, argazkilaritza, dantza eta gastronomia– profesional entzutetsuek beren ikuspegiak eta hausnarketak partekatu dituzte Museoaren Bildumako 25 obra adierazgarriren inguruan.

Bost eta zazpi minutu arteko iraupena duten ikus-entzunezko piezatan, gonbidatuek beren ikuskera pertsonala eskaintzen dute, nork bere bizitzan eta ibilbide profesionalean izandako esperientzietan eta museoko artelanen aurrez aurre egotean sentitu dituzten emozioetan oinarrituta.

Andoni Luis Aduriz sukaldaria, Leticia Dolera aktore eta zinemagilea, Israel Galván flamenko dantzari eta koreografoa, Alejandro Gómez Palomo (Palomo Spain) diseinatzailea, Cayetana Guillen Cuervo aktorea, Paco Leon aktore eta zuzendaria, Isaki Lacuesta zinemagilea, Maria Jose Llergo flamenko kantaria eta Cristina de Middel argazkilaria hainbat artelanetan murgildu dira, eta beren sentsazioak partekatu dituzte Museoko arte-arduradunekin; eta haiek, era berean, obra bakoitzaren gakoak eta bitxikeriak azaldu dizkiete.

Jeff Koonsen Puppy, Louise Bourgeoisen ‘Ama’, Richard Serraren ‘Denboraren materia’, Andy Warholen ‘Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu’, Eduardo Chillidaren ‘Sakona airea da’ eta Jenny Holzerren ‘Bilborako instalazioa’ dira ikuspegi desberdinetatik behatutako obretako batzuk, baina beste pieza zirraragarri batzuk ere izan dituzte aztergai: Georg Baselitz, Jean-Michel Basquiat, Joseph Beuys, Daniel Buren, Francesco Clemente, Mona Hatoum, Cristina Iglesias, Anselm Kiefer, Yves Klein, Sol LeWitt, Fujiko Nakaya, Ernesto Neto, Robert Rauschenberg, Richter Mark Rothko, Cy Twombly, Doris Salcedo, El Anatsui eta Ellsworth Kelly artistenak; azken bi horien obrak berriki sartu dira bilduman.

Lucia Agirre, Maite Borjabad, Manuel Cirauqui, Geaninne Gutierrez-Guimarães, Lekha Hileman Waitoller arte-arduradunek eta arte-arduradun taldeko Marta Blaviak obrei eta artistei buruzko aditu-ikuspegia eskaini diete gonbidatuei, ikusmoldeen aberasgarri diren elkarrizketa konplizeen bitartez. Sail hau La Caixa Fundazioaren eta Guggenheimeko koprodukzio bat da, Alejo Levis zuzendari duena. Atal guztiak eskuragarri daude doan CaixaForum+ plataforman eta Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean.