NAIZ

Mikel Astrain, «Boni» eta Ochoa de Olza gogoan, Txantreako jaiak piztu ditu Drogasek

Hildako Barricadako kide ohiak eta Iñaki Ochoa de Olza mendizalea gogoratuz piztu du ostegunean Drogasek Txantreako jaiei hasiera ematen dien txupinazoa. Auzoan festa izango da nagusi datorren astelehenera arte.

Giro ezin hobea izan zen Txantreako txupinazoan.
Giro ezin hobea izan zen Txantreako txupinazoan. (SORTU TXANTREA)

Drogas bezala ezaguna den Enrique Villarreal musikaria txantrear peto-petoa da. Duela 41 urte auzo honetako plazan eman zuen lehen kontzertua Barricada izango zenaren lehen urratsa emanez. Duela egun gutxi kontzertu berri bat eman zuen toki horretan bertan. Honekin batera, auzoko kale bati Dora Serrano errepresaliatuaren izena jartzeko ekitaldian ere parte hartu berri du.

Ostegun arratsaldean Txantreako plazara itzuli da Drogas, honakoan auzoko jaiak irekitzen dituen suziria pizteko. Asteburu luzea izango dute Txantrean festataz gozatzeko, astelehenean ere jaieguna delako.

Bero dexente pairatu zuen Txantreako plazan elkartu zen jendetzak. Suziria baino lehen, urtero bezala, maiordomoak, dantzariak, gaitariak, kilikiak eta erraldoiak batu ziren. Txantreako Ttunttuna ere dantzatu zuen, Drogas eta bere senideen partehartzearekin.

«Ostia, qué cristo!» bota zuen Drogasek suziria pizteko balkoira atera zenean. Txantrean auzotarrek bizitakoak ekarri zituen gogora eta arrazakeriarik eta diskriminaziorik gabeko jaien aldeko aldarrikapena egin zuen ‘Balas blancas’ kantaren hitzak erabiliz.

Eraso sexistarik Txantrean ez dituztela onartzen ere nabarmendu zuen Drogasek.

Unerik hunkigarriena Barricada taldean aritutako hildakoak (Mikel Astrain eta Javier Hernandez Boni) gogora ekarri zituenean izan zen. Iñaki Ochoa de Olza mendizalea ere gogoratu zuen Drogasek, Isa Eguigurenek partekatu duen Festaroren bideo honetan ikus daitekeenez.