CONTENU SPONSORISÉ

Kantauri itsasoko antxoa eta hegaluze kontserbak, Eroski dendetan

Bertako produktuen alde egiten ari den ahaleginean, Eroskik Bermeoko Arroyabe etxeak ontziratutako antxoa eta hegaluze kontserbak eskaintzen ditu, kalitate handieneko produktua kontsumitzailearen eskuetan jartzeko: Kantauri itsasoko arraina, eskuz ontziratua eta betiko zaporearekin.

Hegaluzea oliotan, Arroyabe kontserba fabrikaren berezitasun bat.
Hegaluzea oliotan, Arroyabe kontserba fabrikaren berezitasun bat. (NAIZ)

Bermeoko Arroyabe kontserba fabrikan ondo dakite nola prestatu arrantzaleek ekarritako arraina, mende bat baino gehiago daramate-eta zeregin horretan. Aurten, hain zuzen, 125 urte bete dituzte eta dagoeneko bosgarren belaunaldia da enpresan lanean ari dena.

Lehen urratsak Rufino Arroyabek eman zituen XIX. mendearen amaieran, arabar Errioxako ardoa Bermeoko portura ekarriz eta bueltan arraina bidaliz. Ibilbide hori betetzeko hiru edo lau egun behar zirenez, arraina gatzatu edo olio-ozpinetan ontziratzen zen (eskabetxean) bidean iraun zezan.

Hainbat urte merkatari gisa jardun ostean, gasteiztar honek Bermeon geratzea eta kontserba fabrika zabaltzea erabaki zuen, 1898. urtean. Geroztik, haren ondorengoak fabrika handitzen eta eskaintza hobetzen aritu dira, eta 1996an gaur egunera iritsi diren instalakuntzak zabaldu zituzten, betiere famili izaera mantenduz.

Bertan, Kantauri itsasoko arrantzaleek harrapatutako antxoa eta hegaluzea prestatzen dute, azken mende osoan egin duten moduan. Horrela, antxoa portura iristen den momentuan fabrikara eramaten dute, han garbitu, gatzetan jarri eta sei hilabete geroago oliotan ontziratzeko.

Antxoa xerrak banan banan sartzen dira latatan. (NAIZ)


Hegaluzea, aldiz, ur berotan egosi eta jarraian, oliba-oliotan, eskabetxean edo uretan ontziratzen dute; tamaina txikikoak badira, beirazko ontzietan, eta handiagoak badira, latetan. Ondoren, esterilizatu egiten dira, 4 eta 6 urte bitarteko kontsumo data duten kontserbak lortuz.

Arroyabeko arduraduna den Bitor Agirrek dioen moduan, «garai batean dena latetan ontziratzen zen, ostalaritzara edo merkatuetara bideratzen zelako, baina, azken hamarkadatan asko igo denez etxeko kontsumitzaileen eskaria, hegaluze gehiena beirazko ontzietan saltzen dugu. Azken finean, merkatuaren eskarira egokitzen saiatzen gara».

Modu batera edo bestera, Arroyaben oso-osorik egiten dute ekoizpen prozesua, portutik hasi eta kontsumitzailearen eskuetara iritsi arte. Lehenbizi, Kantauriko portuetan kalitate goreneko lehengaia aukeratuz, eta ondoren, prozesu guztia eskuz eginez, belaunaldiz belaunaldi mantendutako jakintza erabiliz. Horri esker dute Arroyaberen produktuek betiko kontserben zaporea.

Artisau produktuak izateaz gain, IFS elikagai segurtasun ziurtagiria ere badute, baita MSC arrantza jasangarriaren ziurtagiria eta bertako arrantzaleei erositako arraina dela adierazten duen Eusko Label agiria ere. «Guk bertoko lehengaiekin lan egiten dugu eta, horrela, produktuaren trazabilitate osoa berma dezakegu, arrain hori zein itsasontzik, noiz eta non harrapatu duen ziurtagiria dugulako», dio Bitor Agirrek. Arroyabe enpresa izan zen, hain zuzen, Eroskiren jasangarritasun saria jaso zuen lehen enpresa.

Arroyaberen merkatu nagusia Euskal Herrian bertan dago, baina Penintsulako iparralde osoan ere asko saltzen dute –Kataluniatik hasi eta Asturias edo Galiziaraino, Aragoi eta Errioxa barne–, «herrialde hauetan arraina kontserban kontsumitzeko kultura handia dago eta». Atzerrian, Italia da kultura horri eusten dion beste herrialdeetako bat, eta hortik aurrera, AEB eta Asiako zenbait herrialdetara ere iristen dira Bermeoko antxoa eta hegaluzea.

Bi produktu hauetaz gain, Arroyabek bokeroia ere saltzen du (antxoa ozpinetan) eta hegaluze-mendrezka egosia ere bai, airerik gabe ontziratua. Azkenik, izokin, hegaluze eta ezpata arrain keztatua ere prestatzen dute, eta guztien selekzio bat biltzen duten opari kaxak ere bai.