NAIZ

Etxez etxeko entrega zerbitzu «jasangarria» jarri du martxan BilbaoDendak elkarteak

BilbaoDendak elkarteak etxez etxeko entrega zerbitzu «bizkorra, jasangarria eta eragin sozialekoa» jarri du martxan. Moda, oinetako, ehun eta galkorra ez den janari dendetan ezarriko da ekimena. Bezeroaren telefono zenbakia besterik behar ez duen bidalketa-plataforma baten bidez kudeatuko da.

BilbaoDendak-en Etxez etxeko entrega zerbitzuaren aurkezpena.
BilbaoDendak-en Etxez etxeko entrega zerbitzuaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko tokiko merkataritzarako etxez etxeko entrega zerbitzua abian jarri du BilbaoDendak elkarteak, «jasangarritasunean eta gizarteratzean» oinarrituta. Asteazken honetan egindako aurkezpenean azaldu dutenez, banaketak gaitasun desberdinak dituzten pertsonek egingo dituzte bizikleta eta motor elektrikoetan, CO2 isurketarik gabe.

Ekimena gaur bertan hasi da zortzi saltokitan: Serie B (moda), Olañeta (moda), Perfumería Erlai, Tuinkis (amerikar produktuak), Sorpréndele (opariak), La Boutique de la Media (lentzeria), Foxter Shoes (oinetakoak) eta El rincón del vino (ardoa, champagne eta likoreak). Hauek izango dira Adreslesen aplikazioa erabiltzen lehenak, eta bezeroaren telefono zenbakia besterik ez dute behar izango produktuaren bidalketa agintzeko.

Bestalde, Bilboko banaketak bizikleta eta moto elektrikoetan egingo ditu The Good Riders tokiko logistika eta gizarteratze enpresak. Azken honek gaitasun desberdinak dituzten pertsonak prestatzen ditu ondoren lana emateko. Laster, plataformako kide diren moda, oinetako, ehun, opari eta janari denda (elikadura ez galkorra) guztietara zabalduko da ekimena.

Zerbitzu berri honi esker, denda hauetako bezeroek etxean jaso ahal izango dute euren erosketa, adierazten duten orduan zehazki. Online edo dendan bertan egin daiteke erosketa, eta gero etxera bidaltzeko eskatu.

Funtzionamendua

Zerbitzu honen ezaugarri nagusia bidalketak kudeatuko dituen plataforma berritzailea da, Adresles start up bizkaitarrak garatua. Bizumekin egindako ordainketen antzera, merkatariak bezeroaren telefono zenbakia besterik ez du behar agindua egiteko. Orduan, erosleak whatsapp edo SMS pertsonalizatu bat jasoko du saltokiaren irudiarekin produktua eskuragai dagoela jakinaraziz; eta honen bidez, erosleak produktua jasotzeko helbidea eta ordu tartea aukeratu beharko du.

«Irtenbide logistiko erraza eskaintzen dugu. Era berean, telefono zenbakia bakarrik eskatzen denez, eroslearen beste datu pertsonal batzuk babesten dira, eta huts egiten duten entregatzeak ere murrizten dira, doakion pertsonak berak datuak idazten baititu eta ez hirugarren batek», adierazi dute Adreslesetik.