Aurtengo Buruz Buruko Txapelketak finalerdiak jokatuko dituzten bi pilotariren izenak ezagutzen ditu dagoeneko: Jokin Altuna eta Dario. Beraz, beste bi izen falta dira oraindik maiatzaren 20an eta 21ean, Labriten eta Ogetan, jokatuko diren bi partida garrantzitsu horietarako.
Horietako bat larunbatean ezagutuko dugu, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Bertan arituko dira, lehen aldiz elkarren aurka kantxa osoan, Joseba Ezkurdia eta Peio Etxeberria. Zenotzeko aurrelariak partida bat gehiago jokatu du aurtengo txapelketan, final-zortzirenetan hasi baitzuen lehia, Alberdi 2 tantoan utzita. Ondoren, final-laurdenetako ligaxkan porrota jaso zuen Darioren aurka (22-19) eta garaipena erdietsi zuen Jakaren kontra (12-22).
Joseba Ezkurdiak bi neurketa bakarrik jokatu ditu. Txapelketako debutean garaipena lortu zuen Jakari 22-14 irabazita, baina hurrengo lehian 10-22 galdu zuen Darioren kontra. Dudak agertu ziren iazko txapeldunordearen inguruan.
Hala ere, asteazken honetan egindako material aukeraketan Arbizuko aurrelariak argi utzi du fisikoki hoberantz egin duela nabarmen. «Gustura nago. Egia esan orain, pixka bat entrenatu eta erritmoa jaitsiko dut deskantsatuta iristeko. Ilusioz eta gogoekin nago, gorputzaldi hobearekin iristen naiz eta horrek asko balio du», adierazi du nafarrak.
Irabazlea finalerdietarako txartela eskuratuko du; galtzaileak agur esango dio txapelketari. Hitzordura ondo helduko den Peio Etxeberria ez da aurkariaren sasoiaz fidatzen. «Nik uste dut dagoela uste baino hobe. Uste dut "de tapado total" datorrela. Partida oso gogorra izango da», azpimarratu du astearte honetan Labriten.
Finalerako sarrerak, salgai
Finalerdiak erabakitzen diren bitartean, gaur bertan finalerako sarrerak jarri dira salga. Ekainaren 4an jokatuko da partida handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sarrerak entradasfronton atarian eskuratu daitezke, eta prezio hauek dituzte: kantxa 120 euro; palkoa 130 euro, alboko 2. solairua 75 euro; alboko 3. solairua 1-4 lerroak 45 euro; alboko 3. solairua 5-8 lerroak 40 euro; kantxako errebotea 60 euro; 2. errebotea 60 euro eta 3. errebotea 40 euro.