Arnaitz Gorriti
Entrevue
Itziar Ariztimuño
Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria

«Kopako finalerdiak bi minutu gehiago iraun balu, final hura jokatuko genukeen»

Antolatzaile bilbotarrak orain arteko denboraldirik onena osatu du. Sandra Ygueravideren eta Anna Montañanaren eskutik asko ikasi du eta asko eman dio taldeari. Lesioek eten dute bizkaitarren ibilia baina badaki taldeari ezin dakiokeela askoz gehiago eskatu, bidean hainbeste arazo gainditu eta gero

Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako erreferenteetako bat da orain.
Itziar Ariztimuño Lointek Gernika Bizkaiako erreferenteetako bat da orain. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ez dago atzerapausorik gabeko ibilbiderik, baina Itziar Ariztimuñok (Bilbo, 1998) aurten egin duen aurrerapausoa jauzi oso handi baten parekoa izan da. 2021-22 denboraldia gogorra izan zen antolatzaile bilbotarrarentzat, hatz bat hautsi baitzuen zoritxarreko jokaldi baten erruz. Urtebete geroago, inork uste baino hobeto baliatu du Sandra Ygueravidek azaroan nozitu zuen lesioa. Egun batetik bestera, «bigarren antolatzailea» edo «harrobiko jokalaria» izatetik Lointek Gernika Bizkaiako erreferentzia nagusienetako bat bihurtu baita.

Miraririk ezin egin, ordea. Eurocupean, Kopako finalerdietan eta Endesa Ligako final-laurdenetan muturra sartu dute bizkaitarrek, baina lesioek garrantzia handiegia izan dute Lointek Gernika Bizkaiaren denboraldian. Horrexen pena baino ez dauka Itziar Ariztimuñok, denboraldia amaitu berritan.

Beti lesionatuak dituzuela, baina beti borrokan izan zarete. Zer sentsazio laga dizkizu denboraldiak, amaitu berri den honetan?

Ba, oro har, uste dut denboraldi ona egin dugula, baina pena apur bat ematen du. Lehenengo egunetik lesioekin izan gara, eta horrek asko baldintzatu gaitu denboraldi osoan. Sentsazioak, hala ere, nahiko onak izan dira, azkenera arte lehiatzea lortu dugulako.

Egun bakar bat ere ez duzue taldea osorik eduki.

Denboraldia oso luzea eta zaila izan da horregatik. Lesio asko aurreneko egunetik bertatik, bat ez bada bestea, eta azken partidetan, gehiago. Ahalegin oso handia egin behar izan dugu, ondorioz, guztiok gure helburuak lortu ahal izateko. Azkenerako oso nekatuta geunden, baina era berean oso baliotsua izan da denboraldi hau taldea zer egiteko gai den ikusteko, gure zaleek nola lagundu diguten kontuan hartuta.

«Fisikoki dena emanda amaitu dugu, beraz, ez dago esan beharrik denboraldia benetan gogorra eta tarteka luzea ere egin zaigula»

Esango didazu halakoa ote  den zure ikuspuntua. Kanpotik ikusita, badirudi Fase Erregularra oso luzea eta gogorra izan dela, gero Kopa eta play-offak berehala amaitzeko.

Fisikoki dena emanda amaitu dugu. Beraz, ez dago esan beharrik denboraldia benetan gogorra eta tarteka luzea ere egin zaigula. Hori horrela da. Partida oso gogorrak izan ditugu lehiaketa guztietan, arerioek oso maila altua izan dutelako, berdin Emakumeen Ligan edo Europan, edo Kopan bertan. Denboraldia arin amaitu dela dirudi, azkenean Zaragozaren aurka final-laurdenetan kanporatu gaituztelako, Malosten sei puntugatik irabazi eta gero. Zentzu horretan, ba, bai, arin amaitu da. Baina izan ditugun arazoekin, nik uste taldeari ezin zaiola askoz gehiago eskatu. Guk gure buruari ezin diogu gehiago eskatu, behintzat.

Ligako finalerdiak nahiko hurbil izan dituzue, eta Kopako finala ere bai.

Perfumerias Avenidaren aurkako partida hark bi minutu gehiago iraun izan balu, agian finalera sailkatuko ginatekeela esan liteke. Tira, galtzen duzunean normala da «hau egin ez bagenu, beste hura gertatu izan balitz» pentsatzen hastea. Egia da, nik uste Perfumerias Avenidaren kontrako partida hartako lehenengo zatian ez ginela gu izan. Abantaila orduan hartu ziguten; baina azkenean lehiatzeko kapaz izan ginen, eta momentu batean Kopako finala hatz mamiekin ukitu genuen.

Kanpotik behintzat, oso hurbil geratu zinetela zirudien.

Gernikak beti talde gogorra eta lehiakorra osatzen du, arazo guztien gainetik. Ezin da jakin zer gertatuko litzatekeen hobeto hasi izan bagina, nahiz eta sentsazioa guretzat ere berdina den: oso gertu izan genuen Kopakoa bezalako final handi bat jokatzea. Horrek ilusio oso handia egingo liguke, baina ezin izan da. Lastima.

Beraz, nahitaez balorazio ona egin behar da: Kopan, play-offetan, Europan...

Taldeak aldaketa asko eta asko izan ditu iaztik ona, eta lesioekin, are gehiago. Lehenengo egunetik Hayes galdu genuen, Marta [Alberdi] ere bai, eta gero Sandra [Ygueravide] lesionatu zen. Gero Julie [Wojta]. Chanel [Mokango] etorri eta berehala joan behar izan zuen. Valentzian Andy [Cvitkovic] lesionatu zen eta Brooque [Williams] play-offetan. Hainbeste jende berrirekin eta lesiorekin, hala ere, taldeak bere helburuak lortu ditu, beti egon delako bat edo beste aurrerapauso bat emateko prest.

«Sandra Ygueravide Europako antolatzaile onenen artean dago eta asko ikasi dut berari esker, baina nik uste kantxatik kanpo oraindik ere pertsona hobea dela»

Tartean, zu zeu.

Egia da, bai, niretzat denboraldi oso ona izan dela. Sandrarekin asko ikasi dut, baina bera egon ez denean aurkitu dut, nolabait, taldeak zer behar zuen, eta huraxe ematen asmatzea. Badira urte batzuk debutatu nuenetik –2016-17 denboraldian– eta esperientzia horrek lagundu dit. Eta, esan bezala, Sandra ondoan izanda asko ikasten da.

Zer eman dizu, bada, Sandra Ygueravidek?

Europako antolatzaile onenen artean dago eta ikusgarria da jokoa nola ikusten duen. Oraindik asko geratzen zait ikasteko, baina egia da berarekin pila bat ikasi dudala.

Baina nik uste kantxatik kanpo oraindik ere hobea dela. Pertsona oso jatorra izateaz gain, laguntzeko prest dago. Asko lagundu dit, baita kantxetatik kanpo ere, denboraldi ona egiten.

Anna Montañanak zugan konfiantza handia jarri du.

Bai Anna Montañanak bai eta Mario Lopezek ere –elkarrizketa egin zen egunean konfirmatu zen Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaile izango dela berriro datorren denboraldian–. Nigan konfiantza handia jarri dute eta asko eskertzen dut. Annaren kasuan, bestetik, bi gauza elkartu dira. Batetik, Sandra lesionatu zenean ni geratu nintzen antolatzaile bezala, Roso Buchekin batera.

Baina Sandra sendatu zenean, eta beste jokalari batzuek min hartuta zeudelako, Annak ikusi zuen taldeak ondo funtzionatu zezakeela Sandra eta biok kantxan elkarrekin jokatzen genuenean. Taldeak ez zuen behera egiten kantxan biok batera geundenean eta, beraz, gauza ezberdinak probatzeko aukera izan zuen entrenatzaileak. Zentzu horretan ulertu behar dira Annak eman dizkidan minutuak.

Eta orain?

Azterketak prestatu behar ditut. Erizaintzako hirugarren urtea egiten ari naiz, eta kurtsoa amaituko dut. Gero berriz ere jarriko naiz entrenatzen, hurrengo denboraldira begira.

Badaude jokalariak Ameriketan udako denboraldia egiten dutenak. Zaragozan dabilen Lara Gonzalez antolatzaile donostiarra, adibidez. Ez al duzu halakorik planteatu?

Oraingoz ez, behintzat. Ikasketak aurretik daude. Erizaintza egin baino lehen Fisioterapiako lau urteko ikasketak egin nituen, eta orain honekin nabil. Badakigu jokatzen ari zaren bitartean bizitzeko adina irabazten dugula, baina saskibaloia amaitzen denerako prest egon behar dugu. Ez dut oraindik Ameriketara joatea planteatu.

«Denboraldiak irauten duen zazpi edo zortzi hilabateetan kobratzen dugu soldata, baina gero ez. Zaila da saskibaloiak ematen duen errentatik bizitzea»

Denboraldia amaitu delarik, soldatapean jarraitzen duzu?

Ez. Denboraldiak irauten duen zazpi edo zortzi hilabeteetan kobratzen dugu gure soldata, baina gero ez. Zoritxarrez, zaila da saskibaloiak ematen duen errentatik bizitzea.

Zure kasuan, hain denboraldi ona eginda, inork ere ez du zure etxeko aterik jo?

Asko gustatzen zait saskibaloia, eta denbora luzean ikusten dut nire kirol bizitza. Bestetik, egia da denboraldi ona egin dudala eta izan liteke talderen bati interesgarri iruditzea, baina Gernikan pozik nago. Taldeak asko lagundu dit jokalari gisa hobetzen, eta nire burua oso pozik aurkitzen dut hemen. Egiten dudan horrekin pozik egotea da bilatzen dudan gauzarik garrantzitsuena. Beraz, ez dut uste Gernikatik mugituko naizenik.

Aurten aurrerapauso handia eman duzu. Hurrengo urratsa final handi bat jokatzea ote da?

Hasiera batean, agian, ez; nahiz eta aurten Kopako finala hurbil izan dugun, taldeak egin zuen esfortzuari esker. Ondo legoke, baina ikusiko dugu besteak ere nola indartzen diren eta baita gu ere nola indartzen garen. Polita litzateke, noski.