NAIZ

Nafarroako biztanleen %26k dute euskararen ezagutzaren bat

Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak 2021eko euskara ezagutzaren inguruko datuak plazaratu ditu. Horien arabera, 3 urte edo gehiagoko biztanleen %26,5ek dute euskararen ezagutzaren bat. Euskaraz dakiten nafarren ehunekoa, aldiz, %14,9koa da. 25 urtetik beherako euskaldunak gero eta gehiago dira.

Nafarroa bakarra dela eta ez hiru aldarrikatu zuten, bertzeak bertze, joan den martxoan gazteek Iruñean egindako manifestazio jendetsuan.
Nafarroa bakarra dela eta ez hiru aldarrikatu zuten, bertzeak bertze, joan den martxoan gazteek Iruñean egindako manifestazio jendetsuan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Estatistika Erakundeak, Nastatek, herrialdean bizi diren 3 urte edo gehiagoko biztanleen euskara gaitasuna aztertu du. Ikusi duenez, 2021ean, 3 urte edo gehiagoko euskaldunak biztanleriaren %14,9 ziren, euskaldun hartzaileak %11,6 eta ez euskaldunak, %73,5.

2011tik euskaldunen eta euskaldun hartzaileen ehunekoek gora egin dute pixka bat, 0,8 puntu kasu bakoitzean. 1986arekin konparatuz gero, euskaldun kopuruak ia 4,7 puntuko igoera izan du, eta euskaldun hartzaileenak 7,5 puntukoa.

Ikerketa egiteko, hizkuntza gaitasuna hiru kategoriatan banatu dute: euskalduna, euskaldun hartzailea eta ez euskalduna. Euskaldunak euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duten pertsonak dira; euskaldun hartzaileek euskaraz nekez ulertu eta hitz egiten dute, edo ondo ulertzeko gai dira, baina ez dute euskaraz egiten edo nekez egiten dute; eta ez euskaldunek ez dute euskaraz ez hitz egiten, ezta ulertzen ere.

Adina

2021ean, euskaldunen proportzioa %25etik gorakoa zen 24 urtetik beherakoen artean, eta behera egiten du pixkanaka, 65 urte edo gehiagokoen artean %8,3era iritsi arte.

Urteetako bilakaera aztertuz gero, 1986an euskaldunen ehunekoa antzekoa zen adin talde guztietan, eta urteak igaro ahala, euskaldunen ehunekoak gora egin du 14 urtetik beherakoen artean, 1986ko %11,8tik 2021eko %26,7ra. 2011aren aldean, euskaldunen kopurua %29,1etik %26,7ra jaitsi da 14 urtetik beherakoen artean, eta gora egin du gainerako adin taldeetan.

Hizkuntza eremuen zatiketaren ondorioak

Nastatek nabarmendu duenez, jaioterria erabakigarria da biztanleriaren euskara ezagutzan. Izan ere, Gobernuak ‘eremu euskaldun’ gisa izendatutako zonaldean jaiotakoen %73,9 euskaldunak dira, eta zifra hori %2,7ra jaisten da ‘eremu ez euskaldun’ bezala markatutako gunean jaiotakoen artean.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotakoen %35 euskaldunak dira. Aitzitik, eremu ez euskaldunean jaiotakoen %87,3, Estatu espainiarreko beste autonomia erkidego batean jaiotakoen %92,1 eta Estatutik kanpo jaiotakoen %95,4 ez euskaldunak dira.

2011ren aldean, euskaldunen eta euskaldun hartzaileen ehunekoak gora egin du, haien jaioterria dena delakoa izanda ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotakoen kasuan izan ezik, horien proportzioa ehuneko hiru puntu baino gehixeago jaitsi baita, bai euskaldunen bai euskaldun hartzaileen artean.

Euskararen ezagutza ez da berdin banatzen bizilekuaren arabera ere. 2021ean, ‘eremu euskaldun’ deitutakoan bizi direnen %62,1, ‘eremu mistoan’ bizi direnen %13,5 eta eremu ez euskaldunean bizi direnen %2,7 euskaldunak ziren. Emaitza horiek 2011koekin konparatuz gero, ondoriozta daiteke eremu euskaldunean eta eremu mistoan euskaldunen proportzioa hiru puntu eta puntu bat igo dela, hurrenez hurren, eta eremu ez euskaldunean antzera mantendu dela.

Urroz, Arantza eta Araitz

Euskaldunak %80tik gora dira Nafarroako 272 udalerrietako 21etan. Urroz (%95,3) da biztanle euskaldunen ehunekorik handiena duen udalerria, eta Arantza (%91,9) eta Araitz (%91,5) dira hurrengoak.

Bestalde, euskaldunen proportzioa biztanleen %1 baino txikiagoa duten 19 udalerri daude.