NAIZ

Ehundaka pertsona atera dira kalera Tolosan osasun publikoaren alde

Tolosaldeako herritarrek uste dute EAEko gainontzeko eskualdeek baino osasun arreta kaskarragoa jasotzen dutela, eta horregatik kalera atera dira soluzio bat eskatzeko.

Asuncion Klinikako langileek bat egin dute Tolosako manifestazioarekin.
Asuncion Klinikako langileek bat egin dute Tolosako manifestazioarekin. (Gotzon ARANBURU)

Osasun publikoaren aldeko manifestaziora batu dira ehundaka pertsona Tolosan. Protestan, Tolosako ospitale publikoaren alde eta lehen arretako zerbitzuak lehenestearen aldeko aldarriak entzun dira martxa 12.30etan Triangelu plazatik abiatu denean.  

Eskualdean kezka handia dago osasun publikoaren galerarengatik, eta horregatik deitu du manifestazioa TOPA (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde) plataformak. ‘Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Konponbidea orain!’ lelopean, jendetza bildu da zonaldean inoiz egin den mobilizaziorik jendetsuenean. Antolatzaileen arabera 2.000 pertsona baino gehiago elkartu dira.

TOPA «oso pozik» agertu da parte hartzearekin, baina adierazi du haserre jarraitzen duela eskualdean ematen den egoeragatik. «12 urte baino gehiago daramatzagu osasun arreta prekarioa jasotzen, eta ez dugu ikusten arazoa konpontzeko arrastorik. Aspertuta gaude benetako konpromisorik ez egoteaz, soilik hauteskunde aurreko promesa hutsalak aditzeaz, eta eguneroko jarduera penagarriarekin kontraesanean dauden adierazpenak entzuteaz. Parte hartzeari eta gardentasunari buruz ere, hitz antzuak entzuten ditugu», adierazi dute ordezkariek.

Hori dela era, Tolosaldean ere EAEko gainontzeko eskualdeek duten osasun sistema bera eskatu dute. «Besteek baino arreta kaxkarragoa jasotzen dugu, azpiegitura aldetik ere eskasago gabiltza, eta gainerakoetara baino diru gutxiago iristen da eskualde honetara», salatu dute.

TOPAk alderdi politiko, sindikatu, gizarte mugimendu eta herritarrei deia luzatu diete elkarrekin borrokatzeko ospitale publiko baten alde, «eta ez erresoluzio handiko zentro bat». Izan ere, zalantza ugari dituzte ospitale berriak izango duen funtzionamenduari buruz, baita Asuncion Klinikako langileen lan baldintzen inguruan. Bertako plantillak ere bat egin du protestekin, beraiek ere uste dutelako Tolosak «100% publikoa izango den ospitale bat» behar duela.