NAIZ

Nafarroa gainditu eta GRABNI-ko ezker paretako txapela jantzi du Bizkaiak

Trinketean, aldiz, nafarrek berriz ere lortu dute garaipena eta kasu honetan bizkaitarrak bigarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Sari banaketa ekitaldi nagusia Ogetan izan da.
Sari banaketa ekitaldi nagusia Ogetan izan da. (EEPF)

Emozioz beteriko azken jardunaldi batean, azken urteetan Nafarroako selekzioak izan duen nagusitzarekin amaitu ahal izan du Bizkaiak, ezker paretari dagokionean behintzat. Gasteizen bertan, iaz bi garaipenak lortu zituzten, baina aurten ezker paretako 19. garaipenik gabe geratu da, txapel bat gehiago lortuta, frontoiko garaipenak Bizkaia aldera ihes egin baitie. Hori bai, trinketean erosoago aritu dira eta iazko lorpena errepikatu dute nafarrek.

Ezker paretari dagokionean, zesta punta oinarri, bizkaitarrak 15 finaletan nagusitu dira. Eskuz Karregalek gizonezkoen bakarkako txapela jantzi du, emakumezkoen eskuzko bi final nagusiak ere bizkaitarrentzat izan dira eta pala eta paletan ere garaipenak eskuratu dituzte. Gainera, beste 14 azpi-txapelketa ere lortu dituzte, txapelketa bikaina osatuz.

Nafarrek, pilotariren batek Sevillara ihes eginda Osasunaren finala ikustera, 14 finaletan nagusitzea lortu dute –7retan azpi-txapeldun izan dira– eta hirugarren postuan Gipuzkoa geratu da, 11 txapel eta beste 11 finalekin. Gainontzeko bi txapelak arabarrentzat izan dira.

Trinketean ere gauzak estu

Trinketean, aldiz, garaipena Nafarroarentzat izan da, orotara sei txapel eta beste zazpi final batuta. Bizkaia bigarren izan da, lau txapel eta beste hiru bigarren posturekin eta Gipuzkoa hemen ere hirugarren izan da, hiruna garaipen eta beste hiru finalekin. Iparraldeko taldeak bi txapel eskuratu ditu eta beste bi bigarren postu.