NAIZ

Sagardui sailburuak ukatu egin du eredua aldatzen eta zerbitzuak ixten ari direla

Sagardui Lakuako Osasun saileko buruak adierazi du «lehen mailako arretaren aldeko apustuari eusten» diola eta eredua aldatzen eta zerbitzuak ixten ari direla ukatu du.

Gotzone Sagardui artxiboko irudi batean.
Gotzone Sagardui artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du Lakuako gobernuak «lehen mailako arretaren aldeko apustuari eusten» diola, eta ukatu egin du «eredua aldatzen eta zerbitzuak ixten» ari direla. Ser irratian egindako elkarrizketan, Sagarduik ezeztatu egin du EAEko osasun sistema desegiten ari dela.

Sailburuaren esanetan, «azken hiru urteetan profesionalen plaza kopurua hazi egin da eta 11.000 plaza baino gehiago egonkortu dira». Hala ere, espezialitate batzuetan «gabezia» dagoela onartu du, nahiz eta azpimarratu hori ez dela «desegitea». «Osasunaren aurrekontua handitu besterik ez da egin azken hamar urteetan», gaineratu du.

Sagarduik azaldu duenez, sarritan «ez dago profesionalik eta horrek batzuetan zenbait zentrotan ordutegiak egokitu behar izatea dakar» edo «kontsultategi txikietan, bertako pazienteak garai jakin batzuetan unitate handiagoetan artatu behar izaten dituzte». «Baina ez dugu zerbitzurik itxi», azpimarratu du.

Familia-medikuei eta pediatrei erretiro-adina 70 urtera atzeratzeko egindako eskaerari dagokionez, Sagarduik azaldu du beti esan izan dela «lehen mailako arretarako profesional gehiago izateko aukera ematen duten ekimenak sistemaren esku jarriko liratekeela».

Horren inguruan, adierazi du «erantzuna profesionalek ematen dutena» izango dela, borondatezko neurria delako. «Atea irekita daukagu, eskaera-prozesuari ekingo diogu eta erantzuna zein den ikusiko dugu. Neurri hori beste askoren artean dago», adierazi du.