Pasa den asteburuan Zagreben (Kroazia) jokatu zen Munduko Kopan Virginia Diazek eta Izaskun Etxanizek urrezko domina eta zilarrezkoa lortu zituzten, hurrenez hurren. Diazek bateko scull modalitatean eta Etxanizek lemazainik gabeko laukoan, Iria Jarama, Maria Frenada Valencia eta Oliva del Castillorekin batera.
Diazek ezin hobe ekin dio denboraldiari, nazioarteko lehen hitzordu garrantzitsuan urrea eskuratuta. Aurelia-Maxima Katharina Janzen suitzarrari gailentzea lortu zuen bi ehuneneneko aldea aterata, eta Lenka Luksova txekiarra izan zen hirugarrena.
Getxotarrak hirugarren kalean egin zuen arraun, eta atzetik aurrera joan zen. 2.000 metroko proban hirugarren abiatu zen eta 1.000 metrokoak pasata ere postu horretan zegoen, lehenak, Luksova txekiarrak, 2.08 minutuko aldea ateratzen ziola.
Getxotarra irabazteko lehiatik kanpo geratuko zela ematen zuen arren, 1.500 metrokoa gaindituta, ezustekoa ematen hasi zen, distantzia 1.18ra murriztuta. Azken 500 metroetan Diazek aurkariak estutu zituen, Janzen suitzarra lehen sailkatuaren pare jartzeraino. Azkenerako, biak batera iritsi ziren helmugara, eta helmugako argazkiaren bidez jakin zen getxotarra izan zela lehena helmugara heltzen. 7.33.93. denbora egin zuen.
Bestalde, Etxanizek 6.50.93. denbora egin zuen lemazainik gabeko laukoan, Txileko laukotearen atzetik (6.46.34), eta hirugarren postua Hong Kongeko ontziarentzat izan zen.