NAIZ

EH Bilduk ohartarazi duenez Osakidetzan ez da langilerik falta, baldintza egokiak baizik

«Zerbait egiten ari direnaren plantak egitea» leporatu dio EH Bilduk Lakuako Osasun Sailari, Osakidetzako Lan Eskaintza Publiko (LEP) berriarekin «milaka eta milaka lanpostu sortzen ari direla irudikatzen saiatzen ari baita». Baina «ez da egia mediku eta erizain gehiago izango ditugula».

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Donostia Ospitalearen aurrean, artxiboko irudi batean.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Donostia Ospitalearen aurrean, artxiboko irudi batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Rebeka Ubera koalizio abertzaleko bozeramaileak ohartarazi duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarritako LEPak «ez du profesional faltaren arazoa konpontzeko balio izango, baizik eta Osakidetzan jada existitzen diren hainbat lanpostu (7.639) egonkortzeko eta beste batzuk, modu irregularrean ari direnak, erregularizatzeko».

EH Bilduko kidearen esanetan, «hori ez dago gaizki, baina ez da nahikoa, helburua behin-behinekotasun tasa %8ra jaistea delako, eta LEP honekin hori ezinezkoa izango da. Beraz, mediku faltaren arazoa konpondu gabe geratuko da».

Koalizioaren datuen arabera, Osakidetzaren egituran 27.700 lanpostu daude, baina benetan 23.800 postu bakarrik daude beteta.

109.000 lagunek eman dute izena LEP berrian

LEP berrian 7.635 plaza eskainiko ditu Osasun Sailak, 110 kategoriatan. Azterketak uztaila eta azaroa bitartean egingo dira.

Osakidetzan behin-behinekotasun tasa %50ekoa dela –udako oporretan %58koa ere bai– eta LEP berrian 109.000 profesionalek izena eman dutela gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak. Azpimarratu du «datu horiek Sagarduiren eta Urkulluren betiko diskurtsoa goitik behera desegiten» dutela, erakusten dutelako «ez dela egia osasungintzan profesionalak falta direla, Osakidetzan arazoa ez dela hori, darabilen kontratazio eredua baizik, ezinezko egiten duelako mediku eta erizainei kontratu egokiak, duinak eta erakargarriak eskaintzea».

Finean, koalizio subiranistaren ustez, «arazoa da Osakidetzak uko egiten diola profesionalak baldintza egokietan kontratatzeari». Ondorioz, langileak kanpora edo sektore pribatura joaten dira lan egitera.

Koalizioaren proposamena

Uberak «Osakidetzako kontratazio politika eta Lan Eskaintza Publikoen eredua errotik aldatzea» eskatu du, «bertako langileak etengabeko ziurgabetasun egoeratik behingoz ateratzeko, profesionalak etengabe dantzan edukitzeak pazienteak kolokan jartzea dakarrelako, horrek guztiak jendeari eskaintzen zaion arretaren kalitatean eragiten duelako».

Osakidetzak dituen egiturazko arazo horien sustraietara jo nahian, EH Bilduk proposamen bat eramango du osteguneko osoko bilkurara, lehenik eta behin Osasun Sailari «Mahai Sektorialaren izaera negoziatzailea berreskuratu dezala» galdegiteko. «Sindikatuekiko elkarrizketa eta negoziazioari bide eman behar dio, zabalik dauden gatazkak behingoz konpontzen hasteko».

Uberak defendatuko duen proposamenak «langileei laguntzea eta prozesu administratiboak erraztea» du helburu. «LEP batean lortutako emaitzak nahikoa izan beharko luke Osakidetzako zerrendetan egoteko, beste LEP batera aurkeztu beharrik gabe. Beste LEP bat egin bitartean, emaitza hori gordeta geratu behar da kontratazio zerrendetan egoteko», aldarrikatu du.

Aurreko lan eskaintzak ixteko beharra

Halaber, Uberak funtsezkotzat jo du «aurreko Lan Eskaintza Publikoak ixtea, joan den asteartean Sagarduik iragarri zuena egin aurretik». Izan ere, «jende askok egin zituen aurreko oposizioak eta oraingoan ere izena eman du, ez dakielako ziur aurrekoetan plaza lortu duen ala ez. Ezin da jendea horrela tratatu», kexatu da.

Bestetik, Lan Eskaintza Publikoetan Osasun Sailak «Osakidetzako behin-behinekotasun tasaren biktima izan diren langileak» kontuan hartzearen alde agertu da EH Bilduko legebiltzarkidea. «Milaka profesionalek urteak daramatzate lanean egoera prekario horretan, eta iruditzen zaigu oposizioetan esperientzia, euskararen ezagutza eta prestakuntza lehenetsi behar direla, azterketa baino gehiago. Lan Eskaintza Publikoak sarbide proba bilakatu beharko luke».