NAIZ

Lakuaren Berdindu! zerbitzuak 640 kontsulta baino gehiagori eman zien arreta iaz

LGTBI+ pertsonei, haien familiei eta hezkuntzako profesionalei informazioa eta orientazioa emateko Berdindu! zerbitzuak 648 kontsulta jaso zituen iaz eta 2.400 irakasle baino gehiagori eman zien aholkua.

Bilboko bulegoan aurkeztu dituzte iazko Berdindu! zerbitzuaren datuak.
Bilboko bulegoan aurkeztu dituzte iazko Berdindu! zerbitzuaren datuak. (Irekia)

LGTBI+ pertsonei eta haien familiei eta hezkuntzako profesionalei informazioa eta orientazioa emateko Berdindu! zerbitzuak 648 kontsulta jaso zituen iaz, eta 2.413 irakasleri eman zien aholkua. Emakumeek erabili zuten gehien zerbitzu hori (%54), eta kontsulta gehienak (%31) sexu- edo genero-identitatearekin lotuta egon ziren.

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Berdindu! zerbitzuaren bulegoa bisitatu du astelehen honetan Bilbon.

Zerbitzu honek Bilbon bulegoaren arduradunak, Sarai Montesek, adierazi duenez, zerbitzuaren lana «funtsezkoa da LGTBI+ pertsonei eta haien familiei laguntza eta orientazioa emateko». «Lesbiana bikote bati ama izateko egin behar dituzten izapideak adieraztetik hasita, gurasoek seme-alabekin dituzten zalantzetaraino», azaldu du.

648 kontsultetatik, 163 Araban, 265 Bizkaian eta 220 Gipuzkoan egin ziren; horietatik %69 lehen kontsultan eta %31 jarraipenean. Batez ere emakumeak izan ziren zerbitzua erabili zutenak, guztizkoaren %54; %32 gizonek egin zuten, eta %3 genero desberdineko pertsonek.

Kontsulten tipologiari erreparatuz gero, gehienak sexu- edota genero-identitatearekin lotuta zeuden (%31), %24 laguntza juridikoarekin %24 eta %19 hezkuntzarekin.

Eskoletan ere bai

Hezkuntzaren arloan, Berdindu! Eskolak programak irakasleak, ikasleak eta haien familiak orientatzen eta aholkatzen ditu «sexu- eta genero-aniztasunaren kudeaketan», LGTBIfobia kasuak gertatzen direnean edo trans ikasleren bat «prozesu pertsonalean dagoenean».

Honekin, 2022an 68 ikastetxetan eman ziren prestakuntzak -horietatik 25 Haur eta Lehen Hezkuntzakoak eta 32 Bigarren Hezkuntzakoak-, eta 2.413 irakaslek parte hartu zuten, hau da, 2021ean baino %16 gehiagok. Ikastetxeek gehien eskatu zuten zerbitzua profesionalei prestakuntza ematea, 68 prestakuntzarekin, eta aholkularitzak, 37 prestakuntzarekin, izan ziren.

Ander Prol programa honen teknikariaren arabera, helburua «pertsona guztien errealitateak eta beharrak kontuan hartuko dituen hezkuntza-ingurune inklusiboa eta ekitatiboa sustatzea da, edozein dela ere pertsona horien genero-identitatea edo sexu orientazioa».

3.799 ikaslek hartu zuten parte Berdindu! Eskolak-en tailerretan; horietatik 1.526 Bizkaiko ikastetxeetakoak ziren, 1.487 Gipuzkoakoak eta 786 Arabako ikastetxeetan matrikulatuta zeuden.

Astelehen honetan egindako bisitan, Nerea Melgosak azpimarratu du zerbitzu hauek «oso garrantzitsuak» direla «gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzeko», eta «berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua modu guztietan sustatzen duten politika publikoak bultzatzen jarraitzeko beharra» azpimarratu du.