Zegama herria “sutan” dagoela inork ez du zalantzan jartzen. Bost egun besterik ez dira falta Euskal Herrian zein nazioartean sona handia duen Zegama-Aizkorri maratoia jokatzeko. 22. ekitaldia izango du, eta oso-oso bitxia bada ere, mendi lasterketa horren jarraitzaileek, ikusleek, egutegian letra gorri batekin markatuta dute. Harrigarria da 42 kilometro dituen (2.736 metroko desnibel positiboa) ibilbide horretako puntu zehatz batzuetan pilatzen den ikusle kopurua.
Bada, Zegama-Aizkorri lasterketaren festa hastear dago. Gogoratu behar dugu 13.830 korrikalarik eman zutela izena; trail munduan errekorra izan dena. Baina soilik 550 dira irteera puntuan izango direnak. Hain zuzen ere, heldu den igandeko goizeko bederatzietan.
Lasterkariak
Izenburuan aipatu dugu 22. edizioak ez duela faborito argirik. Antolatzaileek, hedabideek, adituek… den-denek aitortzen dute inoizko ekitaldi irekiena dela. Eta hein handi batean, iritzi horrekin bat egin daiteke. Salomon etxeak antolatutako Golden Trail World zirkuiturako baliagarria denez, mundu zabaleko eliteko lasterkari batzuek-batzuek maratoi entzutetsu hori korrituko dute.
Alabaina, elitekoak badira ere, izen handia dutenak ez dira irteera puntuan izango. Besteak beste, Kilian Jornet (hamar txapela) eta iazko emakumezkoen irabazle Nienke Brinkman. Hori gutxi ez, eta iazko podiumaren argazkitik bakarrik korrikalari baten irudia ikusten da: Manuel Merillasena.
Zirkuitu horretako lehen proba denez, maila handiko atletek ez dute hutsik egingo. Horietako asko oso ezagunak dira Zegama-Aizkorri maratoian. Zerrendari dagokionez honakook aipatuko genituzke: Remi Bonnet, Jonathan Albon, Elhousine Elazzaoui, Robert Pkemoi, Oihana Kortazar, Eli Anne Dvergsdal, Azara Garcia de los Salmones…
Horietako batzuek badakite zer den maratoi hori irabaztea. Kortazar, Bonnet, Dversdal eta Salmones olinpo horretan sartu dira. Baina berriro diogu eliteko multzoan daudenen izar nagusiak ez dira Zegaman izango.
Eguraldia
Aipatu ditugun 550 korrikalari horiek igandean ze eguraldia egingo ote duen zain daude. Edo hobeto esanda, iragarpenak minutuero begiratzen dituzte. Euskal Herriko isuri atlantikoan astelehenetik eguraldi aldakorrarekin gaude. Datozen egunotan euria iragarri dute, eta batez ere ostiraletik aurrera fronte hotz baten bisita. Horrek tenperaturak hoztuko lituzke, eta, agian, Aizkorriko tontorrean elur pixka bat ikusiko da.
Jakina, baldintza horiek guztiak ez dira aproposenak izango egun dauden errekorrak hobetzeko. Hots, ez da lasterketa azkarra izango. Gogora dezagun Jornetek (3:36:49) eta Brinkmanek (4:16:43) denbora onenak dituztela.
Jarraipena
Zegama-Aizkorri maratoia bertatik bertara jarraitzeko asmoa ez duenak aukera ederra izango du telebista-emanaldien bitartez ikusteko. Streaming bitartez hainbat kanal prest dira maratoi osoa jarraitzeko: Teledeporte, lasterketaren Youtubeko kanala, EITB, Kataluniako Esports 3 eta Golden Trail World zirkuituaren Youtubeko kanala.
Iaz eskainiz zen lehen aldiz lasterketaren emanaldi osoa eta publikoaren erantzuna errekorra izan zen: 87.000 ikusle telebistan, 123.000 bistaratze Zegamako Youtubeko kanalean eta 122.500 Golden Trail World zirkuituko Youtubeko kanalean. Datu horiei esker, Zegama-Aizkorri Youtuberen historian bistaratze gehien izan dituen gaztelaniazko trail lasterketa bihurtu zen.
Bertikala
Nahiz eta igandean Zegama-Aizkorri maratoiak foku guztiak bereganatuko dituen, aurreratu behar dugu etzi (ostiralean) Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalaren bederatzigarren ekitaldia jokatuko dela. Arratsaldeko lauretan 250 parte-hartzailek Zegamako geralekua baino kilometro bat lehenago dagoen bidegurutzean irteera puntua izango dute. Eta aurretik hiru kilometro eta mila metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea.
Zegaman izango diren hainbat korrikalarik (faborito ere) joan den igandean Txindokiko Kilometro Bertikalean beroketa lanak egin zituzten. Naiara Irigoyen nafarrak eta Iu Net katalanak irabazi zuten, eta hauek Zegamako proba horretan izango dira. Horiekin batera, beste lasterkari oso sasoiko batzuk: Malen Osa, Fabian, Venero, Jan Torrella, Onditz Iturbe…
Bi lehia aipatu ditugu, maratoia eta bertikala, baina Zegamako festa beste lasterketa batekin biribilduko da. Hots, igandean bertan jokatuko den Zegama-Aizkorri Junior Trail. Gazteenak lehiatuko dira 10,4 kilometroko eta 1.016 metroko desnibel positiboko ibilbidean.