NAIZ

‘Zirrara konpartitu bat’, EH Bilduk «kaleak astintzeko» egindako abestia

‘Zirrara konpartitu bat’. Hala deitzen da kanpainan zehar EH Bilduk Gipuzkoan erabiliko duen abestia. Xabi Solanok jarri dio musika eta Ane Labakak idatzi ditu hitzak. Azken honen hitzetan, helburua da «kaleak betetzea, kaleak astintzea, kaleak dantzaraztea».

Audio_placeholder

Zirrara konpartitu bat

Loading player...
EH Bilduren Gipuzkoako hautagaien aurkezpena, martxo bukaeran.
EH Bilduren Gipuzkoako hautagaien aurkezpena, martxo bukaeran. (Jon URBE | FOKU)

Ane Labakak eta Xabi Solanok ‘Zirrara konpartitu bat’ abestia egin dute EH Bilduren enkarguz. Solanok melodia jarri du eta Labakak kantuaren hitzak idatzi ditu.

Labakak NAIZ Irratian adierazi duenez, kanpainan erabiliko den abestia da, eta helburua da «kaleak betetzea, kaleak astintzea, kaleak dantzaraztea».

«Enkargu hau egin zigutenean ikusi nuen transmititu nahi zuten ideia nagusia hori zela, ilusioa, gogo bat gauzak aldatzeko irrika bat, eta hortik hasi nintzen letra josten», nabarmendu du sormen prozesua azaldu aurretik

Esan duenez, EH Bilduko kideek iragarri zioten Solanorekin hizketan ari zirela, eta berarekin jarri zen harremanetan. «Nik letra batzuk egin ditudanean, edo hutsetik sortu ditut eta bigarren pauso batean musikariak musikatzen ditu; edo, kasu honetan bezala, alderantzizko prozesua erabiltzen dut».

Hala, kasu honetan Solanok melodia sortu zuen eta ondoren Labakaren lana hasi zen, konpositore bezala. «Saiatu nintzen nire hitzak txertatzen, eta ikusi nuen ‘zirrara konpartituaren’ ideiarekin bat egiten zuela berak proposatutako melodiak», gaineratu du.

Abestian herria korapilatzearen ideia jasotzen da. Ez da «espresuki» EH Bilduk iraganean erabili duen korapiloarekin lotutako erreferentzia bat, «baina metafora batzuk errepikatzen ditugu nahi gabe».

Bere nahia izan da irudikatzea «nola korapilatzen garen elkarrekin», nahiz eta eragile ezberdinetatik etorri. «EH Bilduren mezua ere hortik ere ikusten nuen».

«Nire aldetik behintzat prozesu erreza izan da», azpimarratu du eta hitzekin jolastea gustatzen ziola aitortu du. «Hitz-jokozalea naiz», dio.

«Batera joateko melodia»

Solanok ere hitz egin du NAIZ Irratian. Azaldu duenez, indarra eta ilusioa transmititu nahi izan du egindako melodiarekin: «Denok batera dantza egiteko gogoa».

«Zerbait indartsu nahi nuen, batera joateko melodia izatea», esan du.