Frankisten errepresio ekonomikoa, bigarren planoan geratu izan den mina

Bizitza arriskuan duzunean normala da ondasun materialak bigarren mailan geratzea. Baina agian horrexegatik, frankismoak eragindako errepresio ekonomikoaz ez da behar beste hitz egin inoiz. Adituak bat datoz: ikerketa orokor serio bat egiteko dokumentazioa badago. Eta benetako borondatea?

Miren eta Marixel Lopez-Mendizabal, Ixaka aitonaren omenez beraien etxean jarritako plakaren alboan.
Miren eta Marixel Lopez-Mendizabal, Ixaka aitonaren omenez beraien etxean jarritako plakaren alboan. (idoia ZABALETA | FOKU)

Asko idatzi eta ikertu da 1936ko gerran eta frankismo garaian izandako errepresio fisikoari buruz. Fusilatuak, torturatuak, erbestera bidaliak... Sufrimendu humanoa ikaragarria izan zen urte haietan eta, agian horregatik, bigarren mailan geratu izan da kolpistek burututako espoliazio ekonomiko izugarria.

Urte gutxi batzuetan, milaka pertsona geratu ziren Euskal Herrian ezer gabe. Baserria, etxea, lantokia, lursailak, ondasun pertsonalak, aurrezkiak... lapurtu zizkieten. Gerrara edo erbestera joan behar izan zuten askok, espetxean sartu zituzten beste hainbat. Hori nahikoa zigor ez eta agintari frankistek zigor ekonomikoak ere nahierara ezarri zituzten urte haietan.

Modu batera edo bestera errealitate hori ikertu duten hiru aditurekin hitz egin dugu gertatutakoa hobeto ulertzeko: Javier Buces Cabello, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko Memoria Historikoaren Arloko arduradunarekin; Cesar Layana Ilundain, Nafarroako Memoria Institutuko dokumentazio arduradunarekin, eta Borja Sarrionandia-Ibarra Fernandez “II. Errepublika eta Gerra Zibila Deustun” liburuaren egilearekin.

Hiru adituak bat datoz gaia bi une edo multzotan banatzerako garaian. Alde batetik, herri bakoitza frankisten eskuetan erori aurretik edo ondorengo lehen egunetan gertatutako lapurretak leudeke. Horiek modu oso inprobisatuan gertatu zirela esan daiteke eta historialarientzat oso zaila da lapurreta horien dimentsioa neurtzea. Testigantzak dira informazio iturri nagusia, bakarra ez esatearren, eta gaia oso delikatua izaten da, askotan aspaldiko ezagunen artean gertatu zirelako lapurreta horiek.

Bestetik, frankismoak modu ofizialean bahitutako ondasunak eta ezarritako isunak leudeke, eta horiek bai, horiek zehatz dokumentatuta daude artxiboetan. Errepresio ekonomikoa arautzeko prozesua Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintzialak (OKBP) sortu zituen 1936ko irailaren 13ko 108 Dekretuaren bidez hasi zen. Eta 1939ko otsailaren 9ko Erantzukizun Politikoen Legea argitaratzeak argi utzi zuen gerra amaitzeak ez zuela ekarriko sistema politiko berrian garaitutakoak integratzeko inolako indultu politikarik. 108 Dekretuarekin eta 1937ko urtarrilaren 10eko Lege-dekretuarekin hasitako lege-egituraren hobekuntza bat izan zen hura, funtsezko oinarriak aldatu ez zituena.

Aipatutako batzorde horiek pertsona edo erakunde bakoitzaren fitxa bat egiten zuten, 1934tik aurrera matxinatuen postulatuekin bat egiten zuen edo ez “ikertzeko”, eta “ikerketa” horren emaitzaren arabera zigortu edo ez erabakitzen zen, eta zigorraren neurria. Abertzale, sozialista, anarkista eta gainerako errepublikazaleak zigortuak izan ziren, noski, baina inplikazio politiko argirik gabeko beste pertsona asko ere bai, beldurra zabaltzeko asmoz. Zigor horiek herriz herri dokumentatuta daude.

Errealitate desberdinak

Hala ere, herrialde bakoitzak baditu bere berezitasunak. Nafarroan, esaterako, ez zegoen oraindik industriari lotutako burgesia nabarmenik eta zigorrak beste leku batzuetan baino arinagoak izan ziren ekonomikoki. «Nafarroako kasuan batez ere isunak eta etxeko ondasunak aipatu behar dira espoliazio ekonomiko horretan. Isun ekonomikoak handiagoak izan ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, burgesiak indar handiagoa zuelako eremu industrialetan», aipatu digu Cesar Layanak, “Expolio y castigo” liburuaren egileak.

Cesar Layana Ilundain, Nafarroako Memoria Institutuko dokumentazio arduraduna eta «Expolio y castigo» liburuaren egilea (UTZITAKOA)

Edozein modutan, Layanak egoeraren larritasuna nabarmendu du: «Kasu gehienetan jende pobrea zen. Beraz, ondasunen balio osoari begiratuta, agian lapurreta ez zen sekulakoa, baina era berean kontuan izan behar da pobre haiek dena galdu zutela. Gutxi izan zitekeen, baina haientzat dena zen». Adibide moduan, aipatu daiteke zenbait pertsonari josteko makina edota baserriko oiloak konfiskatu zizkietela.

Layanak bere liburuan jaso duenez, Nafarroako 1.086 pertsonari erantzukizun politikoko espedientea ireki zitzaien, orotara 824 espediente, eta 864 pertsona, %80 baino gehiago, kondenatua izan zen. Ondasunen bahiketaz gain, isun handienak gerra garaian Errepublikako gobernuetan ministro kargua bete zuten bi nafarrei, Mariano Anso eta Manuel Irujori, ezarri zitzaizkien: hogei milioi pezetako isunak. Gainera, milioi bat pezetako bi zigor ezarri ziren, 100.000 pezetatik gorako beste 24 eta 10.000 pezetatik gorako beste 97 isun.

Hala ere, konfiskatutako ondasunei eta ezarritako isun ekonomikoei dagokienez, Bizkaiak jaso zituen zigor handienak. Ramon de la Sota enpresariak jasotakoak dira gehien aipatu izan direnak, baina beste pertsona asko ere antzeko egoeran geratu ziren.

«Deustun, adibidez, burgesiaren kontra jo zuten, gehienbat dirudunen artean abertzaleak ere bazeudelako. Horien kasuan isunak nahiko altuak eta deigarriak izan ziren. Eusko Jaurlaritzan ibilitakoen aurka ere bereziki gogor jo zuten. Eliodoro de la Torreri jarritako isuna nabarmendu dut neure lanean adibidez, baina gauza bera gertatu zitzaien Eusko Jaurlaritzan ibilitako beste kideei ere. Orduko hogei milioi pezetako isuna jarri zieten; gaur egungo 8 milioi euro baino gehiago lirateke», azaldu digu Borja Sarrionandia-Ibarrak konparazioa eginez.

Isun handienak familia aberatsenek jaso zituzten arren, klase baxuko hainbat langile, hein handi batean errentan bizi zirenak, ezer gabe gelditu ziren egun batetik bestera. «Bakan batzuek lortu zuten etxebizitza berreskuratzea, baina askok betiko galdu zuten, baita kasu batzuetan jabetza izanda ere. Adibide argiena Buenavista auzoan gertatutakoa da. Buenavista auzo txikia zen, etxebizitza kooperatiba bat zen. Hor jende gehiena alderdi sozialistakoa zen, kargu ertainekoak, eta auzo horretako bizilagunen %63k etxebizitza galdu zuten», oroitarazi du Sarrionandia-Ibarrak.

Borja Sarrionandia-Ibarra Fernandez, «II. Errepublika eta Gerra Zibila Deustun» liburuaren egilea (Oskar MATXIN EDESA / FOKU)

Javi Buces-ek Gipuzkoako beste adibide batzuk aipatu dizkigu, oso antzekoak: «Urnietako Brunet enpresako langileei etxeak kendu zizkieten. Enpresaren etxeak ziren eta denak kalera bidali zituzten. Jende berria etorri zen lan egitera eta haiek sartu ziren etxe horietan. Noski, aurrekoak ez ziren etxeen jabeak; han bizi ziren langileak ziren. Haiek bidali egin zituzten edo gerrara joan behar izan zuten, eta jende berria sartu zen, haien ordez. Donostian, adibidez, duela gutxi jardunaldi bat egin genuen Miramar jauregian eta Maria Puy Trintxerpeko emakume batek kontatu zigun nola kendu zieten etxea. Langile etxe batzuetan bizi ziren; noski, etxe horietan bizi ziren gehienak anarkistak edo sozialistak ziren, eta itzuli zirenean guztiak zigilatuta aurkitu zituzten. Eta etxerik gabe geratu ziren, kalean, ezer gabe».

Itzulketa ordenaturik ez

Gai honen inguruan badago atal bat bereziki garrantzitsua eta behar bezala ikertua ez dagoena: konfiskatutako ondasun horien itzulketarena, alegia. Alderdi politiko, sindikatu eta antzeko erakunde handiek lortu zuten nolabait lapurtutakoa itzultzea, baina norbanakoen kasuan denetarik dago. Familia edo enpresari ezagunek, agian, erraztasun gehiago izan zituzten beren jabetzak aldarrikatzeko, baina jende txiroak nekez berreskuratu zuen ezer.

Borja Sarrionandia-Ibarrak Deustuko adibide batzuk aipatu ditu: «Batzuek berreskuratu zuten etxea, baina beste batzuek ez. Aurora Arnaiz Amigoren kasua da, esaterako. Sozialista zen, Juventudes Socialistas erakundeko burua, mitinak ematen zituen... Emakume oso esanguratsua izan zen. Erbestera joan behar izan zuen eta, Mexikon, zuzenbideko lehen emakume katedraduna izan zen. Aurora Deustun bizi zen, Buenavistan, eta bere gurasoei etxea kendu zieten eta ez zieten inoiz itzuli. Beste lekuko batek kontatu zidanez, etxera heldu zenean guardia zibil bat bizi zen bertan eta hark argi esan omen zien: ‘Alde hemendik edo salaketa ipiniko dut zuen kontra’».

Argi dago ez dela inoiz prozesu orokor seriorik egin kendutako ondasun eta kopuru ekonomiko haiek itzultzeko. Ziur aski, gai delikatua delako. «Gaia oso konplexua da. Gauza bat da exhumazio bat egitea, non pertsona hori jada hilda dagoen. Bere duintasuna berreskuratu, bere historia osatu... Euskal Herrian kontsentsu minimo bat dago hori egiteko. Baina jabetzena beste kontu bat da», dio Bucesek.

Javier Buces Cabello, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia Saileko Memoria Historikoaren Arloko arduraduna (Gorka RUBIO / FOKU)

«Izan ere, finean, nortzuek egin zituzten lapurreta haiek? Bada, familia ezagunak dira askotan, denek ezagutzen zituzten. Gaur egun, agian, desberdina da, pertsona haiek guztiak jada hilda daudelako, baina urte luzez elkarbizitza bat egon da lapurreta haiek jasan zituztenen eta lapurretak egin zituztenen artean. Eta beldurra egon da honetaz hitz egiteko», bat egin du Borja Sarrionandia-Ibarrak.

Historialarien aldetik ez legoke ikertzeko arazorik, baina jendartea prest legoke? Hauxe, Javi Bucesen gogoeta: «Nik uste dut ez dela ikerketa oso zaila. Horrelako ikerketen alde nago, beharrezkoa delako: errepresio frankista arlo guztietan ikertu behar da. Ikerketa baterako dokumentazioa badago, baina gai delikatua da. Alemania aipatzen da askotan, baina kultura demokratikoan apur bat gehiago sakondu behar dugu. Prest gaude onartzeko oinordetzan jaso dugun denda, baserria edo taberna gure aitonak lapurtu zuela? Egia osoa ezagutzea eskubidea dela zalantzan jarri gabe, zer ‘ondorio sozial’ izango ditu, gure gizarte-harremanetan, negozio horren jatorria jakiteak? Prest egon behar da horrelako gai bati heltzeko».

 

Miren eta Marixel Lopez-Mendizabal: «Daukagun oroitzapena da familia beti abokatuekin zebilela, epaitegietan»

Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarra izan zen frankisten errepresio ekonomikoa gordintasun osoz sufritu zuen euskaldunetako bat. Jende askok “Xabiertxo” ikasliburuagatik ezagutuko duen arren, arlo askotan utzi zuen arrastoa. Idazle, kultur eragile, euskaltzale eta politikari abertzale moduan aurkeztu ohi da historia liburuetan, baina abokatua ere bazen eta editore lanetan egindako ekarpena ere aipagarria da. Eskia, mendia, bidaiak... denetik egin zuen bere garaian. Eusko Alderdi Jeltzaleko kide, Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ere izan zen 1935ean. Gerrak erbestera bultzatua, Donibane Lohizunera joan zen lehenik, eta Argentinara ondoren. Buenos Airesen egin zituen ia 30 urte eta 1966an Euskal Herrira itzuli zen.

Miren eta Marixel bilobek azken urteetan ezagutu zuten aitona, jada Euskal Herrira itzulita eta ikusmena galduta. «Berarekin bizi ginen, nik 14 urte nituen hil zenean eta Marixelek, 11 -dio Mirenek-. Oroitzapenak baditugu: gogoratzen naiz pianoa jotzen zuela egunero, ipuinak nola kontatzen zizkigun... Eta zaindu egiten genuen. Aita lanera joaten zen, ama eta izeba ere dendan lanean edota etxeko lanak egiten, eta guk ateratzen genuen kalera. Hemen ibiltzen ginen, Zerkausian, besotik helduta, ez zuelako ikusten. Komunera lagundu, bizarra moztu...».

Miren (ezkerrean) eta Marixel (eskubian) Tolosan egindako elkarrizketaren aurretik (Idoia ZABALETA / FOKU)

Ez omen zizkien gerra garaiko edo erbesteko istorio gehiegi kontatzen, baina bati eta besteari entzundakoari esker, baita Xabier aitak kontatutakoekin ere, haren bizipenen ideia nahiko argia egina dute biek.

«Anekdota batzuk kontatzen zituen, baina dena, gauza onak. Bizipen txarrak edo sufritu zituenak ez zituen kontatzen. Guk ez dakigu zehatz amonak (Andone Olano) nola egin zuen alde hemendik hiru seme-alabak hartuta beste aldera joateko, Donibane Lohizunera. Gauez joan zirela bai, baina gutxi gehiago», diote, nahiz eta gerora aitari entzundakoekin puzzlea osatu duten.

Paperak gordetzen

Izan ere, bat-bateko ihesaldi hartan, esfortzu berezia egin zuten paper eta dokumentuak gordetzeko, lapurtutako ondasunak berreskuratzeko gerora oso baliagarriak izan zirenak. «Aitonak 1936an berehala alde egin behar izan zuen, eta amona egun batzuk geroago joan zen Donibane Lohizunera. Baina bide horretan, lehenik, Urkizura joan ziren, neskame zeukaten emakume baten baserrira. Han gauza batzuk utzi zituzten gordeta, eta horri esker gero berreskuratu egin zituzten. Ez zen kasu isolatua izan, jende dezentek egin zuen hori: gauzak beste etxe batzuetan gorde eta itzulitakoan berreskuratu».

Frankistak Tolosan sartu zirenean, adibidez, ezaguna da Lopez-Mendizabalen liburutegiko funtsak hartu eta herriko plazan erre zituztela, jende guztiaren aurrean. «Abuztuaren 11 zen, argazkiak ere badaude», gogoratu du Mirenek, baina ekintza tamalgarri hark egoera hunkigarriak ere utzi zituela gehitu du: «Liburuak plazara eraman eta su eman zieten. Baina ez ziren denak erre. Eta gauean, pertsona batzuk bertara joan ziren, geratzen ziren liburuak jasotzera, eta etxean gorde zituzten. Eta gero, inprentara etortzen ziren gure aitarengana: ‘Xabier, hau gordeta geneukan’. Eta bueltatu egin zizkiguten».

Lapurretak ez ziren hor amaitu. «Aitak esaten zigun: ‘Hemen atzeko zapata denda batean gure etxeko ordularia dago’. Noski, guk ez dakigu ordulari hori nola iritsi zen horra, ez diozu ezer esango. Gure birraitona karlistaren gerrako jantzia ere desagertu zen, ezpata eta guzti. Brontzezko lau figura femenino ere bagenituen, eta horietatik bi Tolosako Casino Elkartearen sarreran egon dira urte pila batean...».

Euskal Herrira itzulitakoan etxea berreskuratzea izan zen lehen lana, eta hori ere ez zen samurra izan. «Lehen inprenta hartzen zuen beheko solairua gizon batek hartuta zeukan eta janari denda bat jarrita, atzean biltegi eta guzti. Eta alboan, beste gizon batek emaztearentzat artile-denda bat jarri zuen. Gure familia Tolosara itzuli zenean hori horrela aurkitu zuten. Janari denda zeukanak laugarren solairua ere hartuta zeukan eta bertan bizi zen, familiarekin. Eta artile-dendakoak hirugarren solairuan bizi ziren. Lehenengoan ONCE zegoen, itsuen elkartea. Eta bosgarren solairuan ere bazen norbait. Bigarrena bakarrik geratzen zen libre eta beraz, gu hor sartu ginen».

Prozesu luzeak

Prozesu legal luzeak jarri zituzten martxan: «Nik daukadan oroitzapena da aita-eta beti abokatuekin zebiltzala, beti epaitegietan. Garajearen epaiketa, etxearena... Hasieran denok batera bizi ginen etxe berean: bi izebak, aitona, gurasoak eta gu biok. Gu haurrak ginen eta ez zizkiguten gauza asko kontatzen, baina bazkalorduan denak han hitz egiten, beti harrapatzen genuen zerbait. Halako batean garajea berreskuratu zuten, Izaskungo aldapako lorategia ere bai... Baserrian, adibidez, ez zen inor sartu, bitxia da. Uste dut aitonak alde egin behar izan zuenean alokatuta zegoela».

Ondasunak berreskuratzeko prozesu horietan, garrantzi handia izan omen du garai hartan paperak gorde izanak. «Gure aitonak arropa askorik ez zuen hartuko alde egin zuenean, baina paperak, ahal izan zituen guztiak. Eskriturak, dokumentuak eta horrelakoak, bai. Eta hor zalantza dugu paper horiek denak Buenos Airesera eraman zituzten edo Donibane Lohizunen utzi zituzten ezkutatuta. Izan ere, gure aita 1955ean lehen aldiz itzuli zenean aurrena hara joan zen».

Ziur asko, prozesu luze horien adibide argiena hainbat urtean EAJren batzokia izan den eraikinean aurki daiteke. «Hainbat ideologiatako 25 pertsonak, gure aitona tartean, kultur etxe moduko bat sortu zuten, ‘Inmobiliaria Ureta’ izenekoa. Behean antzoki bat zeukaten, Antonio Labaienek idatzitako obrak antzezten zituzten, jendea ikustera joaten zen... Euskal dantzak, aitak txistua eta silbotea jotzen ikasi zuen hor, tertuliak egiten zituzten... Eta horietako solairu batean EAJkoak jarri ziren. Baina gerra garaian konfiskatu egin zuten eraikin osoa, eta Hezkuntza eta Kirol Ministerioak hartu eta eskola profesionala jarri zuen bertan», ekin dio kontaketari Miren Lopez-Mendizabalek.

«Gero eskola hortik kendu egin zuten, ez zegoelako behar bezala egokituta -jarraitu du-. Eta orduan EAJk okupatu egin zuen eta batzoki bilakatu zen. Baina zatiketa iritsi zenean, batzuek EAren alde egin zuten, gure etxekoak tartean, eta beste batzuek, EAJren alde. Batzokia EAJren esku geratu zen, baina gure aitak akziodunen liburua gordeta zeukan. Aipatu behar da liburu hori Iparraldetik ezkutuan ekarri zuela gure aitak: liburuari tapa gogorra kendu zion eta paperak gorputzaren bueltan jarri zituen zeloarekin lotuta. Eta banan-banan hasi zen ‘Inmobiliaria Ureta’ sortu zuten akziodunen bila, jatorrizko jabeen bila».

«Zenbat urte pasatu zituen gure aitak lan horretan jendearen bila! 2004an hil zenean ni jarri nintzen presidente eta, azkenean, 2010ean iritsi zitzaigun ondorengoa zioen abisua: ‘Bai, zuena da, itzuli egingo dizuegu’. EAJk joan egin behar izan zuen hortik eta haserretu egin ziren. Eta orain, hasierako 25 akziodun haien ordez, 200etik gora gara. Hasiera hartan denak ez ziren EAJkoak eta orain ere ez. Atera kontuak noiz konfiskatu zuten, noiz itzuli duten, eta tartean zenbat epaiketa, zenbat helegite, zenbat izapide...», gaineratu du.

 

Lapurretak lapurreta, frankismoak ez zuen lortu Jose Manuel Ostolaza debarraren ondarea deuseztea

Ondasunak konfiskatu zizkioten pertsonen artean kasu deigarrienetako bat Jose Manuel Ostolaza enpresari debarrarena izan zen. ‘Debarra’ esango diogu, nahiz eta Valladoliden jaio zen 1875ean, Ascencio aita eta Segunda Zabala ama bertara joan zirelako gerra karlistatik ihesi. Oso txikia zela heldu zen familia Debara.

Jose Manuelen bizitzak film bateko gidoia dirudi. Merkataritza-nabigazioan egin zuen lan oso gaztetatik, Kubako gerran tropak garraiatzen ibili behar izan zuen, Kuban egoera ekonomiko larrian egon zen... Baina azkenean Mexikora heldu zen, eta bertan, ez zailtasunik gabe, etorkizun oparoa izango zuen lastozko kapela fabrika bat ipini zuen martxan.

Ideiak sekulako arrakasta izan zuen eta, Francisco anaiarekin batera, AEBetan dirutza egitea lortu zuen. «Atera kontuak: 42 urterekin jubilatu eta Debara itzuli zen», aipatu digu Alex Turrillasek, Deba Kultur Elkarteko idazkariak.

Alex Turrillas, EBEFO eskola famatua egon zen eraikinaren aurrean (Jon URBE / FOKU)

Bizitzan izandako esperientziek bultzatuta, Jose Manuelek Deban merkataritza eskola bat eraiki zuen 1928an, bertako gazteek etorkizun oparoagoa izateko bide egokiena zelakoan. EBEFO izena jarri zion (Escuela Biblioteca Emigrante Fundación Ostolaza), familiaren “Barberokua” baserria zegoen lekuan eraiki zuen, Deba erdi-erdian, eta izaera laikoa eman zion.

Izaera laikoak elizaren haserrea piztu zuen hasieratik, eta hautu hura garesti ordaindu zuen urte batzuk geroago, frankistek boterea hartu zutenean. Ostolaza egiten ari zen apustuaren garrantzia ulertzeko nahikoa da beheko argazki historikoari erreparatzea: Niceto Alcala Zamora Espainiako II. Errepublikako presidentea, artean Ministroen Kontseiluko presidentea zen Manuel Azaña eta militarren buru Gonzalo Queipo de Llano 1932an, Deban, EBEFO eskola bisitatzen. Pio Baroja bera ere Ostolazaren lanaren defendatzailea zen.

Gerra lehertzearekin batera, ordea, dena utzi eta Mexikora erbesteratu behar izan zuen, Pepita Arriola liburuzainarekin batera. Bere ondasunak konfiskatuak izan ziren eta zerrenda ez da nolanahikoa: «Ostolaza Fundazioa hartzen duen finka, 70.000 pezetatan tasatua; Amillagakoa etxearen erdia, 55.000 pezetatan tasatua; hiru kontu korronte 16.000 pezetako saldoarekin...»

Alcala Zamora, Azaña eta Queipo de Llano 1932an, eskola bisitatzen (UTZITAKOA).

Jose Manuelek ez zuen inoiz gehiago Euskal Herria zapaldu, eta 1954an hil zen Mexikon. Seme-alabarik ez zuenez, bere ondasunak Francisco anaiarentzat gelditu ziren. Prozesuaren xehetasun handirik aurkitu ez dugun arren, Ostolaza Fundazioaren eraikina arazo handirik gabe berreskuratu ahal izan zuen, eta berak ere oinordekorik ez zuenez, Ostolaza Fundazioari utzi zion haren kudeaketa.

Ostolaza Fundazioaren lanari Deba Kultur Elkarteak eman zion jarraipena 1960tik aurrera, eta gaur egun ekimen ugari antolatzen dituzte urte osoan zehar. «Elkarte pribatua gara, baina lan erabat publikoa egiten dugula esan daiteke; Debako kultur etxea gara, finean. Hiru urtean 80 bazkide inguru izatetik 200 baino gehiago izatera igaro gara», nabarmendu du Turrillasek, amaiera tristeagoko beste kasu batzuk gogoratuz: «Silverio Urquiri enpresariari eraiki berri zuen hotela lapurtu zioten eta ez zioten inoiz itzuli. Hori ere aipatzea komeni da».

 

«Lapurreta modu desberdinak izan ziren unearen arabera»

Jon Unanue Lopezek (Donostia, 1964) lan handia egin du Urnietan 1936ko gerraren bueltan izandako gertaerak ikertzen. Hainbat testigantza jaso zituen, Justo aitarengandik hasita, eta batzuk Aiurri aldizkarian argitaratu izan ditu. Errepresio ekonomikoa bere horretan ez du bereziki ikertu, baina Unanuek xehetasun handiz marrazten duen 1936-1939ko Urnieta horretan errepresio mota hori ere nabarmena zen.

«Lehenik, kokatu behar da nolako giroa zegoen Urnietan altxamendua gertatu aurreko egunetan. Urnieta oso herri kontserbadorea zen. Udalean bi talde ziren nagusi: erregezaleak edo monarkikoak, eskuinaldeko botoa, hemengo boto tradizionala, eta bestetik, Eusko Alderdi Jeltzalea, ordurako alderdi nagusia zena eta hazkunde fase argi batean zegoena, Errepublika garaian asko indartu baitzen. Egia da herrian bazirela ezkerreko elementu batzuk, ‘aurrerakoiak’ esan dezagun, gutxiengoa baina mugitzen zirenak. Hein handi batean Oriatik zetorren mugimendu bat zen, Brunet eta enpresa horien inguruan sortutakoa. Garai hartan bitxikeria iruditu arren, balio izan zion Udalari, ordea, gertatzen ari zenaren erreferentzia modura», deskribatu du gerra piztu aurreko egoera Unanuek.

Jon Unanue, horrenbeste gertakari bizi izan dituen Urnietako Kontsejupean (Jon URBE / FOKU)

«Nazionalek aurrera egin ahala jendea kezkatzen hasi zen, entzuten zuelako nolako barrabaskeria egiten ari ziren Nafarroan. Ordurako, pertsona batzuek ospa egitea erabaki zuten; gure aitonak, esaterako. Gure aitona inguru abertzalekoa zen, baina ez zen inoiz militantea izan. Hala ere, ikusitakoak ikusita, alde egitea erabaki zuen. Etxean amona geratu zen sei-zazpi seme-alabekin. Eta gure aitona bezala, beste asko», jarraitu du.

«Tentsio giro hartan lehen harrapaketak gertatu ziren. Kasu gehienetan, herriko ume edo gaztetxoak ziren; ongi dakit hori nire osaba ere horrela ibili zelako. Kuadrilla giroan irten kalera, amonak ez utzi arren, eta etxeren bat hutsik zegoela entzundakoan han sartu eta zerbait harrapatu. Osabaren kasuan bizikleta bat hartua zuen eta jabea itzuli zenean, eskatzera joan zitzaion. Hura lotsa gure amonak pasatu zuena!».

«Beste mota bateko lapurretak gertatu ziren ondoren, nazionalak sartu zirenean. Horiek irabazleen harrapaketak ziren. Udalean agintea hartua zuten eta beren familiek egoera baliatu zuten ihes egindakoen ondasunak bereganatzeko. Ez ziren umeak. Eta etxeak ‘garbitu’ egiten zituzten: jantziak, alfonbrak, altzariak... Mikaelenean, esaterako, Bartolome Lasarte eta Antonia Barkaiztegiren etxean, horixe gertatu zen -haiei ere ondasunak konfiskatu zizkieten gero-. Noski, Urnieta oso herri txikia zen orduan eta jendeak bazekien batek zeraman arropa lehen beste batena zela. Jendea itzultzen hasi zenean, konturatzen zen bere ondasunak beste norbaitek zituela. Kasuren batean, baten bat joan zen lapurtutakoa bere kabuz itzultzera, egindakoarekin lotsatuta edo egoeraz jabetuta».

«Eta beste kontu bat da konfiskazioen legea atera zutenean. Aitzakia zen gerrako gastuari aurre egin behar zitzaiola. Hor prozedura bat jarri zen martxan, oso argia, udal guztiek egin behar zutena. Lehenik, zerrenda bat egin behar zen jakiteko zer pertsonek alde egin zuten, eta pertsona horiek deitzen zituzten kontuak ematera. Azaltzen ez baziren, erabakia zen haien ondasunekin erantzun behar zutela. Etxeetara joaten ziren, beraz, eta dena inbentariatzen zuten. Artxiboan daude zerrendak».

Ongi daki hori Unanuek, amonari ere ofizio bat bidali ziotelako, aitona Urnietan azaltzen ez bazen ondasunak konfiskatuko zizkiotela zioena. Nola edo hala amonak aitonari -Iparraldean zegoen- egoeraren berri ematea lortu zuen, eta hark Iruñean umezurztegi militar batean moja zeuden bi izebarengana jo zuen laguntza eske. Bietako bat arduraduna omen zen. Izeba horien eraginari esker, Nafarroako gobernadore militarrak ofizio bat bidali zion Gipuzkoakoari, non galdetzen zuen zer zeukaten haren kontra, eta gero Urnietako Udalari luzatu zioten galdera.

«Agiriak begiratzen ari nintzela, Udalak emandako erantzuna aurkitu nuen. Erantzunak dio denek abertzaletzat zutela, baina ez ‘separatista-marxista’-tzat, bozka ematera mugatzen zela eta Urnietara itzultzea ‘desatsegina’ izango zela, baina ez du zigorrik eskatzen. Horrela itzuli zen aitona etxera eta azkenean ez zuen ondasunik galdu».

Zoritxarrez, kasu denek ez zuten amaiera hori izan.