NAIZ

Euskal presoen aldeko aldarria Mariñelarenaren omenez Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian

Pello Mariñelarena 1993. urteko maiatzaren 15ean hil zen Pariseko espetxe bateko erizaindegian. Larunbat honetan gogoratu dute Etxarri Aranatzen egindako ekitaldian. Bertan, preso guztiak etxera ekartzea «lehentasunezko borroketako bat» dela azpimarratu dute.

Etxarri Aranatzen larunbat honetan egindako ekitaldia.
Etxarri Aranatzen larunbat honetan egindako ekitaldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dozenaka lagun bildu dira larunbat honetan Etxarri Aranatzen, Pello Mariñelarenaren omenezko ekitaldian parte hartzeko. Etxarriarra Pariseko espetxe bateko erizaindegian hil zen 1993. urteko maiatzaren 15ean. Gogoratu dutenez, berandu diagnostikatu eta gaizki artatutako gaixotasun larri baten ondorioz hil zen. Espetxe politikagatik hil den 35 euskal errepresaliatuetako bat da.

Bere heriotzaren 30. urtemugaren harira ‘Sorkuntza eta espetxea’ ekimen zikloa izan da azken aste honetan Sakanako udalerrian. ‘Apaiz Kartzela’ dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia izan da Xabier Amurizarekin; Iñaki Pikabea ‘Piti’ preso ohiaren artelanek osatzen duten ‘Ekinaren Ekinez’ erakusketa ikusi ahal izan da ere; eta ‘Piti’ berak eta Jokin Urain ‘Kixkur’ zein Mitxel Sarasketa preso ohi eta Ateramiñeren bultzatzaileen eskutik egindako mahai ingurua egin da.

Larunbat honetako ekitaldiak ekimen ziklo honen «unerik gorena» markatu du. Joxe Aldasorok hasiera eman dio ekitaldiari. Honek Mariñelarenak idatzitako hitzak gogoratu ditu: «Gure begiek, zuenetara begiratzen dute, eta zuek aurrera egiten duzuen bitartean, guk ere halaxe egingo dugu».

Eta herria aurrera doala nabarmendu du: «Askatasunaren bidean aurrera goaz, pauso sendoekin. Aldapez eta oztopoz betetako bidean aurrera goaz. Aurrera goaz, zorionez, gure gurdiak, herriak, gero eta bidaiari independentista gehiago eramaten dituelako».

Ekitaldiko hitzartze nagusia Aritz Igoak egin du, ekimena antolatu duen herritar taldearen izenean. Bere esanetan «Euskal Herriak bizirik dirau, besteak beste, espainiarrek eta frantsesek eraiki dituzten kartzeletatik ez direlako soilik malkoak eta haieneak iritsi».

«Zorionez, garai ezberdinetan kartzeletatik pasa diren euskal herritarrak jakin izan dute baldintza gogorrenetan ere beren herriari beraien ekarpen kolektiboa eta indibiduala egiten. Irudimena eta sormenaren bidez. Atzo eta gaurko euskal preso politikoak beti jakin dute herriaren bihotz taupadarekin bat egiten. Atzo eta gaurko euskal preso politikoak askatasun haizea dira», gaineratu du.

Halaber, «kartzeleroak euskal presoen izaera eta nortasun politikoa deuseztatzen» saiatu direla ohartarazi du: «Denetatik egin dute presoa eta herriaren arteko lotura eteteko. Urrunketa, isolamendua, tortura, gerra zikina, salbuespeneko espetxe politika eguneroko ogia izan dira euskal presoentzat. Gaur ere, ehun eta hirogei euskal herritarrek preso segitzen dute Estatu sakonaren aparatuek era guztietako trikimailuak erabiltzen ari direlako presoen etxeratze bidea oztopatzeko».

«Espetxe politikan egon diren aldaketa guztiak presoek kartzelatik eta herriak kaletik larrutik borrokatutakoak eta irabazitakoak izan dira. Oso argi daukagu espetxeak hustutzea eta preso guztiak etxera ekartzea dela herri honek gaur gaurkoz duen lehentasunezko borroketako bat», nabarmendu du.