Eszena bakarra izanik ere, publiko gaztea animatzeko musika ez da faltako aurtengo Herri Urratsean..
Eszena bakarra izanik ere, publiko gaztea animatzeko musika ez da falta. (Patxi BELTZAIZ)
Jai giroa nagusi aurtengo Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaian.
Jai giroa nagusi aurtengo Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaian. (Patxi BELTZAIZ)
Eguraldiari aurre egin diote ehunka lagun Senperen.
Eguraldiari aurre egin diote ehunka lagun Senperen. (Patxi BELTZAIZ)
Zapantzarrak ere Senperen izan dira.
Zapantzarrak ere Senperen izan dira. (Patxi BELTZAIZ)
Ikurriña ugari Senperen.
Ikurriña ugari Senperen. (Patxi BELTZAIZ)
Jendetza senperen.
Jendetza senperen. (Patxi BELTZAIZ)
Janaria ez da falta Herri Urratsean.
Janaria ez da falta Herri Urratsean. (Patxi BELTZAIZ)
Eszena bakarra izanik ere, musika ez da faltako aurtengo Herri Urrats honetan.
Eszena bakarra izanik ere, musika ez da falta aurtengo Herri Urrats honetan. (Patxi BELTZAIZ)
Jean-Rene Etchegaray Senperen.
Jean-Rene Etchegaray Senperen. (Patxi BELTZAIZ)
Erreskate zerbitzuak Senpereko lakuan.
Erreskate zerbitzuak Senpereko lakuan. (Patxi BELTZAIZ)
Herri Urrats 2023
Eguraldiaren hobetzearekin, ttipienek ere izan dute gozatzeko parada Herri Urratsen. (Patxi BELTZAIZ)
Herri Urrats 2023
Arratsaldeko kontzertuetan jendetza bildu da Araba gunean. (Patxi BELTZAIZ)
Herri Urrats 2023
Su Ta Gar taldeak egin du aurtengo 'Urratsk zubi' kanta. (Patxi BELTZAIZ)
Maite Ubiria

Laino beltzen artean igaro den Herri Urrats laguntzeko deia zabaldu dute Senperetik

Uholdeen gainetik eta ekaitzen azpitik Herri Urrats ospatzeari ekin diote, gaur eguerditik aurrera, Senpereko aitzirara bertaratu diren euskaltzaleek. Izan ere, aroa tartean galera handiak izaten direla aurreikusitik, urrutitik ere diru-ekarpenak egiteko aukera zabaldu du Seaskak.

Berezia behar zuen izan aurtengo Herri Urrats, 40. urtemuga heldu baita Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolen aldeko besta nagusia. Izan ere, azken ordutan izan diren euri jasek presaka eta korrika besta berformulatzeko behartu dute Seaska.

Formatu txikian igaroko da aurtengo Herri Urrats, hala nola eszena bakarra antolatzera behartuta izan baitira antolatzaileak. Izan ere, horrek ez du, txano eta euriaz babesteko arropa soinean, lakura bertaratu den publiko gazteari bestaz gozatzeko aukera lapurtuko. 

Maiatzaren bigarren igandearekin, Herri Urrats ospatzera heldu diren lagunek aldaketak atzeman dituzte, beharrik. Izan ere, Ipar Euskal Herriko ikastolen besta posible egiten duten jendeak -gurasoak, irakasleak, ikastoletako langileak edota laguntzaileak...- bertan atzemanen dituzte, goizean goizetik, euskaltzale orori egun ederraz gozatzeko parada emateko lanean ari zirelako.

Baxe Nafarroa eremuan, Donibane-Ziburuko kolegioko lagunek kudeatzen duten xapito zuri erraldoiaren azpian ogitartekoak prestatzen atzeman dugu Ihintza.

Aroa bustiak ez diola lanerako gogoari kalte egin erakutsiz, euskaltzaleei bertaratzeko deia luzatu die NAIZen bitartez urruñarrak.

Ibilbideari jarraituz, argitaletxetako txokoaren aldera, edari beroa hartzen, hor zen, lagunekin kalakan, Seaskako lehenengo andereñoetako bat, Libe Goñi, aitzina egiteko mezua berretsiz.

Berak ere ez dio muzin egin hodei beltzen artean igaroko den Herri Urratseko aurtengo bestari.

Bilboko Harrobia ikastolako tropa buru belarri ari zen, handik gertu, eguerditik aurrera heldu diren lagunei materiala erakusteko mahaiak atontzen.

Elkartenet hezkuntza elkarteko kide den Jabi Alfarok azaldu duenez Hego Euskal Herrian baztertzen diren ordenagaileen bizitza berrerabilpenaren bidez luzatzeko egitasmoa garatzen ari dira, besteak beste, «Seaskaren ikastolen digitalizazio-numerazioaren prozesuari laguntzeko».

500 kilo haragi. Dabid Gonzalez laboraria eta bere lagunak parrillero lanetan ziren, ez ohiko tokian. Lehen paellak banatzen ziren inguruan plantatu dira aurten. Aldaketaz aldaketa, Herri Urratsen gehien eskatzen den janaria, zikiroa, ez da falta aurten.

Hizkuntz politikaren aldeko «oldar berria»

Herri Urrats posible egiten duten ehunka eta ehunka boluntariok lanean zirela, Herri Urrats kari antolatzen den harrera ekitaldiak Senpereko Herriko Etxean bildu ditu ikastoletako arduradunak eta hainbat erakundetako arduradunak.

Iragan martxoan errepikatu ziren bozetan hautatua izan zen Bernard Elhorga auzapezak hartu du hitza lehena Herri Urratsek Senpereko herriarekin duen lotura goraipatzeko.

Hala da 1984. urteaz geroztik, pandemiak bi urtez besta bertan behera uztera behartu zuen etenaldia alde batera utzita, urtero Senpereko lakuan ospatu da Herri Urrats.

Harrera ekitaldian izan dira, besteak beste, Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria, Jean-Jacques Lasserre, Pirinio Atlantikoen departamenduko burua, Frederique Espagnac senatari sozialista -Alain Roussen Akitania Berriko eskualdeko presidentea ordezkatuz-, Jokin Bildarratz, EAEko Hezkuntza sailburua eta Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente den Antton Kurutxarri.

Hezkuntza ministerioarekin hitzordua, ekainean

Azkeneko honi egotzi zaio Seaskak zabalik dituen bi frontetan aitzinamendu berriak etorri daitezkeela iragartzea.

Kurutxarrik azaldu duenez, ekainaren hastapenean frantziar Hezkuntza Ministerioko ordezkariekin bilera hitzartua da, alde batetik azterketak euskaraz egiteko eskaerari buruz eta bestetik EEPren sostenguz Seaskak Estatuarekin duen hitzarmena berritzeko negoziaketari buruz hitz egiteko.

«Hizkuntza politika oldar berri baten beharra duela» azpimarratu du.

Bere aldetik, Jean-Rene Etchegarayk hizkuntz eskubideen europar xarta izenpetu ez izana itsusitu dio frantses Estatuari, eta Jokin Bildarratzek EAE, Nafarroa eta Iparralde arteko ituna izan du aipagai, euskaren garapenak, eskola zein eskolatik at baitaere, eskatzen duen babesa defendatuz.

Finean, Peio Jorajuriak azken hamarkadetan, borroka eta lanaren bidez, lorturiko aitzinamenduek haien fruituak eman ditzaten «azkarrago eta sakonago» jokatzeko beharra nabarmendu.

Agintariak eta ikastoletako ordezkariak 'Baxoa euskaraz' aldarrikatzen due tiserta soinean.

«Brebetaren azterketa euskaraz egiteko baimena lortu dugu baina behar duguna da azterketak euskaraz egiteko eskubidea aitortua izatea», oroitarazi du Seaskako lehendakariak, behin ekitaldia amaituta, lehen aipaturiko agintarian aldamenean zituela, Baxoa euskaraz galdetzen duen tiserta jantzita familia argazkia egin duen Jorajuriak.

Kattalin Elizalde kolegioaren aldeko sos-bilketa

Herri Urrats ‘XS’ honek ez du ahalbideratuko egitarauan ziren hainbat ekimen garatu.

Hala, besteak beste, Euskal Herriko Ikastoletako lehendakari gisara erretreta hartuko duen Koldo Tellituri heldu den urteko Herri Urratserako hitzordua eman dio «ongi merezitako omenaldia» jaso ahal izateko Seaskako lehendakariak.

Ordurako bosgarren kolegioa bere ate zabalik izanen ditu. Senpereko aintziratik hurbil eraikitzen ari dira Ipar Euskal Herriko ikastolak kolegio berria.

Lehen Herri Urrats egin zelarik, 1984an, 700 ikasle zituen Seaskak. Gaur gaurkoz 4.000tik gorako ikasle badituzte Iparraldeko ikastolen sareak. 

Arrazoi ezberdinengatik, hain berezia izaten ari den Herri Urratsen 40. edizio honen kari, kolegio berria heldu del ikasturte hasieran abian izanen dela baieztatu du, harrotasunez, Jorajuriak.

Kattalin Elizalde izena izanen duela bosgarren kolegioa jakitera eman du.

Gaur Senperen bilduko den diruak ikastetxe berria ordaintzeko balioko du.

Alta, aroak sorturiko hutsune erraldoia gainditzeko, beste elkartasun ekimenak baztertu gabe, dagoeneko hainbat banketxetan kontu korronteak ezarriko ditu Seaskak Senperera etortzekorik ez dute ukan herritarrek haien diru ekarpena egin ahal izateko. Horrez gain Bizum bidez ahal da dirua bidali eta Herri Urratsen materialak erosi.

«Elkartasun uholdea behar dugu zubiak eraikitzen jarraitzeko» adierazi du Herri Urratsek doantzak egiteko moldeei buruz azalpenak emanez bere webgunean.

Frederique Espagnac senatariak berak, harrera ekitaldian hitza hartu duenean, Akitaniako Kontseiluak Seaskak luzaturiko laguntza deiari erantzungo diola aditzera eman du.

«Elkartasun nazionalerako tenorea da» mezua bere egin du, sare sozialen bidez zabalduriko mezuan, Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluaren idazkari nagusiak.