NAIZ

Ama bakarrentzat ere bi gurasodun familiek zaintzarako dituzten 32 asteak exijitu ditu LABek

Espainiar Auzitegi Gorenak zehaztu du ama bakarrek ezingo dituztela bi guraso dauden familiek dituzten zaintzarako 32 asteak izan, eta horren ordez 16 besterik ez dituztela izango, orain arte epai batzuek haien alde egin badute ere.

Gasteizko Gizarte Segurantzaren egoitza parean egindako mobilizazioa.
Gasteizko Gizarte Segurantzaren egoitza parean egindako mobilizazioa. (LAB)

LAB sindikatuak ama bakarren eskubideak aldarrikatu ditu, Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak epai bidez ebatzi ostean ama bakarrek zaintza eskubide gutxiago dituztela bi gurasodun familiek baino. Mobilizazioa egin dute Gizarte Segurantzako Gasteizko egoitzaren parean, euren eskaerak zabaltzeko asmoz.

Orain arte auzitegi batzuk onartzen ari ziren ama bakarrek bi gurasoko familien prestazioak jasotzea, hau da 16 asteko bi gurasotasun prestazio pilatzeko aukera (32 aste), baina orain Auzitegi Gorenak aukera hori ukatu eta ama bakarrek 16 aste izango dituzte soilik.

Hori dela eta, LABek helegiteak aurkeztu ditu orain arteko hainbat epai oinarri hartuta. Sindikatuak «ama bakarren eskubide urraketa dela» uste du. Kontziente da afera Europako Batasuneko Justizia Auzitegira heldu dela, eta hark emango duen epaiaren zai dago.

«Jendartea eta testuinguru soziala, familia eredu bakar batetik harago, aukera aniztasunaren aldeko trantsizioa egiten ari da, eta aukera horien artean dago ama bakarra izatea erabaki duten pertsonena. Baina, era berean, sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honen mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak (baita juridikoak ere) ditu bere gain eredu hori birproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da», iritzi du sindikatuak.

Hori dela eta, uste du zapalkuntza bikoitza dela: «Sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako, batetik, eta zaintza eskubidea bera urratzen da, bestetik, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatu egiten delako».

LABek egoera horren aurrean aldarrikatu du zaintza erdigunean kokatuko duen «sistema oso bat»; Euskal Herrirako Lan Kode eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat; marko propio bat, «non eredu hegemoniko (zis)heteropatriarkaletik haragoko aniztasuna kontuan hartzen den eta errealitate horientzako eskubideak sortuko diren»; eta eskubideak gauzatzeko aldaketa legalak.