«Deus eta deus ez» kontzeptuak oinarri hartuta, etengabeko jolasean ibili da Eric Dicharry idazlea ‘Deus’ poesia liburu osoan zehar. Astearte goiz honetan aurkeztu du Donostiako liburutegian Jose Angel Irigaray Pamielako editorearekin batera. Idatzi duen libururik «intimoena» dela aitortu du idazleak. Trilogia berean kokatzen dituen ‘Duchampen inguma’ eta ‘Eros’ liburuen ostean, hirugarrena litzateke argitaratu berri duena.
Irigarayren ustez, «oihan bat gauzatzen» du idazleak, eta uste baino gauza gehiago daudela letren artean azaldu du: «Badaude iraultzeko mezuak, gorroto eta maitasun kontuak, baita bere eskarmentuak ere, behin baino gehiagotan jo duelako kaosera eta hortik osasuntsuago edo behintzat zerbait gehiagorekin ateratzen da».
Liburuaren barne antolamendua zazpi kapitulutan dago osatuta, hala ere, Dicharryk adierazi du irakurketa edozein orrialde edo testutatik abiatu daitekeela, «testu bakoitza autonomoa baita». Eta adierazi du lehen kapitulua baino lehen «deus» hitzaren hainbat definizio jasotzen direla.
«Liburuaren abentura argazki batekin hasi zen, Hiroshi Sugimoto argazkilari japoniarrak badu argazki bat antzoki batena. Zuri den zine pantaila agertzen da, zuritasunak film baten irudi guztiak ditu bere baitan atxikitzen; argazki horretan deusaren deus eza ikusi nuen», azaldu du idazleak liburuaren jatorriaren inguruan. Bi kontzepturen artean jolas egiten du etengabe liburuak: Deus eta deus ez. Editoreak eman du xehetasuna: «Deus positiboa da, eta deus ez, ezereza baino haratago doana da».
Gorpuz adar mamuak eta traumak
Zer izaten ahal da deusezaren deusa? galdetu du idazleak, eta jarraian adibide batekin erantzun: «Gorputz adar mamuaren adibidea jarriko dut, kendua den organo bat da, betirako desagertu da organo hori, baina bere sentsazioa beti hor dago, beti bizirik, hori da deusezaren deusa».
Inoiz euskaraz idatzi duen libururik «intimoena» dela kontatu du, eta hitzak gure baitan ditugun «demonioak» direla azaldu, gure baitan isilarazitako demonioak dira hitzak Dicharryrentzat. «Transgresorea» da idatzi berri duen liburua idazlearen arabera: «Bizi izan ditudan traumak sublimatzeko balio izan dit, gorputza zeharkatzen dizkidaten sentsazioak jasotzen dira, intimitatetik unibertsalizazioraino; poesiatik, artera, artetik zientziara, zientziatik literaturara. Beste pentsalari eta idazleen aipu asko jasotzen ditut bertan». Baina aipu guztiek «deus» kontzeptuarekin dute lotura.
Poesia baino gehiago
Poesiaz poesia hamaika gai landu ditu idazleak, eta aurkezpenean zerrendatu ditu horietako batzuk: «Errealitatea eta fikzioaren tartea, drogazaletasuna, kokainaren merkatua, diktadura, iraultza, espetxea, neokolonialismoa, klandestinitatea, epaiketa morala, guardia zibila, biolentziaren monopolioa, euskara eta lengoaiaren muga, memoria kolektiboa, psikiatria, zoriontasuna, norberaren ezagutza, arte garaikidea». Eta jarraian azaldu du poesia sailean kokatu duten arren liburua, saiakera eta narrazio generotik asko duela.
Liburuaren azala mamiarekin josita dago idazlearen arabera, mediku erradiografia bat ageri da, «erradiografia batek azalaren azpian dauden gauzak ikusarazten dizkigu, gure zentzumenen mugetara murgiltzen da».
Liburua «deklinagarria» izango dela azaldu du Dicharrayk, hirugarrena izan arren, ez dela helmuga bat, «urrats bat baizik». Eta liburutik abiatuta, liburuaren barnean dauden argazkiekin erakusketak, performanceak, soinu bandak edota beste hamaika formetako artelan berri sortu daitezkeela.