Nagore Belastegi

Floridako irletara bidaiatu du Oihane Amantegik ‘Cayo Hueso’ eleberrian

Musika soinua eta tabako eta alkohol usaina du ‘Cayo Hueso’ (Elkar) lanak, Oihane Amantegiren bigarren nobelak. Protagonisten arteko harreman pertsonalak aztertzen dira bertan, eta nola batzuetan ez den nahikoa elkar ezagutu nahia aurrera egiteko; batzuetan joaten uztea da egokiena.

Oihane Amantegi ‘Cayo Hueso’ eleberriaren aurkezpenean.
Oihane Amantegi ‘Cayo Hueso’ eleberriaren aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

Oihane Amantegik ‘Cayo Hueso’ (Elkar) aurkeztu du asteazken goiz honetan, bere bigarren eleberria. Lehen nobelaren, Estatu Batuetako hegoaldean kokatutako ’Ibaiertzeko ipuina’ren jarraipena ez da, baina badu loturaren bat. Oraingoan ere, idazleak urrutiko paisaietara jo du istorioa kokatzeko, horrela askeago eta erosoago sentitzen delako, nahi duena imajinatu dezakeelako. Bertan egona da, baina hala ere hainbat azalpen ematerako garaian informazioa begiratu behar izan du, oker ez dagoela konprobatzeko.

‘Cayo Hueso’ Floridako «cayoetan» gertatzen da. «Cayoak irla txikiak dira, oso geografia tropikalak», azaldu du Amantegik. Bertan 1912an martxan jarri zen kontinentetik irletara iristen zen trenbide bat, baina urakan batek erautsi zuen 1935ean. Egun errepide bat dago, autoz joan ahal izateko, baina trenaren ideia erromantikoagoa zen.

Eleberria «cayo» horietako batean gertatzen da eta, nahiz eta datarik zehazten ez den, trenbidea erautsi ostean da. Cayo Hueso deitu zioten espainolek bertara iritsi zirenean hezur pilak aurkitu zituztelako. Bertan egona izan zen Ernest Hemingway, eta Tennesee Williamsek ‘Desira izeneko tranbia’ bertan idatzi zuen.

Eleberriaren osagaiak

Lekuak berak garrantzia handia du istorioan, baita musikak ere, protagonistetako bik harremana dutelako musikarekin: Virgil musika kritikaria da eta Maudey, bere bandarekin irlara iristen den jazz kantaria. Narratzailea, ordea, otarrain-arrantzale zahar bat da.

Izan ere, otarrainek ere badute garrantzia. Otarrain arrantza funtsezkoa izan da Cayo Hueson, mota horretako animalia asko daudelako han, eta oraindik ere arrantza ludikoan arrakasta du. Amantegik otarrainei buruzko datu batzuk eman ditu aurkezpenean: «exoeskeletoa dute, hau da, kanpotik gogorrak dira baina barrutik bigunak. Otarrainak ez dira hiltzen zaharrak egiten direlako, euren zelulak berritu egiten direlako eta etengabe hazten ari direlako. Hazten direnean, exoeskeletoa apurtu eta galdu egiten dute, eta berria sortu bitartean zaurgarri gelditzen dira. Horregatik ezkutatu egiten dira. Exoeskeletoa aldatzen duten aldietako batean nekearen nekeaz hiltzen dira. Gainera, pintzak dituzte eta horiek kortejorako edo erasotzeko erabiltzen dituzte», azaldu du.

Otarrainak eleberriko Virgil eta Maudey pertsonaiekin konparatu daitezkeela uste du idazleak, pertsonak maitemintzen direnean hazi egiten dira baina zaurgarri gelditzen dira, eta ezkutatu egiten baitira, eta mina ere eman dezakete. Kapitaina zaharra bikotearen artean sortzen ari den harremanaren lekuko da, eta bizitzak emandako esperientziaren begi humanoekin begiratzen die. «Eleberrian ez da asko gertatzen, pertsona batzuen elkar ezagutzea baizik, eta nola ez duten lortzen guztiz ezagutzea, eta horrek sortzen dituen zauriak»

Eleberriaren atmosfera hiru hitzekin deskribatu du: «musika, alkohola eta tabakoa». Estiloari dagokionez, aipatu du bere kasuan ateratzen zaion bezala idazten duela, eta gerora txukundu egiten duela, gehienetan testua laburtuz. Nahiz eta ‘Cayo Hueso’ ez den ‘Ibaiertzeko ipuina’ren jarraipena, nolabaiteko harremana duten heinetik, trilogia osatzeko gogoa sortu zaiola aitortu du. Hirugarren eleberri hori idazten badu, beste behin urrutiko leku bero batera joko duela aitortu du.