Jon Ormazabal

Galarretako gotorlekutik at, txoko goxo bat topatu du erremonteak Villabonan

Oriamendi enpresak eta bertako Behar Zana pilota klubak elkarlanean abiatutako ekimenaren baitan, jokamolde honetara gerturatzeko lau saio praktiko egingo dira maiatza eta ekainean zehar.

Endika Barrenetxea, ume bati azalpenak ematen.
Endika Barrenetxea, ume bati azalpenak ematen. (Jon URBE/FOKU)

Urte askoan babesleku ezin dotoreagoa izan da Galarreta erremontearentzat, baina urterik urte erresistentziako unerik larrienak gaindituta, Oriamendi enpresan oso argi dute pilota modalitate honek aurrera egin dezan beharrezkoa dela beste pilotaleku eta herrietara zabaltzea. Villabonan txoko polita topatu dute. Lehen urrats batean, Euskal Telebistak “Erremontari” saioaren bidez eskaini dion erakusleihoa baliatzeko asmoz, Erremontari Herriz Herri txapelketa martxan jarri dute, materiala egokituz eta Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait herritako frontoi motzetan jaialdiak eskainiz, zale izan daitezkeen horiengana hurbiltzeko. Eta hasitako bide horretatik jarraituz, epe ertain-luzera begira, erremontean ariko diren pilotarien beharra ere izango denez, beste pauso bat eman nahi izan dute.

Endika Barrenetxea, egungo Buruz Buruko txapelduna, Villabonako pilotalekuan gaztetxoenei zuzendutako lehen saioan honela mintzatu zen: «Nik uste dut guretzat proiektu honetan garrantzitsuena erremonte eskola Galarretatik ateratzea da. Nabaritu dugu erremontea probatzera Galarretara joateak zerbait oso serioa ematen duela. Badirudi, hara joanez gero profesional izateko ideia horrekin joan behar duzula, eta molde horiekin hautsi nahi dugu. Iruditzen zaigu jendeak bere herrian eta bere frontoian errazago proba dezakeela erremontera, diskretuago, hemen gustatzen bazaie, hemen praktikatzen hasi eta gero egunen batean Galarretara hel daitezkeela».

Izan ere, jokamolde desberdinak biziraunarazten esperientzia duen Behar Zana elkartearekin batera proiektu berri bat jarri dute martxan, Villabonako eta inguruko gaztetxoek erremontearekin lehen kontaktua izan dezaten. «Dudarik gabe, horren gureak diren errebotea eta joko garbia sustatzen jarraitu behar dugu, baina zergatik ez egin erremontearekin ere antzeko zerbait? Gure asmoa 14-15 urteko nerabe hauei erremontean aritzeko aukera eskaintzea da, lehen esku-pilotan aritutakoei eta pilotan aritu ez direnei ere bai, gimnasiora joaten hasten diren horiei ere bai. Kontura daitezela pilota esku-pilota baino askoz gehiago dela», azaldu zuen  Villabonako pilota elkarteko Iñaki Lizasok.

Erreferente bila hasteko, gainera, ez dute oso urrun joan behar izan. Herrian bertan sortua da Imanol Mujika, 80ko hamarkadan izan zen erremontista indartsuenetako bat. 1976. urtean egin zuen debuta billabonatarrak profesionaletan eta 18 urtez aritu zen. Inguruko jende asko eraman zuen orduan Mujikak frontoietara eta, gainera, ez da ahaztu behar errebotean ere aritu zela. Biak saski batekin jokatzen direnez, modalitate erabat bateragarriak direla eta elkar elika dezaketela uste du Lizasok.

“Erremontari” saioarekin bisitatuko dituzten herri gehienetan kirol honetara hurbiltzeko saioak egingo dituzte. Amezketan, esaterako, oso arrakastatsua izan zen eta gazteak izandako zenbait ere gerturatu ziren, baina Behar Zanak erakutsitako interes eta esperientziarekin indar berezi bat jarriko dute Villabonan, zenbait saski profesional klubaren esku utziz.

Profil berrien bila

Lehen saio horretan, bilatutako profilekoak baino gaztetxoagoak ziren gerturatutako gehienak, baita Hego Amerikatik Villabonara orain gutxi etorritako zenbait gaztetxo ere, baina datozen asteetarako helduxeagoak gerturatzea nahiko lukete; esaterako, etziko saioan nerabeak hurbiltzea nahi lukete. Horretarako, Endika Barrenetxea bera Aiztondo bailarako institutoetara joan da, gazteei kirol honen berri ematera.

Gazte horiek erakartzea izango da lehen erronka; bigarrena, erremontea probatu duen orok lehen egunean izan  duen «frustrazio» sentimendua gainditzea. «Erremontea oso zaila da eta hori da duen handicap handienetako bat. Bestea saskiak duen pisua da, azkenean ‘proiektil’ bat itzultzeko eskuan izan behar duzunak nahiko sendoa izan behar du minik ez hartzeko eta kurba on bat du. Baina behin lehen hilabetea pasata, engantxatu egiten du; pilota oso urrun hain indar gutxirekin bota ahal izatea sentsazio ikaragarria da. Arazoa da hilabete horretan lanean jarduteko pazientzia behar dela, batez ere gaur egungo gizartean, dena azkar eta lehenengoan ondo moldatzen garena nahi izaten dugu-eta».

Hernaniarrak ez du lehen eguneko ezin hori bizi izan ez duenik ezagutzen. «Azkarren egokitzen ikusi dudan pertsona Ariz Juanenea izan zen, 9 ordurekin gurekin entrenatzen hasteko modua egin zuen, nahiz eta nabaritzen zitzaion berria zela, baina bere lehen eguna ere desastre bat izan zen».

 

Beste modalitate gehienek inpaktu bat daukate; zesta puntan hartu eta bota egiten da eta horrek gauzak erraztu egiten ditu. Burmuinari erakustea saski guztia pasa behar duela eta gero norabidea eman, hor badago zerbait buruari kosta egiten ziona, datorren abiaduran gainera, baina behin ikasitakoan ikaragarri gozatzen da».

Saskien prezioek ere ez dute gehiegi laguntzen kirol honetara zaletzeko, baina horretan ere ari dira, umeentzat plastikozko saski txiki batzuk prestatzen, kopuru handitan ekoizteko moduan. Denborak esango du arrakasta zenbaterainokoa den, baina saiatu ez izanaren damurik ez zaie geratuko.